Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
HABITATAK MANTENTZEA, ANIZTASUNAREN BERME

Polinizatzaileak gutxitzen ari dira. Zein da horren inpaktua?

Mendian lanean aritzen diren bi «natur zaintzailerengana» jo dugu udaberriko loraldiarekin batera ugarituko diren polinizatzaileei buruz gehiago jakiteko. Erlankiko erlezaina da Haizea Belarra; tesiaren azken partearekin lanean ari da Maddi Artamendi. Landareen ugal-aparatua ukitzen duten animalien aniztasuna txikitzen ari da, eta horrek landareen ugaltze-arrakasta murrizten du, ikerlariak frogatu duenez. Dibertsitatearen bermea habitatak mantentzea dela aldarrikatu du.

(Jon Urbe | FOKU)
(Jon Urbe | FOKU)

Udaberriak berarekin dakar landareen eta polinizatzaileen loraldia. Landare baten ugal-aparatua ukitzen duen edozein animaliari erraten zaio polinizatzailea. Beren helburua elikatzea da; polena edo nektarra hartzen dute eta hori egitean landarearen ugal-aparatua ukitzen dute eta polena gelditzen zaie gorputzean. Gero, bertze landare batez elikatzera doazenean, polena uzten dute landare horretan eta, hala, landareen ugalketan laguntzen dute. Polinizatzaile ugari daude. Kolibriak, saguzarrak, erleak, euli aunitz, kakalardoak, tximeletak, baita sugandila eta sits batzuk ere.

Egunez ibiltzen dira batzuk, gauez bertzeak. Badira domestikoak, ezti-erlea hala da, baina gehienak basatiak dira. Ikerketa ugari egin da erle domestikoen inguruan, ezagunenak direlako; askoz polinizatzaile espezie gehiago daude, ordea, eta guztiek hartzen dute parte landareen ugalketan.

Maddi Artamendi Arzamendiren tesiaren ondorioetako bat horixe da: gure ikuspuntua zabaldu beharko genuke, eta ezti-erleak bakarrik ez, polinizatzaile guztiak kontuan hartu.

«Bombus campestris» espezieko polinizatzaile bat, landare baten polenaz edo nektarraz elikatzen. (Jennifer Rose)

Artamendi EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikerlaria da. Tesiaren azken partea egiten ari da Mallorcako CSIC-Imedea zentroan. Azken atalaren kolaboratzaile batekin joana da; analisi estatistiko batzuekin laguntzen ari zaio. «Haiek apirilean hasi dira laginketekin eta mendi lanekin, baina ni justu tesiaren amaieran harrapatu nauenez, egun puntualen batean bakarrik joango naiz laguntzera. Polinizatzaile ezberdinak daude, dibertsitatea aldatzen da, eta ikusi nahi dut. Irteeraren bat egingo dut zer dagoen eta nola lan egiten duten ezagutzeko. Baita ordenagailu aurretik ateratzeko ere», adierazi du irribarrez.

Berak Gorbeian hartu zituen mendiko datuak, hiru urtez, eta horiek aztertzen ari da.

POLINIZAZIOARI BURUZKO TESIA

Polinizazioaren inguruko tesia du esku artean. Hiru atal ditu. Lehenengoa metaanalisia da. «Badakigu polinizatzaileak galtzen ari direla, gero eta gutxiago daude, eta horrek zer inpaktu daukan aztertzea da asmoa, orokorrean, mundu mailako eskala batean».

Bigarren eta hirugarren parteak, aldiz, Gorbeiako bere datuetan oinarritzen dira. Bigarren kapituluan udaberrian gertatzen diren aldaketei erreparatu die. «Hasieran gehiago daude espezie batzuk, gero beste batzuk agertzen dira, eta horren arabera polinizatzaileek ere beren jarrera moldatzen dute. Hasieran, agian, espezie bakarraz elikatzen dira, eta udaberriaren amaieran, espezie gehiago daudenez, beren jokabidea aldatzen dute eta espezie gehiagoz elikatzen dira. Hori denboran nola aldatzen den aztertu dut, bai udaberrian, baita urtetik urtera ere. Hiru urtez egon naiz udaberrian, lau hilabetez Gorbeian, eta datu asko dira», kontatu du.

Bigarren parte hori amaitua du, eta bere momentuan plazaratuko da.

