INFO

Isiltasun estrategikoa


Filmak estreinatzen diren egunerako kritikak prest izateko, kritikariok, edukiak aldez aurretik ikusi behar izaten ditugu. Horretarako, prentsa-emanaldiak antolatu ohi dituzte estreinaldiaren eguna baino lehen –nahiz eta Euskal Herrian, zoritxarrez, ez diren gehiegi egiten–, filmari buruzko testua idatzi eta zinema-aretoetara iristen den egunerako dena prest izateko. 

Ez da pelikula guztiekin egiten, baina oso ohikoak dira emanaldi hauek, irakurleari filmari buruzko lehenengo pistak emateko lagungarriak direlako. Ez da gauza bera gertatu ‘Torrente Presidente’ filmarekin. Santiago Segurak erabaki baitu lehenik publikoak ikusiko duela filma eta, ondoren, prentsak. Ez trailerrik, ez sinopsirik, ez bestelako informaziorik. Ezertxo ere ez. 

Seguraren erabakiak hautsak harrotu ditu kritika zinematografikoan eta kazetaritza kulturalean dihardugunon artean eta eztabaida piztu du: marketing jokaldi bikaina da ala titular deserosoak eta kritika txarrak saihesteko metodoa? Zaleei egindako erreberentzia zintzoa da, ala kritika gogorren aurrean egindako maniobra prebentiboa? 

Gaur egun ez dut uste kritikari baten iritzi txarrak film bat ikustea baldintzatu dezakeenik; hala ere, Seguraren erabakia iritzi negatiboen beldur den enpresari baten hautua besterik ez dela iruditzen zait, eta ez zaleei egindako oparia, berak adierazi bezala.