Plastikozko itsaso bat, icebergaren punta

Izugarrizko zabalpena izaten ari da National Geographicen aldizkariaren ekaineko alearen azala. «Planeta ala plastikoa?» galdera soil batekin iceberg itxura duen punta ageri da itsasoaz gaindi, plastiko boltsa soil bat da ordea. Urtero 8 milioi tona plastikok itsasoan amaitzen duela dakar txikiz idatzita «eta hau icebergaren punta besterik ez da...» gehitzen dio.

NAIZ+|2018/05/18 13:35

Kanpaina hasi du National Geographicek plastikoaren aurka eta norberari keinu bat egiteko proposamena egin dio. Eurek, aldizkaria plastikoan inguratuta zabaldu partez birziklatutako paperarekin egingo dutela aurreratu dute.

Ekaineko alean dosier zabal bat osatu dute plastikoak munduan duen eraginaren inguruan eta hainbat datu aurreratu dituzte, gomendio bati lotuta:

Bilioi bat plastikozko boltsa erabiltzen dira urtero munduan, proposamena beti boltsa berrerabilgarriak erabiltzekoa.

Minuturo edarien milioi bat plastikozko botila saltzen dira, «eraman zure botila berrerabilgarria».

Egunero milioika plastikozko lastotxo jaurtitzen ditugu, «ez erabili lastotxorik, gehienean ez duzu halakorik behar».

8 milioi tona zaborrek itsasoan amaitzen dute urtero, «zure zaborra behar bezala bota eta jaso ahal duzuna».

Plastikozko irlak... eta kontinenteak

Ale bereziaren harira azken hilabete eta urteetan argitaratutako hainbat artikulu berreskuratu dituzte, gainera. Henderson irlari dagokiona, adibidez. Bertan inor bizi ez den arren munduan zabor dentsitate handiena duen irla da. Kontinentetik urruti dago oso, baina itsasoak bertan biltzen ditu gizakiak botatako plastikoak:

Maiz aipatu direnak itsasoan sortu ohi diren plastiko kontinenteak dira. Ipar Pazifikokoa da ziur aski ezagunena, handiena ere bera delako. Badira, gutxienez, antzeko arrazoiengatik sortutako bost puntu, itsasoaren korronteen eraginez. 'Septieme continent' frantziar proiektua da hauek aztertzen ari denetako bat.

Euren webunean (septiemecontinent.com ) topatuko duzue egiten ari diren lanaren inguruko informazio guztia: ekimenak, egindako espedizioetatik abiatutako dokumentalak, bideo zehatzak...

HERRI INFORMAZIOA