Aldakortasunaren anatomia, 25 Verde
Italiako Turin hiriaren kanpoaldean kokatutako 25 Verde etxebizitza multzoa arkitekturaren eta naturaren fusio garbia da. Fatxadan eta teilatuan zuhaitzez eta bestelako landarez inguratutako 63 apartamentuok baso batean bizitzearen sentsazioa ematen diete bertako bizilagunei.

Turingo periferian kokatutako 25 Verde bizitegi-multzoa azken urteotan hiriburuko Open House jardunaldietako gauza erakargarrienetakoa bihurtu da. Eta ez da inondik ere kasualitatea. Gaur egun, arkitektura jasangarria maiz irtenbide teknologikoen bilduma batera, edo aurreikus daitezkeen ingurumen diskurtsoen errepikapenera, mugatu ohi den honetan, proiektu honek bestelako begirada bat proposatzen du. Izan ere, naturaren presentzia elementu apaingarri huts gisa txertatzetik harago, arkitekturarekin batera arnasten, hazten eta bizi den eraikuntza eredua planteatzen du.
Eraikina kanpoaldetik zintzilik dagoen baso txiki bat bezala agertzen da. 150 zuhaitz baino gehiago azaleratzen dira terraza, patio eta lorategi goratuen artean, eta urtaroetan zehar higiezinaren pertzepzioa eraldatzen duen irudi aldakorra sortzen du horrek. Arkitektoak, Luciano Piak, eraikitako materiaren eta materia biziaren artean erlazio organikoaren aldeko apustua egiten du. Zuhaitzak ez dira apaingarriak, nahiz eta horrelako batzuk ere aurki daitezkeen egituran.
Etxebizitza kolektibo garaikidearen ohiko zurruntasunaren aurrean, begetazioak naturari dagozkion ziurgabetasuna, aldakortasuna eta eraldaketa txertatzen ditu. Zuhaitzen adaburuek fatxadaren itxura aldatzen dute, argia iragazi, itzalak mugiarazi eta barne-espazioen esperientzia etengabe berridazten dute. Horrela, urtaro bakoitzak eraikina beste modu batera birsortzen du. Udaberriko berde biziak, udako dentsitateak, udazkeneko tonu okreek eta neguko biluztasunak eszenografia bizia bihurtzen dute eraikitako ingurunea.
Proiektuaren ezaugarri bereizgarrienetakoa tamaina handiko loreontzien sistema da, eraikinaren solairuak zeharkatzen dituzten harlauza irtenen gainean txertatua. Elementu horiek irtenguneen eta atzeraemanguneen jokoa sortzen dute, fatxadaren monotonia hausten duena eta multzoaren pertzepzio dinamikoa eragiten duena. Landarediak, gainera, bertikalki hedatzeko joera hartzen du, balkoiak, terrazak eta barruko patioak bereganatuz. Horrela, etxebizitzaren barrualdearen eta kanpoko paisaiaren arteko muga lausotu egiten da, bien arteko jarraitutasun espazial ia organikoa eraikitzeraino.

Arkitekturaren eta landarediaren arteko harreman hori da, ziurrenik, proiektuaren alderdi interesgarrienetakoa. Eraikinaren adierazkortasun formalak ikuspuntu estetikotik askotariko iritziak sor ditzakeen arren, gustu pertsonaletik harago, proiektuak gogoeta sakona azaleratzen du, natura arkitekturaren parte banaezin eta egituratzaile gisa ulertzeko gaitasuna duelako. Emaitza basoaren eta eraikinaren arteko hibridazioa da. Landare dentsitateak hiriko bizitegi-konplexu batean ohikoa ez den babeslekua sortzen du.
Sortzen duen irudiaz gain, zuhaitzek erregulatzaile termiko natural gisa jarduten dute, udan eguzkiaren eragina murriztuz eta airearen kalitatea hobetzen lagunduz. Landaretzak mikroklima sortzen laguntzen du, hiriko zarata lausotzen du eta jendea bizi den espazioak osasungarriagoak egiten ditu. Eraikinaren interesa prestazio ekologikoek arkitekturarekin integratzeko moduetan datza.
Alde horretatik, eraikinak kritika isila egiten dio irudiaren eta neutraltasun teknologikoaren menpekotasun handiegia duen arkitektura garaikide jakin bati. Luziano Piak arkitektura inperfektua proposatzen du, denboraren joanari eta elementu naturalen ekintza aurreikusezinari irekia. Eraikinak onartzen du hostoak erortzea, adarrak modu desberdinean haztea eta paisaia inoiz geldirik ez egotea. Aldakortasun hori bere gain hartzeko borondateak ematen dio proiektuari bere sakontasun berezienetakoa. Izan ere, urrutitik begiratutako paisaia izateari uzten dio eta haren funtsezko osagai bihurtzen da.
Ekosistema bizigarri modura, arkitekturak naturari gailentzeko joera baztertu eta harekin orekan oinarritutako harremana eraikitzen du. Dentsitateak, kutsadurak eta berdeguneen galerak gero eta gehiago estutzen duten hiri-testuinguru honetan, proiektuak landarediarekiko adiskidetze posiblea iradokitzen du, biak elkarrekin eraldatzeko gai direla erakutsiz.




