naiz

‘564’ abestiak elkartasunez josiko ditu Gabonak

Hertzainaken ’564’ abestiaren baitan piztu den #246OheHuts ekimenari gero eta musikari gehiago ari zaizkio batzen. Helburua espetxeetara elkartasuna helaraztea da. Euskal Herriko musikari ezberdinek abestia hainbat herriko plazatan zabalduko dute egun hauetan.

Gatibu taldeko Haimar Arejita Gernikan izanen da Eñaut Elorrietarekin batera.
Gatibu taldeko Haimar Arejita Gernikan izanen da Eñaut Elorrietarekin batera.

Hertzainak taldeak ‘Amets Prefabrikatuak’ diskoan ‘564’ kaleratu eta 30 urtera, lanaren letra gaur egunaren isla ere bada. «Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde», Otxandioko plazan, abenduaren 24an, arituko zirela iragarri zuen Josu Zabalak eta herritarrei gerturatzeko deia egin zien, «kanta hau behingoz historiara» pasatzeko desioarekin. Haren atzetik, beste musikari asko batu dira ekimenera.

Egun berean, 13.00etan, Nahiak Nahi taldea Burlatako Eliza plazan izanen da. Helburu berarekin, Maider Zabalegi Oiartzungo plazan egongo da. Eta Eñaut Elorrietak eta Haimar Arejitak, berriz, Gernikako Merkurion bilduko dute elkartasuna 19.00etatik aurrera.

Jurgi Ekiza, Patxi Amulet eta Xabi Etcheberry, gabon gauean bertan, Baionako Patxa plazan egongo dira 18.00etan. Ordu horretan ere, Larresoroko pilota plazan arituko da Aguxtin Alkhat. Era berean, Su Ta Gar taldeko Xabi Bastidak eta Aitor Gorosabelek Eibarreko Depor parera eramanen dute ekimena 18.30ean. La Jodedera taldeko Mandi Trigueros, berriz, Tolosako Trianguloan izanen da 19.10ean. 19.30ean, Beasaingo Zubimusu plazan, Aitor Furundarenak gidatuko du ekimena. Elgoibarko plazan, Jon Gurrutxaga eta Ehun Kilo taldeko Jon Zabala arituko dira, 20.00etan.

Estitxu Pinatxok, berriz, beratarrekin eta beste musikari batzuekin batera kantatuko du hilaren 28an, 17.00etan, nafar herriko Altzateko plazan.

Zazkel taldeko Etxahun Arregi, Zea Mayseko Aiora Renteria eta Pitik lagunduta, abenduaren 30ean, 19.30ean, Bilboko Plaza Berrian izango da ekimenarekin bat eginez.

Liher taldeak, era berean, hilaren 31an joko du abestia Pasai Donibaneko plazan eta Keu Agirretxeak gauza bera eginen du Ondarroako alde zaharrean. Asier Bidegain trikitilaria, berriz, Ordiziako Herriko plazan izanen da 19.30ean. Ordu erdi beranduago, 20.00etan, Latzen taldeko abeslari zen Aitor Uriartek gidatuko du ekimena Oñatiko San Anton plazan. Gauza bera eginen du A Tuti Plain taldeak Soraluzen.

Abeslariez gain, bestelako herritarrak ere batu dira ekimenera. Eta herri ugaritan egin dute kantatzeko deialdia. @ohe_hutsak kontuan bildu dituzte guztiak.