Tesiaren lehenbiziko ataleko ikerketa, berriz, “Nature Ecology & Evolution” aldizkari entzutetsuak argitaratu du. Honakoa ondorioztatzen da bertan: polinizatzaileen aniztasuna galtzeak landare basatien eta laborantza-landareen ugaltze-arrakasta murrizten du. Fruitu eta hazi kopuruan nahiz fruituen pisuan sumatzen da.

Erlanki etxeko erleak. (Jon Urbe | FOKU)

EMAITZA OROKOR BAT

Metaanalisian, munduan egin diren hainbat ikerketa eta lan txiki hartu, horietatik datuak atera eta emaitza orokor eta kuantifikagarri bat eman du Artamendik. Tresna estatistiko ugari daude, datu guztiak konparagarri egin ahal izateko, laginaren tamaina, zer neurtu duten eta bertze adierazle batzuk kontuan hartuta. Hala, emaitza orokor bat ematen da: aldagai guztiak aintzat hartuta, zein da benetako efektua, mundu osora estrapolatzen ahal dena?

«Ikusi dugu hori guztia kontuan hartuta, edozein polinizatzaile dela ere, dibertsitatea jaisten bada eragina negatiboa dela landareen ugalketan. Gero, aldagaiak ateratzen dituzu. Ikus dezakezu galdu den polinizatzailea ornogabea ala ornoduna izan, eragina handiagoa edo txikiagoa ote den, eta agertzen da ornogabeak galduz eragina handiagoa dela», azaldu du ikerlariak.

«Beste aldagai bat ugalketa-arrakasta da. Ikusten duzu, gainera, zer landare familiarentzat den efektua negatiboagoa, zer klimatan, eta abar».

ERREALISTAGOA

Aurrez egin diren lanek baino ikuspegi errealistagoa izan dute. Polinizatzaileak guztiz desagertzeak zer eragin izan dezakeen aztertu beharrean, haien dibertsitatea txikitzeak zer eragin duen aztertu dute, ez delako erabateko galerarik gertatuko.

«Ikusi genuen bazeudela lan asko bi egoera aztertzen zituztenak: polinizatzaileak daude ala ez daude. Horretarako, landareak estaltzen zituzten sare edo poltsatxoekin eta fruituak ematen zituzten ala ez begiratzen zuten. Askotan ez zuten ezer ematen. Guk planteatzen genuena zen halako egoera bat ez dela erreala. Polinizatzaileen dibertsitatea jaisten ari da, geroz eta gutxiago daude. Hala ere, gune asaldatu batzuetan, nahiz eta dibertsitatea txikitu, espezie batzuek biziraungo dute. Hortaz, zein da horren efektua? Dibertsitatea txikitzeak zer eragin dauka?».

Metaanalisitik kanpo utzi dituzte erabateko galera aztertzen duten ikerketa horiek.

DIBERTSITATEA BABESTU

Frogatu dutenez, ekosistemek ongi funtzionatzeko, premiazkoa da polinizatzaileen dibertsitatea babestea. Polinizatzaileek elikatzeko beraien habitata mantentzea behar dute, batez ere. Landare dibertsitatea zainduz, polinizatzaileena ere zaintzen dugu.

Habitaten galera hagitz lotua dago klima aldaketarekin, urbanizazioarekin eta nekazaritza intentsiboarekin. Habitata galtzen dute landareek eta, zeharka, polinizatzaileek ere bai, ez baitute habia non egin eta non elikatu.

Haizea Belarra erlezaina, erleekin lanean, Beran. (Jon Urbe | FOKU)

GORBEIA

Datuak Gorbeiako natura parkeko bost lekutan hartu ditu Maddi Artamendik. Adibidez, ikusi du polinizatzaile espezie berak nola moldatzen diren eskura dituzten landareetara. Udaberriaren hasieran landare gutxiago daude eta beren dieta landare gutxi horietara egokitzen dute. Udaberriaren amaieran, beren dieta zabaltzen dute.

«Oso nabarmena da udaberriaren eragina; bai landareetan, bai polinizatzaileetan boom bat gertatzen da. Landare gehiago daudenean polinizatzaile espezie gehiago agertzen dira», adierazi du.

Udaberria aurreratzen bada eta landareen booma lehenago gertatzen bada eta polinizatzaileena beranduago, ez dira bat etorriko. Hori kaltegarria da bientzat. Landareen kasuan, nahiko polinizatzaile ez egoteak beren ugaltze-arrakasta murriztuko du. Polinizatzaileen kasuan, bat-batean pila bat izanen dira, baina udaberriaren booma jada amaitzen ari bada, beren arteko lehia handituko da, ez dutelako aski elikagai izanen.

