NAIZ.INFO
DONOSTIA

Etxaide: «Aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borrokan aldi berria ireki dugu»

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi du maiatzaren 30eko greba eguna «eredu berri baten aldeko borrokaren» aldeko erakustaldia izan zela. Protestan parte hartu zutenei dei egin die Gutun Soziala eratzeko emango diren urratsak adosteko izango diren eztabaidetan parte hartzeko.

Donostiako egoitzan eskainitako prentsaurrekoan, Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika LAB sindikatuko buruzagiek iragan ostegunean, maiatzak 30, izandako greba orokorraren inguruko balorazio positiboa egin dute, «eredu berri baten aldeko borrokaren» erakustaldia izan zela argudiatuta.

Etxaidek zehaztu duenez, 2009ko grebak irekitako bidean urrats berri bat izan zen maiatzaren 30eko greba orokorra, krisialdia eragin zuten politiken eta krisialdia aberasteko baliatu nahi dutenen aurrean modu kolektiboan borroka egiteko dagoen borondatea erakutsi duelako.

LABen idazkari nagusiak adierazi duenez, «aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borrokan aldi berri bat» ireki da, eta horren adibide «argiena eta garrantzitsuena» Gutun Soziala eratzeko martxan jarritako dinamika dela gaineratu du. 

Bide horretan, grebara atera ziren guztiei dei egin die Etxaidek, emango diren urratsak adosteko izango diren eztabaidetan parte hartzeko.

«Herri eztabaida aktibatzea, antolatzea, herri ekimen sendoa bilakatzea da helburua», azaldu du.

EAJ-PSE

Beste alde batetik, «herri akordio» baten bila EAJk eta PSEk eginiko batzarrari buruz galdetuta, Etxaidek salatu du bi alderdion arteko hitzarmen batek «gizarteak eskatzen duenari iruzur egitea» litzatekeela.

«EAJk amore eman du erabakitzeko eskubidean, eta PSEk porrot egin du ezkerreko politiketan; baten porrotaren eta bestearen amore emateko jarreratik sortzen den akordioak ez du ekarriko herrialde honek merezi duen irtenbidea», nabarmendu du.