Haien desadostasuna Bordalen adierazi dute
2018/07/04

Goizean goiz atera dira autobusak, uztailaren 4 honetan. Baionan zuten hitzordua eta Bordale helburua. Goiz bukaeran, heltzean, tentsio uneekin hartu dituzte Errektoretza ondoan zai ziren poliziek. Zortzi bat pertsonek haien eskuak kate batekin lotu dituzte, eraikineko sarbidea trabatzeko gisan. Arratsalde hasieran bukatu da ekimena, baina auzia ez, Ipar Euskal Herriko parlamentariek ere eman baitiote segida Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoen aldarrikapenari. Vincent Bru diputatuak eta Max Brisson senatariak asaldaturik agertu dira sare sozialetan. Azken honek Jean-Michel Blanquer Hezkuntza Ministroari bere kezka adierazi dio zuzenean.