Testua: Roge BLASCO Argazkiak:Martin IBARROLA eta Oihan BLASCO
Entrevue
Martin Ibarrola
Idazlea

Martin Ibarrola: «Gizakiaren behe instintu guztiak bat datoz urrearen bilaketarekin»

Martin Ibarrolak abenturen kronikari gisa estreinako liburua argitaratu du: ‘La selva herida’ (Oihan zauritua). Miguel Gutierrez Garitano esploratzaile arabarrarekin batera Peruko Amazonian egindako bidaia deskribatzen du. Aitzakia zen Juan Alvarez de Maldonadori jarraitzea, XVI. mendearen erdialdean Paititi erresuma mitikoaren bila joan baitzen; zenbait kondairaren arabera, toki hartan babestu ziren azken inkak, konkistatzaile espainiarrak iritsi zirelarik. Altxor ezkutuen urrezko lurralde bat.

Martinek eta Miguelek aurrekontu mugatuarekin bidaiatu zuten, eta kayak puzgarri pare bat baino ezin izan zituzten eskuratu. Kayak horiekin Jainkoaren Ama ibai menderaezinean arraunean egiteko prestatu ziren. Mashco piro komunitate indigenara hurbiltzeko asmoa zuten, planetako azken etnia isolatuetako batera. Hurrengo etapak meatze korridorean sartzera eraman zituen, legez kanpoko urre ustiapenaren gainean dokumentatzeko. Gizartearen degradazio ekologikoaren lekukoak izan ziren: legerik eta justiziarik gabeko herriak. Hirugarren eta azken faseak antzinako hondakinak aurkitzea zuen helburu, Peru, Bolivia eta Brasilgo muga hirukoitzarekin muga egiten duen oihanean. Beren ahaleginean galdu egin ziren oihanean: beroak, ur faltak eta jaguar baten presentziak harrapatuta geratu ziren. 

M.I.

Martinek ‘La selva herida’ liburuaren lehen orrialdean adierazi duenez, irakurleak edertasun, abentura eta hondameneko istorio batekin topo egingo du.

Peru hegoaldeko oihan zauritu horri buruz hitz egiteko, Martin Ibarrolak Oma bailaran dagoen familiako baserrira eraman gaitu. Handik, bere leku kutunenetako batera igo gara, Koba Ederrera. Espeleologia maite du, eta kobazuloak dira bere aterpe kutunak.

Goiz eguzkitsua, landare giro gozoa, isiltasunez betea. Oso aproposa Martin Ibarrolak “La selva herida” lanaren nondik norakoak konta ditzan.

Zergatik ekarri gaituzu Koba Ederraren atarira elkarrizketa hau egiteko?

Gustura asko egoten da hemen.

Halaxe da. Bai paraje berezia! Zure haurtzaroaren parte al da?

Haurtzaroa, gaztaroa eta oraina. Hona etortzen naiz kanpoan lo egitera, baita hotz polarra egiten duenean ere. Kobazulo barrutik euria ikusten duzun aterpe bat da. Niretzat paradisuaren pareko lekua da. Luxu bat.

Gogo baduzu, Omako haranetik Peruko Amazoniara joango gara, Manuko parke nazionaleko oihan tropikaletan zehar sigi-saga dabilen Jainkoaren Ama ibaira. Nola antolatzen da espedizio bat Paititi hiri mitikora eta legez kanpoko meatzeetara?

Miguel Gutierrez Garitano obsesionatuta zegoen Juan Alvarez de Maldonado konkistatzailearekin. Bera izan zen Paititi erresumatik berriak ekarri zituen lehenengoetako bat. El Doradoren estiloko erresuma mitologiko moduko bat zen, baina Peruko isurialdean. Inkak altxorrekin babestu omen ziren espainiarren iritsieratik ihesi. Migueli benetan interesatzen zitzaiona alde historikoa zen, mitoa nola sortzen den, eta Maldonadoren espedizio haren tankerakoa egitea. Erakargarria egin zitzaidan proposamena, eta esan nion: “Zurekin joan nahi dut!”. Gainera, bidaia perfektua iruditzen zitzaidan, poliki-poliki joatea zelako asmoa, niri gustatzen zaidan bezala, inguruak eta arazoak ezagutzeko eta erreportajeak idazteko aukera ematen baitit. Eta Miguelek erantzun zidan: “Primeran”. Beste batzuei ez zitzaien ideia interesatu, kayakean arraun egin behar zelako.

 

M.I.

Bi kayak puzgarri erosi zenituzten. “La selva herida” liburuan idazten duzunez, Atalaya herriko agure batek -handik abiatu baitzineten-, Jainkoaren Ama ibaian gora zoaztela ohartzean, augurio zorigaiztokoa botatzen du ozenki: “Baltsa horietan hildako baten kaxa kabitzen da”. Ez ote zen oso arriskutsua halako ontzi hauskorretan arraun egitea ur-laster hain bizietan eta goitik behera zetozen enborren artean?

Hangoek ondo ezagutzen zuten ibaia. Bazekiten zer esaten zuten. Baina eguraldiarekin zorte handia izan genuen. Eguraldi oneko leiho eder bat zabaldu zen. Zenbait egunen ostean, ibaia utzi genuenean, hodei tximistadunak ikusi genituen urrutian, eta euria hasi zuen uholdeka. Ordu gutxiren buruan ur-emariak enborrak zekartzan. Imajinatu Amazoniaren indarra, kayak puzgarri batzuen aurrean. Zortea izan genuen. Gero, saldu egin genituen kayak haiek, ez baitzegoen kondizio horietan segitzerik.

