Ana Isabel Vega (Argazkiak: Gonzalo Azumendi)

Naoshima, Guggenheim efektua japoniar erara

Japoniako barne itsasoan, arrantzale etxe zaharren artean, artea natura joriaren parte bihurtu da. Naoshima orain 60 urte erabat aldatu zen, «Guggenheim efektua japoniar erara» bizitzeko. Ez da toki ezaguna, eta ez dago Japonian bisitatu beharreko ezinbesteko tokien artean, baina gune onirikoa da.

Honmurako portua.
Honmurako portua.

Naoshima Setoko Barne Itsasoan dagoen uharte txiki bat da. Ozeano Barea Japoniako itsasoarekin konektatzen duen itsaso hau zipriztintzen duten 3.000 uharteetako bat da. Osakatik iritsiko gara bertara. 45 minutuko bidaia egingo dugu bala-trenean eta Okayaman geldituko gara. Handik itsasoz beste 15 minutu egingo ditugu uharteraino iristeko. Miyanomako portuan lehorreratzean, kalabaza gorri izugarri handi batek egin digu harrera.

Ez, ez gara Marierrauskinen ipuinean sartzen ari; eskultura bat eta ikono bat da aldi berean. Eta uharte honen sinboloa da, non itsasbazterrean kalabaza itzelak hazten diren, museoak hotelak diren eta lurpean dauden, eta askatasunaren estatua etxe desegituratu baten barnean sartu den...  Naoshiman gaude, artearen uhartean. Bere azalera txikian, bederatzi kilometro koadro baino gutxiagokoan, 20 erakusketa eta museo baino gehiago ditu, eta han eta hemen banatuta dauden artelan ugari.

Yayoi Kusamaren kalabaza hustua

Lehen proposamena Yayoi Kusamaren kalabaza hustu hau da; 19 metro ditu eta artistaren obra handiena da; bere orban beltz handietako batzuk moztu eta ate eta leiho bihurtu dituzte eta horietatik kanpora begiratuz bestelako argazki bat lor daiteke.

Naoshima arrantzatik eta itsasoko gatza ateratzetik bizi zen, arrantza-industriaren krisia gertatu eta ahanzturan erori zen arte. Beste edozein uharte bezalakoa zen, anonimoa, harik eta artista talde batek toki bakana, artearen paradisu, bihurtu nahi izan zuen arte, eta hala hasi zen bere berpizkundea.

Ez zaigu arrotza bilakaera hori; japoniar erako ‘Guggenheim efektua’ lehen erakusketekin hasi zen eta Benesse proiektuarekin finkatu zen, XX. mendearen amaieran. Proiektu horrek markatu zuen uhartearen patua behin betiko. Bere bultzatzaile nagusia Yetsuhiko Fukutake izan zen, argitaletxe inperio baten presidentea, zeinak amets honetan sinetsi zuen eta errealitate transformatzaile bihurtu arte babestu zuen.

Gaur egun, artea eta natura orekatuta uztartzen dira uharte lasai eta zen honetan. Horren adibide da Benesse House Museum, aldi berean museoa eta hotela dena, Tadao Andok diseinatua. Eraikina babesleku natural batean dago, badia txiki batean kokatuta. Lorategietan eskulturak daude eta barnean korridore eta aretoetan koadro eta argazkiak erakusten dituzte.

Benetan esperientzia bitxia da horien artean paseatzea gauean ondo sartuta gaudela, bertako japoniar goi sukaldaritzako jatetxean afaldu ondoren. Egun berriarekin, argiz inguratuta, itsasoari begira eta basoz inguratuta dagoen espazio beiraztatuan gosalduko dugu. Gaua bertan igarotzearen truke ordaindutako 300 euroak ondo ordainduta daudela uste dugu orain. Are gehiago, jakinda hemen bertan, itsaso gaineko pasabide batean, artista beraren beste kalabaza bat dugula zain, baina horia eta orbanekin... eskultura bikain hau, bisitariek gehien irrikatzen eta besarkatzen dutena, Naoshimako ikur eta ikono bihurtu da. Ageriko magnetismoa du eta uretan islatuta dir-dir egiten du.

Arkitektura, artea eta natura

Hotelak bere doako autobusa dauka. Egonaldia amortizatzeko gogoz eta apur bat Vip sentitzen garenez, Chichu Art Museum-eraino hartu dugu. Hau ere Tadao Andok diseinatu zuen. Arkitektura, artea eta natura uztartzeko konpromisoarekiko leial jokatuz, paisaia ez eraldatzeko lurpean eraikita dago, kokaturik dagoen muinoa batere aldatu gabe mantentzearren.

Harrigarriro, barneko argia naturala da eta bere bilakaerak aldaketa dramatikoak eta sentsazio desberdinak eragiten ditu orduaren eta egunaren argitasunaren arabera. Eta horrela Walter de Mariaren esfera kolosal bat badirudi mugitu egiten dela hodei baten itzalarekin eta James Turrell-en argi jokoek eguzkia mugitzean dir-dir egiten dutela ematen du.

