Urkulluren euskarazko txio baten «ondoren eta ondorioz», trufa eta haserrea sareetan

Duela hilabete Zaldibarko zabortegian luizia izan zenetik, Iñigo Urkulluk hitz egin duen bakoitzean hautsak harrotu ditu. Azkena, Twitterren gaiaren inguruko euskarazko txio bat idazteko, antza, sareko itzultzaileren bat erabili eta mezu ulergaitza zabaldu ostean.

naiz|2020/03/09
Urkullu
Iñigo Urkullu, artxiboko irudian. (Endika PORTILLO/FOKU)

Zaldibarko zabortegiaren kasuaren inguruan mezu hutsalak eta kontraesankorrak zabaltzea leporatu zaie, behin baino gehiagotan, Iñigo Urkulluri eta Lakuako Gobernuari. Orain, baina, muga guztiak gainditu ditu lehendakariak, sare sozialetan euskarazko txio argiezin bat plazaratu ostean: «Bihar, bai Ministeritza eta beste Erkidego Autonomoetakoekin hartu beharreko neurri berrietaz diren -eta adostuta hartuak izango liratekenak- solaskidetzen ondoren eta ondorioz, berriz batzartuko da Batzorde Eragilea».

Antza, sareko itzultzaile bat erabili du EAEko lehendakariak minutu gutxi beranduago gazteleraz zabaldu duen mezu bera euskaraz argitaratzeko.

Halakoetan gertatu ohi den gisara, erantzunak berehalakoak izaten ari dira. Batzuek umorea eta burla erabili dute, beste batzuetan haserrea gailendu eta errespetu falta salatu duten bitartean.

 

Euskaltegian izena emateko gonbita ere egin diote lehendakariari.

Lehendakariak euskaraz gisa honetako mezuak zabaltzea gauza serioa dela gogoratu duenik ere izan da.