Javi Rivero
Cocinero
GASTROTEKA

Hamaiketakoari orain «brunch» esaten zaio

Garaiak aldatzen ari dira eta orain hamaiketakoari «brunch» deitzen zaio. Baina bada alderik bi hitzon artean: ingelesezko erak gosaria eta bazkaria ordezkatzen ditu, baina hamaiketakoak ez du halakorik suposatzen. Eta, gainera, hamarretan, hamabietan eta ordu batean ere egin daiteke.

(Getty)

Igande on sabelaprestok! Munduan, gizartea bi talde handitan bana daiteke: gosaltzen dutenak, batetik, eta gosaltzen ez dutenak, bestetik. Ekintza eta erabaki txiki honek egun oso bat baldintza dezake, eguna bera antolatzeko modutik hasita, eguna zein aldarterekin amaituko dugunera arte. Ez da erraza, ordea, nork bere burua talde batekoa edo bestekoa aitortzea, denok baitakigu gosaltzea zein garrantzitsua den. Eta, hala ere, gutako askok, ni neu barne, gosaltzeko ohitura oporretan gaudenerako uztea erabakitzen dugu maiz.

Gu baino lehenago zeudenei hau kontatuko bagenie, batzuek ez gosaltzea erabakitzen dugula, eskuak burura eraman eta ganorabakotzat joko gintuzkete. Egia da, eta teoria badakigu, gosaltzea ezinbestekoa dela osasun orekatu bat mantentzeko eta eguna indarrarekin hasteko. Baina nork bere egia propioa bizi du eta inor ez da nor parean duenak nola sentitu behar duen esateko. Nik, adibidez, hobeto hasten dut eguna ordu batzuk baraurik egiten baditut, soilik kafe bat edo birekin, ordu batzuen ostean zerbait jan, eta gero ondo bazkalduz. Nik, balantzan gora azkar egiteko joera dudanez, modu honetan jokatzeak joera hau kontrolatzen laguntzen dit. Ez naiz ez kontu dietetikoekin ez nutrizionistekin hasiko, baina garrantzitsua da norberak bere oreka bilatu eta aurkitzea.

Honek guztiak ez du esan nahi edozein egunetan gosalduko ez dudanik edota jango dudan hamaiketakoa otordu baten parekoa izango ez denik. Eta kontu honekin harilkatu nahi nuke gaurko gaia. Hamaiketakoari, orain, “brunch” esaten zaio. Oker ez banago, “brunch” hitza “breakfast” eta “lunch” hitzak elkartzetik dator. Alegia, gosaria eta bazkaria ingelesezko hitzen arteko mix bat da. Guk ez dugu ezer asmatu izan behar, berez bagenuelako gosaria eta bazkariaren arteko otordua, hamaiketakoa, hain zuzen. Nire irudimen fantasiosoan irudikatzen dut pertsona britainiar bat, bere etxean, Euskal Herrian hamaiketakoa egin zuela kontatzen. Eta elevensth meal (itzulpen literala) beharrean, gosariaren eta bazkariaren arteko momentua zela azaltzeko hitzak nahastea erabaki zuela pentsatzen dut. Ba omen gara, gure sukaldaritzarengatik, bidaiarientzat hona etortzeko arrazoietako bat. Eta ikusten duzue, familia, gure momentuak eta sistemak partekatzeko arazorik ez daukagula. Gurea sistema bat delako. Zergatik? Esaten badigute orduz kanpo jaten ari garela, gosariaren eta bazkariaren artean, guk, “aizu!, hamarretakoa egiten ari naiz”, erantzuten dugu. Edo bederatzi eta erditakoa, edo hamabitakoa… edozein ordutan jan eta gure burua justifikatzeko balio du hamaiketakoaren sistemak. Gosea dugun unean orduari begiratu eta otorduari den orduaren izena jarri eta kito.