Ikerketan hagitz argi ikusi dute loraldi hori. «Polita da ikustea nola booma gertatzen denean beren arteko lehia hori berez desegin daitekeen landare gehiago daudelako. Dibertsitatea mantentzeak beren jokabideak moldatzea eta bakoitzak bere rola izatea eragin dezake».

Gorbeian, altu samar dagoenez (900 metro ingurutan lagintzen du Artamendik), beranduago iritsi ohi da udaberria. Maiatzaren amaieran agertuko dira landare eta polinizatzaile espezie gehien. Orain gutxiago daude eta poliki-poliki etorriko da gorakada.

MENDI LANA

Artamendik hala azaldu digu egiten duen mendi lana: «Goizean, eguerdian eta arratsaldean ordubetez oinez ibiltzen gara, 250 metro, joan eta buelta, joan eta buelta, oso poliki, eta bitartean ikusten ditugun bisita guztiak apuntatzen ditugu. Polinizatzaile batek landare baten ugal-aparatua ukitzen badu, polinizatu duela kontsideratzen da. Ez badugu polinizatzailea ezagutzen, tximeleta-sare batekin harrapatzen dugu eta potetxo batean gordetzen dugu etiketa batekin. Data, zein lekutan eta landaretan jaso dugun eta zenbaki bat jartzen dizkiogu. Jarraian, taxonomo bati bidaltzen diogu, eta berak identifikatzen dizkigu polinizatzaileen espezieak».

Hala apuntatzen dute: «Lehen polinizatzaileak margarita bisitatu du». Landareak momentuan identifikatzen dituzte eta hala osatzen dituzte interakzio sareak, polinizatzaile batek zer landare bisitatzen dituen eta zer kantitatetan erakusten dutenak.

Horretaz gain, 250 metroko luzerako leku horretan, landare espezie bakoitzeko zenbat lore dauden zenbatzen dute, horrek erakusten duelako zer baliabide dituen polinizatzaile batek momentu horretan. Hala jakinen dute beraien erabakiak zehatzak diren, ez baita berdina ugari dagoen ala gutxi dagoen landare bat bisitatzea. Baliabideak ezagutzeko landareen errolda hori egiten dute.

Hori errepikatu dute goiz, eguerdi eta arratsalde; hortaz, egunean hiru orduko datuak bildu dituzte, bost lekutan, apirila eta uztaila bitartean.

Goian, Haizea Belarra. (Jon Urbe | FOKU)
Maddi Artamendi ikerlaria. (Pau Enric Serra)

EULI UGARI

Gorbeian, polinizatzaileen artean euliak dira ugarienak. «Eulien artean sartzen dira ezagutzen ditugun betiko euliak, baina beste mota batzuetakoak ere bai. Badaude euli batzuk, sirfidoak, erleen koloreak imitatzen dituztenak. Erlastar espezie desberdinak ere dezente ikusten dira, eta erle bakarti eta basati asko. Gorbeian justu ezti-erlea ez dago asko. Polinizatzaile basatiekin egin dugu lan, batez ere», kontatu du ikerlariak.

Landareen artean, Vicia pyrenaica landare arrosa, Helleborusa, margarita, txikoria belarra eta Lotusa nabarmendu ditu. Uda hasieran ezkai espezie batzuk loratzen dira, erle basatiek hagitz maite dituztenak.

LABORANTZA ZONAK, IKERTUENAK

«Metaanalisia izan da niretzat tesiaren parterik gogorrena», aitortu du Maddi Artamendik. «Dena ordenagailuko lana izan da. Datu asko atera behar dituzu, artikuluak irakurri eta irakurri. 46 herrialdetan egindako 207 artikuluren metaanalisia izan da, guztira 780 informazio lerro».

«Metaanalisian, ikusten duzu oso argi zein herrialdetan ikertzen den gehiago eta zein landare motak duten interes handiagoa. Laborantza zonak ikertu dira gehien; larreak eta basoak, ez hainbeste. Afrikan ez dago hainbeste ikerketa eta Asian ere ez. AEBn eta Europan, berriz, asko ikertu da».

Euskal Herrian, klima aldaketa aztergai duen BC3 zentroan ikertalde bat osatzen ari da polinizazioaren ekologiaren inguruan, Ainhoa Magrach Ikerbasque irakaslearekin. Magrach du Artamendik tesian zuzendari, baita EHUko Arantza Aldezabal irakasle eta ikertzailea ere. Aldezabalek mendi larreetako ekosistema eta dibertsitatea mantentzeko ikerketak egiten ditu. Bi ikertalde horietan dabil, hortaz, Artamendi.

