Hezkuntzarako arkitekturaren inguruan
Pedagogia zientziak aurrerapausoak eman ditu azken hamarkadetan. Hartara, funtsezkoa da eskola garaikideko espazioak ikasteko modu berrietara egokitzea. Haurrek denbora asko ematen dute eskolan, eta ingurune horiek esperimentatzeko eta parte-hartze aktiborako bideak ireki behar dituzte.

Grimm anaiek argi irudikatu zituzten alegia eta ipuinetako inguruneak haurren jakin-mina pizteko tresna gisa. Txokolatezko etxolak, basoak eta gazteluak ez ziren fantasiazko leku hutsak; haurren esplorazioa, sormena eta autonomia sustatzeko giltzarria ziren. Gaur egun, argi dugu, fantasiaz harago, espazioek eragin erabakigarria dutela haurren heziketan, eta, horrenbestez, arkitekturak eta pedagogiak lotura estu eta interaktiboa dutela.
1990eko hamarkadan, Loris Malaguzzi pedagogo italiarrak, Reggio Emilia pedagogiaren baitan, kontzeptu hau plazaratu zuen: «Espazioa, hirugarren maisu gisa».
Ideia horren bidez, Malaguzzik agerian utzi zuen ikasleak eta irakasleak ez direla ikasketa prozesuaren eragile pedagogiko bakarrak, eta espazioak ere ezinbesteko eragina duela, bai haurraren pentsamendu kritikoaren garapenean, bai eta harremanak eraikitzeko moduan ere. Hala, badirudi ikaslearen heziketa zuzena bermatzeko, pedagogia- eta arkitektura-proiektuak eskutik joan behar dutela. Izan ere, espazioen antolaketak, eskalak eta hierarkizazioak erabilera-dinamika jakin batzuk iradokitzen dituzte: elkarlana edo bakarkako jarduna, mugimendua edo geldotasuna, parte hartze aktiboa edo behaketa.
Aipatutakoaren harira, historian zehar, ikasgelak diziplinaren eta kontrolaren irudikapena izan dira; hau da, mahaiak ilaran, irakaslea aurrean eta isiltasuna nagusi. Antolaketa horretan, ezagutzaren transmisioa modu lineal eta hierarkikoan egiten zen, eta ikasleak hartzaile pasiboaren rola hartzen zuen. Dena den, azken hamarkadetan, pedagogia zientziak ageriko aurrerapausoak eman ditu, eta ikasgelaren komunikazio-egiturak aldaketa nabarmenak jasan ditu. Irakaskuntza-metodologia berriek haurren autonomiari, parte hartze aktiboari eta garapen emozionalari garrantzia eman diote, eta horrek irakaskuntza-praxian jarduera eta dinamika ezberdinak bideratu ditu. Beste modu batera esanda, egun, ikaskuntza prozesua norabide bakarrean eraikitzetik norabide askotan eraikitzera igaro da, eta horrekin batera espazioa berrantolatzeko beharra jarri da mahai gainean.

Metodologia aktibo eta kolaboratzaileek askotariko atmosferak, talde-egiturak eta agertokiak aurkeztu dituzte. Hartara, eskoletan espazio malgu eta eraldagarriei balioa aitortu zaie, eta horma eta altzari mugikorrak, espazio gardenak eta erabilera anitzeko guneak gailendu dira. Era berean, argi naturalak, kanpo-ingurunearekiko loturak nahiz material zintzo eta beroen erabilerak ikaslearen kontzentrazio-gaitasunean eragin zuzena duela frogatu da. Horregatik, gomendagarria da argiztapenari eta eraikuntza-materialen zaintzari arreta berezia jartzea. Gainera, ezin aipatu gabe utzi, hezkuntzan ez ezik, espazioak ikasleen ongizate emozionalean ere eragin nabarmena duela, eta segurtasuna, erosotasuna eta identifikazioa sustatzen dituen inguruneak ikasleen motibazioa eta konfiantza indartzen dituela.
Finean, eskolek gizarte eredu bati erantzuten diote; hori dela eta, ezinbestekoa da. Haurrek euren denbora gehiena eskolan igarotzen dutela kontuan hartzen badugu, hezkuntza espazioak, bere zentzu zabalenean, eguneroko harremanak, balioak eta bizikidetza eraikitzeko eszenatoki gisa jorratu beharko lirateke. Horretarako, eskola-komunitatea osatzen duten guztien ekarpenak kontuan hartzea ezinbestekoa da, baldin eta komunitatearekiko lotura indartu eta erabiltzaileen ongizatea eta garapen integrala oinarri dituen espazioa eraiki nahi bada.
Laburbilduz, espazioak transmititu nahi diren balioekin koherentea izan behar du. Horregatik, ikasketa guneak pedagogia beharrei arreta jarriz diseinatu behar dira, malgutasuna eta parte hartze aktiboa ardatz hartuta. Helburua espazio inspiratzaileak sortzea da, irakaskuntza errazteaz gain irudimena piztu eta esperimentazioa sustatuko dutenak, alegia. Azken batean, hezkuntza-espazioak haurtzaroan irakurtzen genituen ipuinen modukoak izan daitezke, mundu berrietara ateak ireki eta ikuspegi berriak proposatzen dituztenak.




