INFO
Elkarrizketa
Mikel Linacisoro
Eskalatzailea

«‘Iñi Ameriketan’ bidea hain azkar kateatzea ezusteko handia izan da»

Joan den astean, 25 urteko bergararrak Baltzolan dagoen marra mitiko hori sinatu zuen. Igoera horri esker, 9a mailan sartu da. Oro har, oso eraginkorra izan da; izan ere, soilik lau egun behar izan ditu arrakasta hori lortzeko.

Mikel Linacisorok ‘Iñi Ameriketan’ bidea kateatu berri du. (Aitziber Narbaiza @hyperaitz)

Mikel Linacisorok beste urrats garrantzitsu bat egin berri du bere ibilbidean. Nahiz eta hamarraldi bat zain egon behar izan duen, joan den astean 9a+ mailan sartzeko aukera izan zuen. Oso gustuko duen Baltzolako ‘Iñi Ameriketan’ bidea kateatu zuen. 2002an Rikar Otegik lehen igoera lortu zuenetik, bost dira Euskal Herriko marra mitiko hori biribildu dutenak: Patxi Usobiaga, Adam Ondra, Iban Larrion, Ainhize Belar eta Linacisoso bera.

‘Iñi Ameriketan’ kateatu eta gutxira, Instagramean aipatu zenuen txikitatik bide hori amets bat izan dela. Zergatik hori?

Historia duten ibilbideek erakartzen naute. ‘White Zombie’ probatzen hasi nintzenean, beti begiratzen nion eta neure buruari esan ere egunen batean helburu bezala hartu behar nuela. Rikarren (Otegi) sinadura darama, eta lehen errepikapena nire lagun min Patxik (Usobiaga) egin zuen. Historia handia du. Ondoren, Adam (Ondra) etorri zen; nire idoloa garai haietan! Ondrak ‘Il domani’ (9a) bistan egin zuen, eta gero ‘Iñi Ameriketan’ kateatu zuen hainbat ekinaldiren ostean. Ikusi nuen zer mugimendu dituen eta flipatu nuen! Xede hori gorpuzten joan zen, eta argi neukan bai ala bai probatu behar nuela.

Egun, sasoiko nago, baina errespetua jartzen du. Iragan Gabonetan lagun batzuekin joan nintzen Baltzolara, eta ‘Iñi Ameriketan’ probatu nuen. Saialdi onak izan ziren eta, gainera, ezustean, giltza den blokea gainditu nuen. Horrek asko motibatu zidan. Jarraitu nuen buru belarri, eta joan den astean erorikorik gabe heldu nintzen katera.

Historia duten ibilbideek erakartzen naute. ‘White Zombie’ probatzen hasi nintzenean, beti begiratzen nion eta neure buruari esan ere egunen batean helburu bezala hartu behar nuela

 

Hamar urte zeneramatzan 9a mailan txertatuta; hots, plus bat gehiago egin gabe.

Hala da. Baina oso balorazio ona egiten dut. Orain arte ez neukan 9a+ helburu bezala hartuta. Ez nuen nahi zentzurik gabe maila horri ekitea. ‘Iñi Ameriketan’-ekin asko motibatu nintzen. Plus bat gehiago izan da, eta poztasun handia hartu dut. Hemendik aurrera urrats gehiago egitea zaila da.

23 urte igaro dira Otegik lehen igoera egin zuenetik, eta ondoren soilik beste bost eskalatzailek erdietsi duzue arrakasta hori. Zer gertatu da «lehorte» horrekin?

Onartu behar da Euskal Herrian arroka ez dela oso ona. Baltzolan, adibidez, oso zaila da baldintza egokiak aurkitzea. Horretaz gain, blokeroa eta fisikoa da, eta horrek guztiak punch-a eskatzen du. Oro har, ezaugarri horiek ez dira erakargarriak eskalatzaileentzat. Indartsu bazaude eta zortea baduzu, bada arrakasta izan dezakezu. Munduko eskalatzaile sasoikoenak ez dira Euskal Herrira etortzen. Nahiago dute Herrialde Katalanetara joan. Eskalada eskola zehatz batean proiektu bat ez bazaie ateratzen, beti izaten dute alboan antzeko maila duena.

Jakin badakit oso indartsu zaudela, baina harritzen al zaitu ‘Iñi Ameriketan’ sinatzeko soilik lau eguneko ekinaldiak behar izateak?

Erabat. Halere, ez nuen batere argi. Lehen egunean blokeak dituen mugimenduak solte probatu nituen, eta emaitza ona izan nuen. Onartu behar dizut ez nuela buruan bide horretan arrakasta izatea. Bezperan, lagunekin afaltzen egon nintzen eta biharamunean ekinaldi batzuk egin nituen. Ondoren, Gorkarekin (Karapeto) itzuli nintzen, eta metodo errazago bat bilatu nuen. Tenerifera oporretara joan behar nintzen, eta hara joan aurretik etxeko lanak biribildu nahi nituen.

Presiorik gabe ekinaldi bat egiten hasi nintzen, eta dena primeran joan zen. Giltza den blokea gainditu eta urduritu egin nintzen. Baina goiko partea ondo egin eta kateatu nuen.

Oso sasoiko egoteaz gain, erabat eraginkorra izan zara. Joan den urtean San Cugateko CAR-en eginiko entrenamenduek eragin zuzena izan al dute?

Zalantzarik gabe, bai. Urte eta erdi horretan buru-belarri entrenatzen egon naiz. Azken hilabetean, ordea, ez, baina entrenamenduaren bolumena hor zegoen. ‘Iñi Ameriketan’-era oinarri oso-oso sendo batekin iritsi nintzen. Oso pozik nago entrenamendu prozesu horrekin eta oso eskertua ere.

Esan dugu oso indartsu zaudela, baina uste duzu ‘Iñi Ameriketan’ egiteak mentalki beste proiektu gogor batzuetarako ateak zabaltzeko aukera emango dizula?

Bai. Aipatu dudanez 9a+ mailari egundoko errespetua nion. Hots, 9a-tik gora egiteari. Ez da prozesu samurra izan; zeure burua indartu behar duzu eta esan behar diozu ere gai zarela zailtasun hori egiteko. Mundu bat zabaldu zait, eta bide batez pozoia sartu ere proiektu berriak probatzeko.

Siuranara joan nahi dut ‘La Rambla’ (9a+) probatzera. Beste bide ikoniko bat da, eta, beste marra historiko batzuk bezala, asko motibatzen nau. Nahiago dut ‘La Rambla’-n ekinaldiak egin ezezaguna den 9b mailako bat probatu baino.

Ez da prozesu samurra izan; zeure burua indartu behar duzu eta esan behar diozu ere gai zarela zailtasun hori egiteko. Mundu bat zabaldu zait, eta bide batez pozoia sartu ere proiektu berriak probatzeko

 

Helburuak aipatu dituzu arrokarako, baina ziur naiz lehia ez duzula alde batera utziko.

Arrazoi duzu. Martxoan eta apirilean Munduko Kopan lehiatzeko aukeratze prozesua izango da. Txartela eskuratu nahiko nuke nazioarteko hitzordu horietan egoteko. Baina beste ikuspegi batekin. Horrekin esan nahi dut ez dudala indar guztia lehietan jarriko; izan ere, arestian esan dudan bezala, harkaitzean 9a+ edo 9b probatu nahiko nuke. Eta horretarako topera egon behar da. Plus bat bezala hartuko ditut lehiak.