Carrarako marmolezko zorua duen areto ikusgarrian oinutsik, Claude Monet-en (Paris, 1840 Eure, 1926) nenufarren margolanak ikusi ostean, kanpora itzuli gara bertako ‘Uraren lorategiaz’ gozatzera, bere lore naturalekin, eta maisu handiaren margolanetan inspiratua... Argazkiak egiteko aukera ona; izan ere, museoetako toki gutxi batzuetan baino ezin dira egin, akaso nork bere buruarekin errazago konekta dezan lortzeko.

Paseo motz batek hurbildu gaitu Lee Ufan Museumera, korear artistari berariaz eskainitakora. Bere diseinuak, Andorekin elkarlanean, bere margolanak, harri egiturak eta altzairu xaflak biltzen ditu, ia esku hartzerik gabe espazioetan integratzen direnak.  Ordena eta lasaitasun oso japoniarra, hasiera batean ‘kolpea’ ematen diguna, harik eta horrekin guztiarekin bat egitea lortzen dugun arte.

Artean barrena kalerik kale

Hain esperientzia introspektiboen ondotik, bisitariak beharbada zalaparta apur baten falta sumatuko du. Honmura-ra, herrigunera, hurbiltzeko momentu ona da. Bertako portuan gabiltzala, olagarroek atentzioa eman digute; era tradizionalean eguzkitan lehortzeko jarrita daude. Beren pertxetan zintzilikatuta, sei hankako alienak dirudite besoak eguzkitara zabalduta dituztela. Atzean, bizikletentzako parkingak, hodei batean inspiratutakoak, martetar izakiren baten arrautza multzoa dirudi. Elkarrekin, olagarroek eta parkingak, edonor aztoratzeko moduko fikzio artistikoa osatzen dute.

Mundua beste era batean ikusten hasi gara. Badirudi artearen begirada barneratu dugula... eta Konichiwa kafetegitik, edota kaleetan gabiltzala, etxe eta lokal komertzial ugari arte mugimendu honetan sartuta daudela ikusten dugu, bakoitzak berea apaindu eta berezko izaera ematen diolarik. Badira hippyagoak, naif samarrak, pop estilokoak, samurai espiritua duten beste batzuk...

Honmurak ere bete-betean parte hartzen du Benesse proiektuan. Abandonatuta zeuden zazpi etxe-bizitza tradizional berreskuratzen hasi ziren 1998an, Art House Proyect delakoan. Artistak etxe horiek erreskatatzeaz arduratzen ziren, publikoari irekitako sorkuntza espazio bihurtzeko, betiere eraikin hauen arima zaintzen saiatuz.

Hamar bat dolarreko sarrera erosita, arteak berreskuratutako toki horiek ezagutzeko ibilbideari ekin diogu. Azalpenen mapari jarraituz, espero gabeko txoko eta kalexketara garamatzan jokoan sartu gara, eguneroko bizitza sentituz eta bertako biztanleekin interakzioan.

Art House Proyect

Eta horrela, Art House Proyect egunez egun garatzen ari da, eta aldi berean komunitatea berarekin batera eraldatu eta hazten da. Hau agerikoagoa da dentistaren etxe zaharrean sartzean, zeina guztiz abandonatuta egon ondoren berpiztu egin den eta barruan askatasunaren estatua erraldoia hartzen duen, eraikinaren bi solairu okupatuz.

Finagoa da The Naoshima Plan The Water etxea, H. Sambuichi arkitektoak zaharberritua, uraren, haizearen eta argiaren sentsazioak transmititzeko asmoz. Guztiz bestelakoa da Naoshima Bath ‘I love you’ delakoa, askoz eraikin zoroagoa, eta honek ere ura du motibo nagusi.

Kanpoaldetik ezusteko inpresioa eragiten du: «bekatuaren tenplu» batera sartzera gindoazela uste genuen, burdel kitsch antzeko batera, baina S. Ohtake-k sortutako bainuetxe-instalazio honetan bisitariok artistaren unibertsoa islatzen duten ehunka artelan eta detaileren artean benetako bainua hartuko dugu.

Tatuajeak dituztenek eguna bukatzeko aukera bikain hori aprobetxatu beharko dute; izan ere, onsen-etan (zentro termalak) ez dute uzten tatuajeak dituen jendea sartzen, tradizionalki jakuza japoniar mafiarekin lotzen baitira horiek.

Naoshima agurtu aurretik Ando museoa bisitatu beharra dago. Ehun urtetik gorako etxe tradizional honek batzen du uhartearen eraldaketa gauzatu zuen egile Tadeo Andoren obra. Argi eta itzalekin jolasten da, egur eta hormigoiarekin, iragan eta orainaldiarekin. Bere ate aurrean, Gokurako-ji-ren tenplu budista arte garaikideko espazio hauekin guztiekin elkarbizitzan dago, tradizioa zainduz.

Ferrya hartzeko garaia da, akaso Teshima eta Inujima uharte hurbiletara gerturatzeko, zeintzuetan Benesse Proiektuak jarraitzen duen... eta ontzia Naoshimatik urruntzen den bitartean, ideia bikain bat dabilkit buruan: Txakolinaren museo bat Izaro uhartean? Tartean ardoa egonik, lehen teila botatzeko ilara luzeak egongo lirateke.