Urrian aurkeztu nahiko luke tesia. «Asko gozatu dut, eta pozik nago. Ekologiatik jo nahi nuen, eta mendi lana egin. Mendiko teknikari moduan hasi nintzen, datuak biltzen; asko gustatu zitzaidan eta tesi beka eskatu nuen», kontatu du.

HABITATAK MANTENDU

Elkarrizketa ixteko, ikuspegi zabala aldarrikatu du berriro. «Batzuetan ezti-erlea babestea izaten dugu bakarrik buruan, baina askoz ere polinizatzaile gehiago daude eta beren habitatak mantendu behar ditugu dibertsitatea bermatu ahal izateko».

«Ikusi izan da ezti-erleak batzuetan polinizatzaile basatiak mugiarazten dituela. Hori ere kontuan hartu behar da erlauntzak jartzeko orduan. Ezti-erleak pila bat dira erlauntza bakoitzeko eta besteak lekualdatzea eragin dezakete elikagaien lehiagatik. Gorbeian ikusi dugunez, polinizatzaile basatiek funtsezko rola betetzen dute landaredia mantentzeko. Erle domestikoek polinizatzaile basatiak kaltetu ditzakete eta, zeharka, landarediaren dibertsitatean eragin. Gauza guztietan bezala, oreka bilatu behar da», defendatu du zientzialariak.

ERLANKI

Erlezaina da Haizea Belarra, Berako Erlanki etxekoa. 2015ean hasi zen Erlankiren bidea. Mikel Lertxundi Haizearen bikotekidearen gurasoek betidanik izan dituzte erlauntz guti batzuk baratzean polinizatzeko eta Mikel beraien artean hazi zen. Osabak istripua izan zuenean harenak hartu zituen eta gustuko mundua izaki, gero eta gehiago barneratu zen. Azkenean, Mikelen afizioa bihurtu zen Haizearen ofizio.

Haizea salmentaz eta merkatuez arduratu zen lehenbizi, eta poliki-poliki gero eta maizago joaten hasi zen erleetara. Orain bi zereginak egiten ditu. «Mikelen gurasoen laguntzarik gabe, ezingo genuke abentura hau hasi ere egin, ezta mantendu ere», adierazi du esker onez.

«Lan handia dago. Ematen du erlauntzak paratu eta egina dagoela, baina ez da hala. Beran (Idoian eta Epentzan), Sunbillan, Donamarian, Tafallan eta Puiun ditugu erleak. Sasoiaren eta loraldien arabera, alde batetik bertzera mugitzen ditugu. Ez ditugu toki guzietan urte guzian», azaldu digu.

Haizea Belarra, abaraskan lanean ari diren erleak erakusten. (Jon Urbe | FOKU)

AKAZIA LORATZEN

Orain, adibidez, akazia hasi da loratzen eta Idoian eta Sunbillan dago. Epentzan nukleoetako erleak dituzte; horiek ez dira aurten eztia biltzeko, familia ttikiak dira, pixka bat handitu behar dute. Tafallan, erromero eta ezkairako dituzte.

Ondotik, Tafallako erleak Puiura eramanen dituzte eta Puiun basokoa eginen da, artearena. Sunbillan akazia eta gaztaina dago. Batzuetan Sunbillakoak Donamariara mugitzen dituzte. Donamarian gehienbat udako eztia egiten da, gaztaina eta añarra.

FUMIGATZEAREN KALTEAK

Hemengo erle beltzarekin eta ekologikoan ari dira Erlankin. «Zigilua lortu baino lehen ere, hasiera-hasieratik hala egin dugu. Guk hala ulertzen dugu baratzea ere; nahiko pozoi hartzen dugu bertzela ere, guk gehitzeko. Garrantzitsua da», azpimarratu du Belarrak.

Gero eta gehiago fumigatzen da eta horren kalteak sufritzen dituzte erleek. «Ekologikoan erlauntzak apartatzen ditugu, baina erleak ez daude behiak bezala itxitura batean eta nonbait fumigatzen ari badira eta gure erleak inguruan badabiltza, bidean hiltzen dira. Edo fumigatutako loreen nektarra hartzen dute», agertu du. Hori nekazaritza intentsiboan zein estentsiboan gertatzen dela dio.

