INFO

Kaosa piztuko duen onddo mutantea

COLD STORAGE (TURNO DE NOCHE)
AEB, 2026. 99’. Zuzend.: Jonny Campbell. Gidoia: David Koepp. Akt.: Joe Keery, Georgina Campbell, Liam Neeson, Lesley Manville. Musika: Mathieu Lamboley. Argaz.: Tony Slater Ling.

‘Cold Storage’ filmeko bi protagonista. ( Samuel Goldwyn Films)

Oso kutsakorra den onddo mutante batek ihes egin du zigilatutako instalazio batetik. Bi langile gaztek, bioterrorismoko agente beterano baten laguntzarekin, historiako gaueko txandarik zoroenari aurre egin beharko diote, gizateria desagertzetik salbatzeko. Bitartean, mikroorganismoak hedatzen jarraituko du, bidean dena suntsituz.

Filma Jonny Campbell-ek zuzendu du, eta gidoia David Koepp-ek idatzi du, ‘Carlito’s Way’, ‘Snake Eyes’, ‘Jurassic Park’ eta ‘Panic Room’ filmen gidoilaria. Gainera, Gavin Polone, ‘Zombieland’ filmaren ekoizlearen eskutik iritsi da proiektua. Joe Keery (‘Stranger Things’ telesail ezaguneko aktorea), Georgina Campbell (‘Barbarian’) eta Liam Neeson dira hirukote protagonista.

Generoko zinemarekiko pasioa eta pertsonaia errealistak sortzeko grina uztartuz, Polonek, Koeppek eta Campbellek «thriller preapokaliptiko» bat eraiki dute: efektu bisualak eta emozioak trebeziaz uztartzen dituen film dibertigarri eta beldurgarria. 
«David Koeppek gidoi ikaragarria idatzi du, eta aktore handiek lagundu dute proiektua zirraragarria izan dadin; une batzuetan beldurgarria da, eta oso dibertigarria ere bai», dio Liam Neesonek. «Primeran pasa dugu».

«Filmak dekoratu ikusgarriak, efektu bereziak, akzio handia eta komedia dosi nabarmenak ditu», azaldu du Joe Keery aktoreak. «Publikoa presta dadila, istorioak erritmo bizian egiten duelako aurrera, alderdi mikroskopikotik hasi eta ondorio globalak izan ditzaketen gertaeretaraino», gehitu du Jonny Campbell zuzendariak.