Iurretan lehen aldiz neska-mutilek osatutako dantzari taldea irten da plazara

Emozioz gainezka hartu zuen Iurretako plazak lehen dantzari-dantza parekidea. Sareetan ere oihartzuna izan du ikuskizunak.

NAIZ+|2018/10/02 08:42
Loading player...

Iurretan neska-mutilek osatutako belaunaldi berriak dantzatu du dantzari-dantza aurtengo San Migel egunean. Orain arte, tradizioak aginduta, gizonek bakarrik dantza zezaketen dantzari-dantza, haatik belaunaldi aldaketarekin batera, genero bereizketarik gabeko ikuskizuna etorri da.

Iurretako plazan, txalo artean jaso zuen herriak tradizioren aldaketa. Emozioz betetako malkoren bat ere suma zitekeen, bai dantzarien eta baita publikoan zeuden emakume batzuen aurpegietan.

Aldaketa sasoia bizi du dantza munduak eta Iurretako Mikel Deuna dantza taldean aritzen diren neskei, mutilei bezalaxe, hasiera hasieratik erakutsi diete dantzari-dantzako pausoak. San Migel egunean lehenengo aldiz dantzatu dute arren, aurretik Bakixa eta Oromiño auzoetan eta Bilboko dantzari egunean eta Bilboko jaietan atera dira plazara.

Oraingoan, ordea, euren herrian eman dute urratsa eta sareetan ere oihartzuna izan du dantzari-dantza parekideak.

* Albistean ageri den bideoa @julenor-ek partekatu du Twitterren.