Hundertwasser etxea
Gaur Vienara goaz. Zehazki, Friedensreich Hundertwasser arkitektoak diseinatutako eraikin batera. 1985ean amaitutako lana da, arkitektura modernoaren zuzentasunaren aurkako adierazpen argi bat. Etxebizitza sozialak, lanerako espazioak eta kafetegi bat hartzen ditu barnean.

Vienako kaleen artean, zuhaitzez, kolorez eta forma irregularrez osaturiko eraikin batek bat-batean hausten du hiriko paisaiaren uniformetasun ordenatua. Hundertwasserhaus ez da ohiko bizitegi eraikina. Arkitektura, landaredia eta eguneroko bizimodua elkartzeko ahalegin ausarta da, baita arkitektura modernoaren zuzentasunaren aurkako adierazpen argia ere. Proiektua Friedensreich Hundertwasser artistaren ideietatik abiatu zen, hasieran Josef Krawina arkitektoarekin batera, eta, ondoren, Peter Pelikanen laguntza teknikoarekin. 1985ean amaitutako eraikinak hainbat motatako etxebizitza sozialak, lanerako espazioak eta kafetegia ditu. Haren balioa betetzen dituen funtzioetatik harago doa, bizitzeko, eraikitzeko eta natura hirian txertatzeko beste modu bat proposatzen baitu.
1950eko hamarkadaz geroztik, Hundertwasserrek gogor kritikatu zituen baliabide naturalen neurrigabeko ustiapena, serieko ekoizpena eta hirien gehiegizko arrazionalizazioa. Lerro zuzenen nagusitasunak eta forma berdinen etengabeko errepikapenak ez zituela gizakien behar fisikoak eta psikologikoak kontuan hartzen azpimarratzen zuen. Ikuspegi horren aurrean, artistak, artea, teknologia eta natura uztartuko zituen eraikuntza sistema proposatu zuen. Eraikina ohiko teknikak erabiliz eraiki zen; ez datza egitura sistema esperimental batean, baliabide arrunt horiek arkitektura irregularra eta organikoa sortzeko erabiltzean baizik. Ertzak borobildu edota gainazalak koloreztatu egiten dira.

Bizilagun bakoitzak bere leihoaren inguruko espazioa moldatzeko zuen eskubidea izan zen proiektuaren funtsezko printzipioetako bat. Hundertwasserren ustez, eremu hori pertsonalizatzeko aukera izan behar zuten bizilagunek, beren nortasuna adierazi ahal izateko. Horrela, fatxada, gainazal uniforme eta errepikakorra izatetik, egoiliarraren, espazio kolektiboaren eta naturaren arteko harreman eremu bihurtu zen. Bigarren irizpidea, berriz, zuhaitzak eraikineko maizter gisa ulertzeko proposamena izan zen. Asko etxebizitzetan integratutako logia ireki txikietan landatu ziren. Hundertwasserren arabera, zuhaitzek ere eraikina okupatzeko eskubidea zuten, pertsonek bezalaxe. Haien ekarpena gizakiarena baino aberatsagoa izango zen: airea garbitzea, euri uraren zati bat xurgatzea eta egoiliarren ongizatea hobetzea, besteak beste; eta, era berean, landarediaren freskotasuna etxebizitzaren barrutik ikusteko aukera ematea.
Begetazioa estalkietara eta terrazetara ere zabaldu zen. Proiektuak hamasei terraza pribatu, hiru terraza komunitario eta landaredia berez hazteko hamar bat berdegune ditu; guztira, horien azalerak mila metro karratutik gora hartzen ditu. Eraikuntza amaitu zenean tokiko espezieak zein espezie exotikoak uztartzen zituen landaketa egin zen, hala nola haltzei, urkiei, astigarrei zein gereziondoei lekua eginez eraikitako ingurunean.

Esku hartzearen oinarrian, eraikinak lurrean okupatzen zuen azalera bera, edo handiagoa, estalkien eta fatxaden bidez, prozesu naturalei itzultzeko ideia zegoen. Landaredia, hortaz, ez zen apaingarri hutsa, proiektuaren funtsezko osagaia zen. Uraren kudeaketa ere ikuspegi horren parte zen. Eraikinak euri ura biltzeko andela eta ur grisak berrerabiltzeko sistema ditu, drainatze geruzekin batera. Landarediak prezipitazioen zati bat xurgatzen du, eta eraikuntza soluzioek lorategien azpian dauden etxebizitzak babesten dituzte.
Hundertwasserren arabera, estalkietako landarediak zarata eta berokuntza beharrak murrizten laguntzen zuen, oxigenoa sortzen zuen eta muturreko tenperaturak leuntzen zituen. Gaur egun klima aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenago hautematen ditugun honetan, bere garaian aurreratuak ziruditen ideia horiek indar berezia hartu dute, eta agerian uzten dute artista austriarra ez zebilela guztiz oker naturari arkitekturan leku handiagoa eskatu zionean.
Eraikina ez zen errepikatzeko moduko formula gisa planteatu, eraikitzeko moduaren aurrean jarrera jakin bat sortzeko aukera gisa baizik. Amaitu eta lau hamarkada ondoren ere, badu galderak sortzeko gaitasuna.

«El sentimiento de soledad me incita a escribir»

Maria Cristina: Oligarkiaren liberalismoa

La fibra que hace dos siglos enriqueció Yucatán hoy apuesta por un futuro sostenible

¿A qué temperatura sabe mejor la comida?
