Tokikotik nazioarteko erakusleihora

Txintxua Films-en sortzen diren lanak ez dira oharkabean pasatzen, euskal ikus-entzunezko garaikidean ahots propioa duten piezak dira. Trintxerpen sustraituta, 2008an abiatu zuten bidea Asier Altuna zinemagileak eta Marian Fernandez Pascal ekoizleak, zinema ulertzeko modu intimo eta konprometitu baten alde eginez.
Hasieratik bertatik, egile-zinemaren lurraldean kokatu da Txintxua Films, narrazio ausartak eta forma zainduak uztartuz, eta beti euskal kultura eta hizkuntza ardatz hartuta. Bide horretan sortu dira, besteak beste, “Amama”, “Bertsolari”, “Dantza”, “Oreina” eta “Karmele” lanak. Jaialdietan ibilbide oparoa egindako filmak, kritikaren eta publikoaren begirunea irabazi dutenak. Aurten, gainera, Koldo Almandozek zuzendutako “Azken agurra” estreinatuko dute, ekoiztetxearen ibilbide sendoari beste kapitulu bat gehituz.
45 urteko Tomas Martinezen istorioa azalduko du: hileta zibilen enpresa baten jabea, praktiketan ari den idazkari gazteaz maitemindua, aita traketsa, enpresari kaotikoa eta ameslari amorratua.
Azken urteotan jauzi estrategikoa egin dute fikziozko telesailen lurraldera, formatu luzeek eskaintzen dituzten erritmo eta sakontasun berriak beren eginez. Zineman landutako sentsibilitatea galdu gabe, narratiba seriatuaren aukerak baliatu dituzte, eta horren adibide argiak dira “Hondar ahoak” eta “Zeruak ahoak”. Bi telesail horiek mugarri izan dira ekoiztetxearen ibilbidean, bai kontakizunaren ausardiagatik, bai formaren eta edukiaren arteko oreka finagatik. Euskal fikzio garaikidean erreferentziazko bi lan dira.
2022an, Netflixentzat ekoitzitako “Intimidad” telesailak beste jauzi bat ekarri zuen. Itziar Ituño protagonista zuen fikzio lanak harrera beroa izan zuen, eta ekoiztetxea plataforma handien mapan kokatu zuen, tokikotik abiatuta unibertsala eraikitzeko duten gaitasuna agerian utziz.
Orain, berriz, Netflixerako telesail berri batean buru-belarri dabiltza: “Esa noche”; martxoaren 13an estreinatuko da Hego Euskal Herrian. Gillian McAllister idazlearen “That Night” eleberrian oinarrituta, Dominikar Errepublikara oporretan doan neska baten istorioa kontatuko du. Elena da protagonista, Clara Gallek (Iruñea, 2002) antzeztua. Istripu baten ondoren, Elenak bere bi ahizpei deituko die, eta egoerari nola aurre egin erabaki beharko dute hirurek. Claudia Salas eta Paula Usero dira beste bi aktore protagonistak. Telesailaren sortzailea Jason George da, eta ekoizle eragile lanak Marian Fernandez Pascalekin partekatzen ditu.
Txintxua Films euskal ikus-entzunezkoen erreferente bat izateaz harago, tokiko narratiben eta plataforma globalen arteko zubia ere bihurtu da. Apurka, naturaltasunez eta koherentziaz, jaialdien eta streaming zerbitzuen artean bere lekua egiten ari da, istorio txikietatik abiatuta emozio handiak eraikitzeko duen dohaina galdu gabe.

El Mundial del despojo: agua, negocio y gentrificación en Ciudad de México

«El cine no cambia el mundo, lo cambia el activismo»

Psicología y biología detrás del sabor dulce

Irudimenaren boterea bitxikerien kabinetean