Baina lehenago ibai ondoko komunitate indigenak bisitatu zenituzten.

Mashco piroen lurraldea inguratu genuen. Asko interesatzen zitzaizkidan, aztertu beharreko fenomeno antropologikoa delako, oso isolatuta daudelako eta, hala ere, teknologizatutako munduarekin bat egiten hasi diren beste komunitate indigena batzuekin muga egiten dutelako. Hizkuntza ahaztu bat hitz egiten dute, biluzik doazen, baina, beste alde batetik, aihotzak, arropa eta beste objektu garaikide batzuk desiratzen hasten diren izaki batzuen arteko talka-leku batean geunden. Kontaktu hori nola kudeatzen den, horrek erakartzen ninduen.

Oraintxe bertan Peruko agintariek kontakturik gabeko politika egiten dute. Baina indigenak eurak dira oihanetik irteten ari direnak. Dilema oso konplexua da, eta egoki ekiteko zaila. Gu joan ginen garaian, hiru pertsona hil zituzten geziz.

M.I.

Zoragarria da Paititi, Amazonia liluragarrian. Eta Jainkoaren Ama ibaia, eta Juan Alvarez de Maldonadoren istorioa. Baina errealitate gordin batekin topo egin zenuten: meatze-hiriekin. Paradisutik infernura pasatzea bezalakoa al da?

Miguel Gutierrez Garitanoren espediziotik gehien erakartzen ninduena zen ibilbideak geografikoki bat egiten zuela gatazka ugarirekin, eta denak ziren zirraragarriak. Hau da, eskualde berean komunitate indigenak eta modernitateak talka egiten dute: oihan birjinako azken zirrikituetan ikertzen duten zientzialariak, meatze-herrietako ohitura basatiak, ustelkeria, pertsonen salerosketa, basoen soiltze eta ustiatzea.

Nolakoa izan zen Boca Colorado meatze-hirira egindako bisita? Zer pertsonaia mota babesten dira leku horretan?

Prostitutek bezeroak eramaten zituzten aterpetxe batean lo egin genuen. Intziri handiak izan genituen gau osoan. Erasorik ez izateko, barrikadak egiten zituzten kateatutako altzariekin.

Boca Coloradon, regetoi beroa entzuten zuten soldatzaileak nahasten ziren urre saltzaileekin. Prostituzioz kamuflatutako jende salerosketa zegoen. Eta hori guztia poliziarik gabe. 

M.I.

Ozeanoartekoa deitzen den errepidetik La Pampa izenez ezagutzen den herri batera iritsi zineten. Idatzita daukazu: “98 eta 117 kilometroen artean txapaz, urrez eta odolez egindako hiri bat zegoen”.

Kontrolik gabeko meatzaritzaren adierazle nagusia da La Pampa. Legez kanpoko meatzariak, erregistratuta ere ez dauden kokalekuak egiten joan ziren. Legez kanpoko lurraldeak dira, inolako aginpiderik gabe, erroldarik gabe, desagertzeekin, hilketekin, hobi komunekin. Zortea izan genuen, armada ari baitzen han inguruko meatze kanpamendu batean esku hartzen. Kaleak nahiko lasai zeuden, baina hondamendi soziala eta hondamendi ekologikoa agerikoak ziren. Baso mardulak eta biziz beteak egon beharko luketen lekuan basamortua dago, kilometro eta kilometroak hondarrez, olioz eta gasolinaz.

Urreak gizakiaren txarrena agertzen al du?

Meatzaritzak diru asko mugitzen du. Latinoamerikako lehen urre ekoizleen artean dago Peru; %30 legez kanpoko jardueratik dator, hau da, legez kanpoko meatzaritzatik. Horrek delitugintzaren, ustelkeriaren eta sexu esplotazioaren alderdiak sortzen ditu. Funtsean, gizakiaren behe instintu guztiak bat datoz urrearen bilaketa horrekin.

Bitxia da askok inguru horretan Paititia bilatzen dutela; mitoak arrazoi zuen, beraz.

Juan Alvarez de Maldonadoren urratsei jarraiki, Peru, Bolivia eta Brasilgo muga hirukoitzeraino iritsi zineten. Espedizioaren azken zatian inken hondakinak aurkitzen saiatu zineten.

Hiru egunez ibili ginen oihanean, hamar orduz. Deshidratatu egin ginen. Edari azukredunekin amesten genuen. Miguelek galtzak zarpailduta zeuzkan. Alde brasildarrean jaguar bat hurbildu zitzaigun. Galduta amaitu genuen. Baina abentura zoragarria izan zen.

Inoiz izan al zenuten maparen mugan egotearen sentipena?

Etengabe. Baina ez hainbeste maparen hutsunearen ikuspuntu erromantikoa, baizik eta ahaztutako jendea bizi den leku urrun batean egotekoa.

Edertasunaren eta atsekabearen bila Amazoniara egindako espedizio baten kronika da “La selva herida”?

Ez nuen nahi liburuak hondamen hutsa adieraz zezan, baina ibaiak, ezinbestean, legerik eta justiziarik gabeko lurralde batera eraman gintuen. Hala ere, azken kapituluak “La canción de los mineros sensibles” (Meatzari sentikorren abestia) izenburua du. Haietako bi ezagutu genituen, munduko urre guztia emango luketenak futbol estadio batean kantatzearen truke eta haien musei poema batzuk idaztearen alde.