Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Gurasokeria

Euskaraz, salto handia dago -tasunetik -keriara. Adibidez, oso desberdinak dira harrokeria eta harrotasuna. Aspaldi honetan pentsatzen aritu naiz gurasotasunetik gurasokeriara ere badela koska.

Gure gurasoek ahal zutena egin zuten. Tira, guraso denek egiten dute ahal dutena. Batzuek senez, bizimoduak baimentzen dien pausajean. Beste batzuek hamaika hazkuntza sistemari buruzko irakurketa eta tailerren artean. Ia denek, ahal dutena egiten dute eta ahal duten ondoen.

Ikasturte amaierako ekitaldietan ikusi ditut nerabeak galako jantzita, ikasketak amaitu dituztelako festan eta pozik. Baten batek akordura ekarri du berak ikasketak bukatu zituenekoa. «Ama, aita, bukatu ditut ikasketak». «Oso ondo, orain jaitsi zaborra, mesedez».

Euskarazko azterketa batean 0 atera duten ikasleen gurasoak ere ikusi ditugu bozgorailua eskuetan, protesta bizian. Horri buruz ere irakurri ditut grazia egin didaten iruzkinak. Umorea beti da botika ona jendartearen miseriak liseritzen laguntzeko.

Garai bateko gurasoak irudikatzen ditugunean, topiko dezente errepikatu ohi dira. «Gureak ez ziren inoiz etortzen eskubaloi partida ikustera». «Eskolan zigorra jasoz gero, etxean ere zigorra». «Lehen beti zeukan arrazoia irakasleak, orain beti batzuen seme-alabek».

Egia esan, topiko horietako batzuk ez daude gaurko egoera batzuetatik oso urrun, tamalez. Baina akaso garai bateko gurasotasuna ez zegoen hain oker.

Errepasatzen hasita, gure gurasoak beti zeuden hor, behar genituen tokian. Gure kirol jarduerak ikustera joan edo ez, ez ziguten sinistarazten eliteko kirolariak izateko gaitasunak genituela. Ez ziguten beti arrazoia ematen eta ez zuten ezkutatzen bizitza batzuetan mikatza dela. Ez ziren gure arazoak konpontzen saiatzen, horiek bideratzeko tresnak ematen saiatzen ziren. Ez zuten gure neurriko kristalezko burbuila bat eraikitzen, inongo min klaserik ez sufritzeko. Ez ziguten sinistarazten onenak, ederrenak, bizkorrenak ginela. Eta hori guztia maitasunetik bakarrik egin daiteke. Akaso hori da gurasotasuna.

2025ean onartu zuen Euskaltzaindiak gurasokeria terminoa. «Babes ematearen aitzakian, mendekoei edo zerbitzariei askatasuna edo eskubideak murrizteko joera». Guakamole hitza ere sorta berean onartu zuen Euskaltzaindiak. Biak dira oso modako hitzak -gurasokeria eta guakamolea, alegia- baina biak ez dira osasuntsuak.