Sustrai Colina
IRITZIA

Zeruertzaz

S. apurgarria,

Aste santuko oporretatik itzuli zinen atzo, maiatzaren leheneko zubia gurutzatuko duzu gaur eta, oharkabean, udako bakantzei so esnatuko zara bihar. Zeruertza behar du zure begiradak: urrun, urrunago, urrunegi. Gero eta han bizi zarelako nahi duzu orain eta hemen; orain eta hemen bizi ezin zarelako nahi duzu gero eta han. Mugako kontrolak beste urte erdiz luzatzeko agindua eman du Frantziak, udalei euskaraz aritzeko ahoa zarratu nahi die Espainiak, gaztetxearen hustea salatzera joan eta barrabil bat gutxiagorekin itzuli zaitezke etxera, herriko lehen jaietan ez dira sexu erasoak bakandu, asteak dira ixteko zorian dauden enpresen izenak memorizatu ezinik zabiltzala, hilabeteak sektore publikoko grebek gaizki-izatearen gizartea biluzten dizutela eta, halabeharrez, albiste onak nahi zenituzke zure etsipena kronifikatu aitzin.

Egutegiak Sorionekuen manifestazioari, Herri Urratsi eta Euskaraldiari adi jarri zaituenean, oroitu zara sorterriko raperoarekin: «oasiak sortzen ditugu, basamortuan bizi garela ahazteko». Zu ere oasien bila zabiltza, agian. Betiereko desertuen zeharkaldiak eragindako nekea arintzeari deitzen diozu bizitza. Aste santuko oporretatik itzuli zinen atzo, maiatzaren leheneko zubia gurutzatuko duzu gaur, udako bakantzei so esnatuko zara bihar... Antzararen jokoan nola, dadoa tira eta tira, oasitik oasira.

Sara Mesaren “Oposición” eta Ainhoa Urienen “Ehun zaldi trostan” irakurri behar zenituzke, zure baitako oposiziotik irten, zure ehun zaldiei galapatzen laga, fruta dendako genero eta prezioen araberako menua prestatu, ibaiertzeko polenari ez bada alergia zeri diozun ebatzi, urrun-urrunago-urrunegi logika baliagarria zaizun gogoetatu eta, batez ere, bizilagunak arropa zabaltzean utzi dizun mezu subliminala interpretatzen jakin. Zer adierazten ari zaizu laneko buzoak eta sanferminetako arropa batera eskegita? Zuria eta kolorea garbigailu berean sartzen dituela? Oasietarako prestatuz aurre egiten diela desertuei? Orain eta hemen bizi ezin delako nahi duela gero eta han? Gero eta han zer datorren dakielako eusten diola orain eta hemen? Ez dakit igogailuan gusturago joango zinatekeen, halako elkarrizketak probokatuko bazenitu. Norbereaz isiltzeko modua da eguraldiaz jardutea. Beldurra diozu gertu-gertuago-gertuegi lenteari. Aspaldi da zerua eta zeruertza bereizten ez dituzula.