Eztabaidan
Icon-debate

 

¿Para qué una televisión pública?
Hace ya más de 35 años que se creó la televisión pública vasca. Durante este periodo se han producido profundas transformaciones sociales pero EiTB apenas ha cambiado. El nuevo contexto tecnológico, económico y social exige una reflexión sobre el sentido y el futuro de la televisión pública.
Euskal telebista publikoaz: ETB
Eguneratua 2019/04/11 19:07
Rosa Miren Pagola Hizkuntzalaria

Guztien adostasunez xedatzen dira telebista publikoaren balioak: askea izatea, kalitatekoa, abangoardista, zerbitzu onekoa, interferentzia politikorik gabekoa, besteak beste. Esan daiteke, bestalde, erakunde publikoekin duten konpromisoa dela bide, hurbileko jarraipena egiten zaiela eta aipaturiko balioak agerraldietan bermatzeko aukera izaten dutela. Hori horrela izanik ere, telebista publikoek dituzten mendekotasunak telebista pribatuenak baino hagitz ere handiagoak dira, publikoa izateak berak edozeini aukera ematen baitio iritzia askatasun osoz emateko. Eta ez naiz edozein hedabideren programazioak beharrezko duen kritika profesionalaz ari. Denen bistakoa da telebista publiko guztiek, bai estatalek nola autonomikoek, oposizioan dauden alderdi politikoen eta beste kolektibo zenbaiten etengabeko kritikak jasotzen dituztela. Eta eskubide osoa duten arren, zenbat aldiz inpartzialtasun falta ez duten agertzen, agintzen dagoen alderdiaren mesedetan jokatzen dutela esanez.

Beste perspektiba batetik aipagarriak dira zenbait maiseatzailek egiten dituzten kritikak: telebista publiko batek beharko lukeen kalitaterik eza, gaurkotze falta, eta abar. Esango nuke ezaugarri nagusi bat agertzen dutela kritika gehienek: orokorrak izaten direla, esan nahi baita, froga datu objektiborik gabeak eta egiten den lanaren ezagutza beharra eta okerrenean faltsutasuna besterik ez. Esaterako, Kataluniako TV3 batzuentzat aurreratuena eta eredugarriena omen da; beste batzuentzat aldiz, telebista publikoetan ematen diren eztabaiden epizentroa baino ez da, eta ez diote ezer onik aitortzen. Kuriosoa da, telebisten ebaluazioak egitean, nola, ikuspegien arabera, manipulatu daitezkeen teorian adierazle inpartzial direnak. Horra hor, neurri batean, telebista publikoen ahulezia eta horien kudeatzaileentzat arazo bat, ez txikiena: duen gaitasunik ederrena, herritar guztientzat komunikaziorako eta formakuntzarako tresna paregabea, alegia, manipulatu nahi izatea.  

Bestalde, telebista publikoen, bereziki autonomikoen erronkak handiak dira. Azken urte hauetako diru sarrera gutxituekin, nola egin ondo babestuak dauden Europako beste telebisten mailan jartzeko? Kalitate oneko programak ekoitzi, egungo ikus-entzunezko eskariek behar dituzten edukietara egokitu, plataforma digitaletara moldatu, audientzia maila ezberdinei kalitate bermatuaz erantzun, 2020rako datorren Bigarren Dibidendu Digitala hedatzeko prozesua zabaldu. Gurera lotuz, egia al da, esaten den bezala, ETB sortu zenetik ez dela ia ezer aldatu eta ez diela erronka teknologikoei behar bezala erantzuten? ETBko web orrian dagoen 2013-2016ko Plan Estrategikoaren memorian aitortzen denez, krisialdi garaian egon ziren aurrekontu murrizketek ez zuten erraztu ordezkapenak betetzea eta inbertsio berriak egitea. Hala ere, 2013tik gaur arte geldialdiari aurre eginez, berrikuntza estrategikoen plangintza inguruan egin diren urratsak sendoak eta ugariak izan dira. Eredugarria da erakunde guztiek, irratiak barne, nola erantzun dioten aurretik hartutako eskaintza informatibo multimedia egiteko konpromisoari. Edonola ere, ETB zein lanetan ari den eta norantz jotzen duen jakin nahi duenak, aipatutako web orrian dagoen “Lerro Estrategikoak eta Proiektuak 2017-2020” dokumentua ikus dezake. Bertan, Euskal Telebistaren eginkizuna, ikuspegia, balioak, ildo estrategikoak eta abian dituen proiektuak aurkituko ditu.

