Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Etxe bat zuhaitzentzat

Zuhaitzentzako Etxea, Ho Chi Minh hirian (Vietnam) kokatua, 2014an diseinatu zuen Vo Trong Nghia Architects-ek, eta prototipo berritzaile bihurtu da etxebizitza. Kutsadura gehiegizkotik eta hiri pilaketetatik ihes egin ez duen landaredi tropikaleko herrialde honetan, arkitektura berde hau oasi bat da.

Zuhaitzentzako Etxearen irudiak. Biztanleak landare eta zuhaitzen ondoan bizi dira etxe honetan.
Zuhaitzentzako Etxearen irudiak. Biztanleak landare eta zuhaitzen ondoan bizi dira etxe honetan. (VTN Architects, Hiroyuki Oki)

Vietnameko Ho Chi Minh hirian, non motozikletek oihaneko zurrumurrua ordezkatu dutela dirudien, House for Trees (Zuhaitzentzako Etxea) etxebizitza matxinada berde txiki bat bezala ageri da. Ez da lorategia duen etxebizitza soila, proposamena harago doa, zuhaitza etxeko kide baten pare onartuz. Tan Binh-en, VTN Architects arkitektura bulegoak eraikitako etxe honek naturari gailentzeko logikari uko egiten dio, eta landarediarekiko bizikidetza material, klimatiko eta sinbolikoa entseatzen du.

Baso tropikal oparoekiko harreman estua ahultzen joan da urbanizazioaren, kutsaduraren eta hiri pilaketaren presiopean. Galera horren kezkatik abiatzen da proiektua, zer gertatuko litzateke berdegunea eraikinen arteko hondakin espazial hutsa izan beharrean etxebizitzaren egiturazko osagai bihurtuko balitz? House for Trees proiektuak hipotesi hori entseatzen du estalkia lurzoru emankor bihurtuz eta eraikina landare-topografia txiki baten egitura gisa baliatuz.

Irudiaren indarra, hain zuzen, haren soiltasunean datza, hormigoizko bost bolumenek loreontzi bizigarri handi gisa funtzionatzen baitute. Kutxa bakoitzak programa desberdin bat hartzen du bere barnean, eta, aldi berean, tamaina handiko zuhaitz tropikal bati eusten dio estalkian. Ohiko etxe batean loreontzi arrunta izango litzatekeena handitu egiten da espazio bihurtzeraino. Gizakia ez da, jada, etxearen erabiltzaile bakarra; pisua, itzala, hezetasuna eta denbora beste bizi forma batzuen presentziarekin partekatzen ditu.

VTN Architects, Hiroyuki Oki

Bost gorputzak erdiko patio baten inguruan antolatzen dira, herrixka txiki bat osatzen duten pieza autonomoen gisara. Beraien artean lorategi interstizialak, pasabideak eta itzalguneak daude. Etxebizitza ez da objektu trinko gisa ulertzen, atalen konstelazio gisa baizik. Zatiketa horri esker, aireak libreago zirkulatzen du, argi naturala sakonago barneratzen da, eta eguneroko bizitza barnealdearen eta kanpoaldearen arteko trantsizio etengabean garatzen da. Patiora irekitzen diren bao handiek muga horiek porotsu bihurtzen dituzte. Kanpoko fatxada itxiagoek, berriz, pribatutasuna babesten dute.

Beheko solairuan espazio komunak kokatzen dira patio eta lorategirantz luzatuta. Goiko solairuetan, berriz, logela eta bainugela pribatuak daude, metalezko pasabideen bidez lotuta. Antolaketa horrek barnealdearen eta kanpoaldearen arteko harremana indartzen du, gelaz gela ibiltzea ez da ibilbide itxi bat, baizik eta argiaren, itzalaren, airearen eta landarediaren presentziak etengabe zeharkatutako esperientzia bat.

Proiektuak, gainera, metafora hutsean geratzea eragozten dion dimentsio teknikoa du. Lorategi estalkiak ez dira apaingarri hutsak, haien lur geruzek euri ura atxiki eta geldiarazteko gaitasuna dute, uholde sasoien eraginpean dagoen hiri batean estrategia bereziki garrantzitsua. Logika hori etxebizitza askotan errepikatuz gero, hiri drainatzearen gaineko presioa arindu liteke. Horrela, landare arkitektura azpiegitura bihurtzen da, edertzeaz gain, ura xurgatu, tenperatura apaldu, itzala sortu eta ingurunea erregulatzen baitu.

VTN Architects, Hiroyuki Oki

Planteamendu klimatiko eta material hori eraikuntza sisteman ere gauzatzen da. Arkitektoek tokiko eta kostu txikiko soluzioetara jotzen dute. Horrela, kanpoko hormetan banbuzko kofratua erabiliz isurtzen da hormigoia, edota, barnealdeetako akaberetan, jatorri lokaleko adreilua erabiltzen da. Banbuzko kofratuak hormigoiaren azalean uzten duen testurak jatorri begetaleko arrastoa txertatzen du materia mineralean.

House for Trees ikerketa ildo zabalago baten barruan kokatzen da, bestelako bizikidetza eredua proposatzeko. Zuhaitzak, etxebizitzaren inguruan kokatu ordez, haren gainean ezartzen ditu, sostenguaren logikan txertatua, eraikinak landarediaren pisu literala bere gain har dezan.

Erabaki horrek denboraren pertzepzioa ere eraldatzen du. Etxea, askotan, amaitutako prozesu gisa ulertzen da; zuhaitzak, aldiz, denbora ireki bat sartzen du arkitekturan. Hazi egiten da, dentsitatea aldatzen du, hostoak galtzen ditu, itzal desberdinak proiektatzen ditu, intsektuak eta hegaztiak erakartzen ditu, eta arreta eskatzen du. Zuhaitzak estalkian integratzean, arkitekturak bere irudia erabat kontrolatzeari uko egiten dio. Uko horretan datza, neurri handi batean, proiektuaren edertasuna.

Etxebizitza giza babesleku, landare euskarri eta ingurumen gailu bihurtzen du, biztanleen eta landareen arteko hierarkia berrantolatuz.