Gure hamaiketakoek mila kolore eta forma bildu dituzte azken 50 urteetan, denbora muga bat jartzeagatik. Orain dela 15-20 urte, hamaiketakorik ohikoena, igande baterako, izan zitekeen haragi egosia, txorizo egosia, tortillatxoren bat, salda katilu bat, gazta pixka bat, baratxuri zopak edota odolki edo mondeju mokaduren bat. Gutxi batzuk solte edo hauek guztiak batera jan genitzake. Eta deigarria eta berezia da, orduak aurrera egin ahala, kroketek eta txibiek ere nola egiten zuten euren agerraldia, eta hauek txakolinari edo sagardoari egiten zioten tokia, normalean hamabitakotik hamaiketakotik baino gehiago zuenean momentuak. Ordubatetakoari ipinitako izenarekin, berriz, etsi eta “bermuta” izena jartzea erabaki genuen. Izana mantenduz, hori bai. Baina aldaketa txiki honekin hasi zen gainontzeko guztia. Bermutarekin hasi eta brunch-arekin amaitu dugu, hamaiketakoa alde batera utzita. Izana hor dago, baina izenak eta hizkuntzak izanetik ere baduenez, izen aldaketa txiki-handi honek berekin ekarri ditu forma eta kolore aldaketak.

Hortaz, zein da brunch batek eskaintzen digun mokadu eta edari sorta? Brunch “orijinalak” eskaintzen dituenak hiru ataletan sailka daitezke: gaziak, gozoak eta edariak. Gazietan ohikoa izaten da hauek topatzea: arrautza irabiatuak, “benedict” erako arrautzak, hirugiharra, urdaiazpikoa, sandwitxak, itsaskiren bat edo beste (ostrak…), eta abar. Gozoetan: ogi ezberdinen tostak, frutak, jogurta edota mota honetako esnekiak, marmeladak, gofreak... Eta, azkenik, edarietan ia denak balio du: kafea, zukuak, ardoa, koktelak… Esandakoa, guk honi izen bat jarri genion: hamaiketakoa.

Bada hala ere gure hamaiketakoa brunch batetik ezberdintzen duen baldintza txiki bat. Brunch-a gosariaren eta bazkariaren ordezkoa da. Bai. Irakurri duzuena. Ordezkoa. Errespetagarria, aizue… Eta hamaiketakoak izan dezake aurretik gosaria eta ondoren bazkaria, baina ez da ordezko otordua. Hamaiketakoak, igande batean, beharko luke izan gosaria eta bazkaria bezain garrantzitsua. Gosea asetzeko ez bada, zuen sabelaprest izpiritu gastronomikoari kuku bat egiteko balio behar du, bederen. Errespeta ezazue hamaiketakoa, beraz, igandeetan bada ere.

Nondik hasi ez badakizue eta etxean ezer prestatzeko nahirik ez bada, zerrenda txiki bat partekatuko dizuet, nire inguruko toki kuttun batzuekin, hamaiketako eder batetaz gozatzeko.

Tolosa - Ibarra: Izaskun auzoa: Badira bi taberna bertan. Goikoa eta behekoa. Behekoan kroketek dute ospea. Hamarnaka jateko modukoak. Uzturre menditik buelta egin eta indarrak berreskuratzeko mokadu bikaina. Eta goikoan, berriz, salda, haragi egosia eta txorixoa, odolkia… ogi tartean, guretzat gurea denaz gozatzeko aukera eskaintzen duelarik. Bizio hutsa! Proposamena, mendian behera, Izaskun goikoan lehen mokadua, eta pittin bat beherago, behekoan kroketekin amaitu.

Urnieta-Andoain: Besabi. Beste mendi buelta baten ostean, babarrunak, sakramentu guztiak eta imajina ditzakezuen salda, pintxo bero eta tortilekin, pertsona pertsona izatera bueltatzeko beharrezkoak diren guztiak eskaintzen dituzte. Adarra mendiko azken aldapak latzak dira eta! Beste alde batetik, aski ezaguna den Irrintzi taberna, Andoainen. Lurtarrek ogitarteko izena jarri diogunari, eurek “pintxo” izena jarri zioten… eta horrelakoak dira, hortaz, haien pintxoak… klasiko bat!

Donostia: Somos kafetegia. Maiz hitz egin dizuet lagun hauen inguruan. Baino hiriburuari begirako hamaiketako ezinhobeaz gozatzeko nahia badago, kafe bikain batekin lagunduta, Paula eta Stephanok zuen nahiak asetuko dituzte.

Lasarte-Oria: Epel taberna. Ez dakit oraindik irekita dagoen, baina bertan jan zitekeen txerri belarri pintxoak ez zuen parekorik. Guk klasetik “piper” egiten genuen bertan hamaiketakoa egiteko.

Zein ederra den jatea eta zein ederra den zu janariaz euskaraz gozatzen ikustea. Ni, beti, ahobizi eta sabela prest.

On egin!