Kontatu duenez, beren kosturik handiena gasolioa da, urrun joan behar dutelako intentsibotik eskapu.

TXUNDITUTA

Erlauntz bakoitzean 45.000-60.000 erle artean bizi dira, kaxa motaren eta tamainaren arabera, Langstroth edo Dadant diren arabera. Erle bakoitzak bere lana izaten du.

«Zoragarria da. Txundituta gelditzen naiz begira. Adibidez, beroa baldin badute hegalak igo eta astintzen dituzte, aireztatzeko. Eta aldrebes: hotza badute, kontrako jarreran jartzen dira, berotzeko. Erle bat jaiotzen denean, inudea ez da erlauntzetik ateratzen, umea zaintzen gelditzen da. Batzuen lana nektarra biltzea bakarrik da. Bertzeena, erlauntzetik kanpo zaintzea».

Batzuk erlauntza garbi mantentzeaz arduratzen dira eta barrenean erleren bat hiltzen bada, hildakoa hartu eta denen artean ateratzen dute. Bertzeen zeregina erreginari arrautzak non paratu behar dituen seinalatzea da. Erlamandoen lana erregina ernaltzea da. Udazkena ailegatzen denean, erleek erraten diete: «Zuek hemen ez zarete ongi etorriak, ez duzuelako lanik egiten». Dagoeneko ez dute ernaltzen, beraz, kanpoan hiltzen dira, barrenean hiltzea lan handiagoa delako erleentzat.

Maddi Artamendi tximeleta-sareekin polinizatzaileak harrapatzen.

BARROA

Erlezainaren lehenbiziko lana erlauntzentzat kokaleku on bat topatzea da; loretsua eta kutsadurarik, intentsiborik eta fabrikarik gabea. Gero, zaindu egiten dituzte. «Aunitz solastatzen da liztor asiarraz, baina ez hainbertze barroaz. Guretzat erleak duen gaixotasunik larriena da. Kapar bat bezala da, erleari paratzen zaiona. Umeak barrenean direlarik garatzen da. Orduan, kanpoan bizirik dagoen erlea tratatzen dugu, baina barrenean gelditzen denera ez gara ailegatzen, guk ekologikoan zero produktu kimiko botatzen dugulako», azaldu du Erlankiko langileak.

Bertzalde, negu aldera jaten eman behar zaie. «Ekologikoan ez da edozein gauza ematen ahal. Elikagai ezberdinak dira, batzuk indartzeko, bertzeak negua pasatzeko. Baina ekologikoan hagitz guti dago; likidoan, adibidez, ez dago deus guretzat. Pasta batzuk egiten ditugu. Diru pila joaten zaigu honetan ere. Ez diegu dena biltzen ere, beraientzat ere jatekoa uzten diegu, negua pasatzeko behar dutelako. Beraien beheko etxe hori ez dugu ukitzen».

LAU EZTI, PROPOLIA ETA LORE HAUTSA

Lau ezti mota eskaintzen dituzte Erlankin, sasoiaren arabera. Baita propolia eta lore hautsa edo polena ere. Jelea egiten ere hasi nahi dute, hagitz onuragarria delako. «Begira, erle bat hilabete inguru bizitzen bada, erreginak jelea bakarrik jaten du eta lauzpabost urte bizitzen ahal da», azaldu du Haizea Belarrak.

Erle ogia merkaturatzeko asmoa ere badutela kontatu du. «Erleek polena eta eztia biltzen dute, eta kapaka jartzen dituzte: eztia, polena, eztia, polena... Buruarekin zanpatu, eta fermentazio laktiko bat sortzen da, eta horri esker digeritzen dute. Polena biltzen duten bezala beraiek ezin dute jan. Nektarra bildu eta batetik bertzera pasatzean sortzen duten ezti hori ere ez dute bere horretan jaten. Biak nahasi, eta erle ogi hori jaten dute. Anemiarekin eta nekatua zabiltzanean indargarria da erle ogia».

Lore hautsa lortzeko, tranpak jartzen dizkiete erleei. Erlauntzera ailegatzen dira atzeko hanka bakoitzean polen bola banarekin. Tranpari esker, erlauntzean sartzen direnean erori egiten zaizkie eta erlezainak biltzen ditu. «Beraiek polen aunitz behar dute, erle ogia egiteko zein umeei jaten emateko. Horregatik, hilabete batean bakarrik kentzen diegu; gaztainaren sasoi horretan normalean, hor ugari egiten dutelako».

