«Banekien irtengo nintzela, baina ez nola»

«Banekien irtengo nintzela, baina ez nola»

Ezkabako gotorlekua memoria leku bihurtzeko eztabaidan dabiltzan honetan, bere magalean elkartu gara Mertxe Txibiterekin, norberak bide pertsonalak baititu barrura begiratu eta aurrera egiteko. Txibite 27 urte egon zen «etxetik kanpo»; urte batzuk sasian eta, hamahiru urteko espetxealdiaren ondoren, 2017an aske geratu zen. Kartzelan pasatutako urteetan ere gogor egiten zion bere buruari. «Espetxean dena programatuta duzu, eta nik nire buruari esaten nion: “Ni ez naiz hemengoa, egunen batean aterako naiz”. Baina ez dakizu nola irtengo zaren». Bazekien etxera itzulitakoan beretzat «dena berria» izango zela. Aurrez burua horretara prestatzeko ahalegina eginagatik ere, inoiz ez da irudikatutakoa.
«Kalera atera eta egun gutxira serie bat ikustearekin alderatzen nuen egoera. Seriea ikusten duzu atal bateraino, eta denbora tarte batez ez duzu ikusten; eta, berriro ikusten hastean, pentsatzen duzu denak berdin jarraituko duela, baina ez. Denbora pasatu da, gauzek ezin dute berdin jarraitu, normala den moduan», adierazi du.
GALDUTA EGOTEAREN SENTIPENA
Askatasuna berreskuratutakoan, «galduta» sentitzearen sentsazioa zuen Txibitek. «Izugarrizko aldaketak ziren. Galduta nengoen», aitortu du. Behin baino gehiagotan esan behar izan zion bere buruari «kalean zaude», egun batetik bestera «nahi duzun guztia» egin dezakezulako. Hala ere, laguntza behar duzula onartzea garrantzitsua dela uste du: «Askatasuna berreskuratzea, izugarri ederra izan arren, berreskuratzean konturatzen zara herren zaudela zenbait gauzetan, eta laguntza behar duzula».
Gainera, askatasun fisiko hori lortuta ere, soinean hainbat orbain zeramatzala azaldu du: «Kartzela baino lehen bizitako guztia askotan oso gogorra izaten da. Kartzelan bizitakoa ere bai. Eta ateratakoan ez dakizu nola kudeatu». Eta, horrez gain, irtendakoan, barruan kideak utzi beharra: «Oroitzen naiz oso gogorra izan zela. Barruan kideak, lagunak, bikotekidea utzi behar nituen. Kalera nindoan eta pozik nengoen, nola ez, baina beraiekin pentsatu eta negarrez hasi eta ezin nuen gelditu. Sentimendu oso gogorrak dira».
Nahas-mahas horretan, filmak aurrera jarraitzen duela onartu eta eguneroko kontu txikienak ere kudeatu behar: «Jendea ikusten duzu kalean, eta agurtzen zaituzte; nik ere agurtzen nituen bueltan, baina ez nekien nor ziren. Aurpegiz ezagutzen nuen, baina ez nekien kokatzen. Herrira itzuli eta... etxe berriak daude, igerilekua, dena aldatuta...».
Aurrera egiteko, paperak ere ahalik azkarren eguneratu behar zituen. «Administratiboki gauzak egiteko oso galduta nenbilen, dena berria zen niretzat». Lagunek eta senideek beste hainbat kontutan lagundu izan dioten bezala, kontu administratiboen jakintza zehatza izatea ez dela hain erraza esan du nafarrak, eta hor ere beti izan dituela Harrera Elkarteko kideak laguntzen. «Zure lagun eta senideak hor daude, baina beti behar duzu laguntza, eta Harrera Elkartea beti egon da presente. Oftalmologoarengana eta dentistarengana haiei esker joan nintzen, beraiek ordaindu zidaten. Ze, klaro, ateratzen zara eta ez duzu ezer. Nire kasuan behintzat ez nuen dirurik eta ez nuen lanik. Horrenbeste urtez etxetik kanpo igarota, normala da hori dena atzean geratzea», kontatu du.
DENON ARAZOA DA, DENON EGINBEHARRA
Etxetik alde egin aurretik Antsoaingo Udalean lan egiten zuen Txibitek. Itzulitakoan, Etxeraten egin zuen lehenbiziko lana, eta oposizioak egin zituen postu hori eskuratzeko -berriro aipatu ditu administrazioan izandako aldaketak-, eta, oposizioak gainditu ondoren, udaletxeko postua berreskuratu zuen, UPNk eta PSOEk jarritako «traben ondorioz» kaleratu zuten arte.
Harrera Elkartearekin oso eskertuta dago, eta garrantzitsua iruditzen zaio bakoitzak ahal duen ekarpena egitea: «Hau denon arazoa da, eta denok mugitu behar dugu, bai ala bai». Norbanakoak eta eragileak inplikatzeaz gainera, instituzioek eta enpresa munduak ere ekarpena egin behar dutela iruditzen zaio.
Elkarrizketaren amaieran buruan zituenak jada xehatuta, grabagailura hurbildu da eta irmo bezain goxo esan du: «Besarkadarik eta musurik handienak oraindik barruan dauden presoei. Eta gora gu ta gutarrak!».

«La idea fundamental es que los presos pasen por la prisión, pero que la prisión no pase por ellos y, sobre todo, que no salgan peor que cuando entraron»

El derecho y el deber de escapar de prisión

Kartzelako euskal literatura, gaur egungoa bezain zaharra

Escapada a unos sanfermines de 1985 con mucha caspa y barracas políticas
