Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / Jefa de redacción de contenidos
FEMINISMOA, TRANSMISIODUN BORROKA

Olatu askatzaile bat, zapaltzailea gainditzeko

Korronte atzerakoi betean ospatuko da gaur Martxoaren 8a mundu zabalean. Gorrotoa, matxismoa, bazterkeria, xenofobia, beldurra eta bortizkeria elikatzen dituen erreakzio oro borrokatu du feminismoak historikoki. Halaxe erakusten du genealogia feministak, gure historia biziak. Belaunaldien arteko lotura sakona duen mugimendua dago kaleetan, etenik ez duena eta ikasketa geldiezinean dabilena.

Florence Luscomb feminista aitzindaria hitzaldi bat ematen Radcliffe College-n (Cambridge), 1971n.
Florence Luscomb feminista aitzindaria hitzaldi bat ematen Radcliffe College-n (Cambridge), 1971n. (Spencer Grant | Getty Images)

Shelly Drake manifestaria. Bularretakoa kendu zuen San Frantziskoko saltoki handi baten kanpoaldean bularretakoen aurkako protesta batean. (Bettmann | Getty Images)

Anne Koedt eta Carol Hanisch aktibistak New Yorken 1968ko martxoan, «Ez negar egin, eutsi!» dioen pankarta bat eusten duten bitartean. (Bev Grant | Getty Images))

Emakume askeak, zapalkuntza orotatik libre biziko direnak. Borroka feministak horixe du xede. Eta borroka horrek, oinarri horiek, inoiz baino biziago jarraitzen dute. Mendez mende eta hamarkadaz hamarkada, emakume beltzek, emakume sufragistek, lesbianek, transexualek eta belaunaldiz belaunaldi altxatutako beste hainbestek egindako borrokak ez du zentzurik galdu, ideologia eta sistema atzerakoiaren zapalketa ez delako eten. Birformulatzen joan da, hori bai. Maskara aldatu du, testuinguruaren arabera. Diskurtsoa egokitu du, momentu politiko eta sozialaren komenentzia kontuan hartuta. Baina asmoa, asmoa ez da aldatu: patriarkatuaren sustraiak ongi errotuta mantendu nahi ditu, pribilegioa betikotu. Eta ideia horrek denboran iraungo duela bermatu.

Feminismoaren erradikaltasuna defendatzen du Angela Davisek. Feminismoari erasotzen diharduen olatu erreakzionario honen erdian, Davis bezalako erreferenteak ezinbesteko iparrorratz dira. Beldurrak menderatuko gintuela uste zuten eta horixe sinetsarazi nahi izan digute. Elkartasuna elikatu dugu feminismoaren eskutik, gizartea eraldatzeko tresna ezinbestekoa dela jakin badakigulako. Bakoitza bere buruari begira nahi gaituzten honetan, indibidualista eta berekoi, ekintzarik erradikal eta askatzaileena da ondokoaren eskutik injustizia borrokatzea. Elkarrekintzak sortzen duelako sarea, baita transmisiorako haria ere.

Coreta Scott King, Houstongo Zentro Zibikoan, emakume arrazializatuz inguratuta, 1977ko Emakumeen Konferentzia Nazionalaren ebazpenaz hizketan. Han bildu ziren ordezkariek proposatutako ebazpenak adierazten zuen emakumeek arrazagatik eta sexuagatik diskriminazioa jasaten zutela. (Bettmann | Getty Images)

Emakumeen Askapenerako Mugimenduaren manifestazioa 1972ko azaroaren 27an, Parisen. (Erwan Artault | Sygma | Getty Images)

Chicagoko Berdintasunaren Aldeko Emakumeen martxa, 1971ko abuztuaren 26an. (Robert Natkin | Getty Images)

Emakumeen Askapenerako Martxa Londresen: feministek emakume baten gorputz enborrarekin eta etxeko objektuekin apaindutako gurutze bat daramate. Soldata berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde egin zuten martxa hura. (Bettmann | Getty Images)

Emakume sufragistak altxatu izan ez balira, boto eskubidea gizonen kontua izango litzateke bakarrik. Rosa Parks ez balitz autobuseko eserlekuan irmo gelditu, bere lekua gizon txuri batek hartuko zukeen, eta legedia arrazista iraunarazi. Abortisten borrokarik gabe, eskubide sexual eta erreproduktiboak kolokan egongo lirateke. Emakumeen lan eskubideen inguruko mobilizaziorik ezean edota zaintzari buruzko eztabaidarik gabe, lau hormen artean ezkutatutako zapalkuntzak indarrean jarraituko luke. Giza eskubideen aldeko aldarri sakona da feminismoak egiten duena, egunero, autodefentsa eta gaitzespen soziala indarkeria matxistaren kontrako erresistentziaren ikur bihurtuz.

Egunero eta komunitatean ondutako mugimendua kalean izango da gaur ere, balore askatzaileak zabaltzen, belaunaldien arteko transmisio lana egiten. Bihar arituko den bezalaxe. Gizartea behingoz esna dadin.

Simone de Beauvoir Bobigny-n (Estatu frantsesa), abortuaren inguruko epaiketa batera iristen. (Alain Dejean | Sygma | Getty Images))

Emakume talde bat Pantera Beltzen alderdiak eta Emakumeen Askapenerako Mugimenduak deitutako protesta batean. (Bev Grant | Getty Images))

Angela Davis aktibista Ipar Carolinako manifestazio batean egindako hitzaldian, 1974ko uztailaren 4an. (Bettmann | Getty Images)

Gizonezkoek gehiengoa zuten «Newsweek» aldizkariko berrogeita sei emakume langilek 1964ko martxoaren 16an egindako prentsaurrekoa, hedabidea Eskubide Zibilen Legearen esparruan auzitara eramango zutela iragartzeko. (Bettmann | Getty Images)