Duela zenbait aste motel-motel zeuden eta orain begiratu eta polen pila bat dute. Baina ez diete kenduko, sasoirako indartzeko behar dutelako.

«Maniola jurtina» espezieko tximeleta eder bat. (Jennifer Rose)

UNE KRITIKOA

Orain momentu kritikoa da erlezainentzat. «Erleek negua motel eta familia ttikietan pasatzen dute. Orain hasi da polena, hasi da besta, erregina umeak paratu eta paratu, erlauntza ia hirukoiztu arte. Eta ez badiozu aski lekurik ematen, erreginak erranen du: ‘Hemen ez dago tokirik, banoa’. Erle talde bat hartuko du berarekin eta alde eginen du. Joaten bada, erregina-habiak paratuko dituzte erregina berria jaiotzeko, baina erlauntz horrek urte horretan dagoeneko ez du eztirik emanen».

Eguraldi aldaketei hagitz adi egon behar dute erlezainek. Joan den urtean, adibidez, otsailean bero handia egin zuen, erleak sobera goiz hasi ziren, eta gero, ekainean, loraldian egon behar zutenean, goseak hilak zeuden ez zegoelako janaririk, ez zuelako berorik egiten. Akazia ez zuten bildu. Orain hasi da akazia, baina kazkabar erauntsi handi bat egiten badu, badoa akazia-lore guzia eta akabo akaziaren denboraldia. Loretan badago baina ez badu bero nahikoa egiten nektarra bildu ahal izateko, ez da eztirik.

«Gauza aunitz pasatzen ahal dira gure eskutan ez daudenak. Ahal dugun guzia egiten dugu, baina naturaren baitan gaude», oroitu du erlezainak.

Etxean beti izan dira, seme nagusiak erraten dien bezala, nahiko «natur zaintzaileak». Baina orain inoiz baino gehiago jabetzen dira zein garrantzitsua den. «Pila bat ikasten ari naiz. Ez da bakarrik erlea, baizik horren baitan, naturarekiko kontaktuan zenbat ikasten den. Hagitz kontent nago, txunditzen naiz erleen prozesu guzia ikusita. Gainera, naturan nago. Ekologikoan izanik, eta urrutiago, bistak politagoak dira. Idoian, adibidez, lanean ari naiz, baina Larhun pare-parean dut eta horrek poza ematen dit. Haurrek ere badute beren buzoa eta kontent ibiltzen dira, erleei izenak paratzen», deskribatu du Haizea Belarrak.

BISITA GIDATUAK

Erlankin bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte, mundu miragarri honetan barneratu nahi duenarentzat: erlategira joan, erlauntz bat ireki, barrenean nola lan egiten duten ikusi, gero ezti mota ezberdinak dastatu, prozesua nola egiten duten ikusi. «Eztia nola ateratzen dugun erakusten dugu. Eskuz egiten dugu. Gero kubo batean paratzen dugu, bildu, eta hortik ontziratzen dugu».

Inguru honetan bada jende franko zenbait erlauntz dituena eta etxerako eztia egiten duena. Garai batean baserri guzietan zeuden. Etxeko norbait hiltzen zenean, erlauntzera joaten ziren erleei abisatzera, argizari gehiago egin zezaten, kandeletarako.

ERREZETAK

Gaur egungo dietan eztiak badu bere lekua. Esnearekin, gaztanberarekin, ogiarekin... «Eztia ez badago adulteratua gogortu egiten da. Akaziarena bada, urte pare bat irauten du likido, baina azkenean hura ere gogortzen da. Supermerkatuetan ezti likidoa ikusten ohitu gara, baina naturalki ez da hala», argitu du erlezainak.

«40 gradutik gora berotzen baduzu, bere propietateak galtzen ditu. Badago sistema bat. Pote erdian labanarekin zulo bat egiten baduzu eta azenario bat sartu, azenarioa beratu eta inguruko eztia likido gelditzen da», kontatu du sekretua.

Ogian tahina jarri eta gainean eztia jartzen dio berak. Edo olioa, eztia eta gatz pixka bat. Kontraste horiek maite ditu.

Inguruko merkatuetan saltzen dute, kontsumo elkarteetan eta belar-dendetan. Gero eta denda gehiago dira ekologikoari garrantzia ematen diotenak.

Erleek lana egiten dute naturan, eta Erlankin ere etxekoak bizi ahal izateko aritzen dira, «ondokoa izorratu gabe; kontrakoa, polinizatzen laguntzen, ekarpen ttikia eginez naturari».