Euskaldunok ez dugu ahazteko, 1982an, ETBren sorketak eragin zuen poz eta ilusioa. Estatuan sortu zen lehenengo telebista autonomiko hark eskaintzen zuen programazio guztia euskaraz jarraitzea lorpen izugarritzat hartu genuen. Izan ere, Sorrera Legean ezarritako xede nagusi bati erantzuten zion: euskararen sustapena eta zabalkundea. Hala ere, hemengo errealitate soziolinguistikoa konplexua izaki eta gizarte osoaren premiei erantzun behar izan zien. Lau urteren buruan ETB1 deitzera pasatu zen eta herritarren kopuru handi bati erantzuteko gazteleraz emititzen zuen ETB2 kanal berria sortu zen. Geroztik agertu dira ETB3 eta ETB4, onlineko EiTB nahieran, ETBSat, eta, eskaintza eta banaketa kanalen zerbitzuen aldetik, besteak beste, TDT eta HbbTV, beste lurraldeetan ere ikusteko aukera eskainiz.

ETBk duen erantzukizun nagusienetakoa euskarari dagokiona da. Azken Planaren diseinuan, gizartea, batez ere 45 urtetik beherakoa, gehienbat elebiduna dela kontuan hartu du. Horri erantzuteko formulaturik duen ildo estrategikoa garbia da: euskarazko audientzia indartu eta euskararen gizarte prestigioa eta erabilera sendotu. Hortik bideratzen du jarduera nagusia publiko berrietara iristeko eskaintza erakargarria landuz eta, bide batez, modu naturalean, euskarari lekua eginez.

Bestalde, EiTBko komunikazio sare osoan, toki faltaz, banaka aipatzerik ez dagoen hainbat ekintza aurrera eraman ditu. ETB1 kanalari dagokionez, eskaintza osoa lehenetsi zen eta albistegi eta saioentzako aurrekontua handitu zitzaion. Emaitzak, audientziaren ikuspuntutik, txarrak izan ez badira ere, igoera ez da nahi litzatekeena. EiTB erakundea hobetzeko eta gaurkotzeko asmoz, Eusko Legebiltzarrak sortutako komisioa lanean dabil. Ziur nago, euskararen arloa indartzeko eta bide berriei ateak zabaltzeko erabakiak zuhurtziaz proposatuko direla.

Gizarteak hizkuntzarekiko duen jarrera oso setatsua izaten da. Hizkuntzaren giza psikologiak duen konplexutasuna adierazle bikaina da ohartzeko zein zaila den biztanleek beren inguruko hizkuntzei ematen dizkieten erantzun emozionalak eta intelektualak aldatzea. Euskaraldiari buruzko ondorioek, hein txiki batean, hurbildu gaituzte errealitate horretara. Erronka EiTB eta, batez ere, ETB1ena da, noski. Baina ETB1ek berak bakarrik ezer gutxi lortu ahal izango du gizartea bera aldatzen ez den bitartean. Batez ere, biztanleria guztiaren euskaraz dakiten bi heren horiek, elkarlanaren ondorioz, euskararen aldeko engaiamendua hartzen ez duten neurrian. Hizkuntzaren erregistroa ordezkatzea eta erabilera gehitzea lortzen denean, ETB1 behar duen eta nahi dugun mailan jarriko da.

Baina ETB1ek berak bakarrik ezer gutxi lortu ahal izango du gizartea bera aldatzen ez den bitartean. Batez ere, biztanleria guztiaren euskaraz dakiten bi heren horiek