MARKEL URRATE ANTIA / SALTO TRAINING
KIROLA

Banda iliotibialeko lesioa

(Getty Images)

Korrikalarien arten ezaguna dugun patologia dugu hau. Belaunaren kanpoaldean nabaritu ohi den lesioa da, hasiera batean ziztada baten moduan ageri ohi dena eta, okerrera joan ahala, eskailerak jaistea bezalako eguneroko keinuetan nabaritzen dena.

Banda iliotibial hori ehun konektiboz osatutako egitura sendoa da, izterraren kanpoaldetik aldaka eta belauna lotzen dituena. Besteak beste, beheko gorputz adarraren egonkortasunean parte hartzen du; horrenbestez, kilometroen bolumena handitu ahala, ehun horrek duen exijentzia ere nabarmen handitzen da. Korrika egitean, belaun eta aldakaren flexio-estentsio mugimendua askotan errepikatzen dugunez, inguru horrek jasaten duen karga handia izan daiteke.

Urte luzez, lesioaren jatorria banda iliotibialak femurraren kanpoaldearekin sortzen zuen marruskadurari egotzi izan zaio. Azken ikerketek, ordea, arrazoi bat baino gehiago egon daitezkeela aurkitu dute: ehunen konpresioak, koadrizeps-iskiotibial ratioaren desorekak, korrika egiteko biomekanikak, aldakaren kontrol neuromuskularrak eta entrenamendu kargak, besteak beste. Beraz, faktore ugariko patologiatzat har daiteke, eta horrek kasuan kasuko azterketa sakonago bat eskatuko digu.

Eta zer egin? Patologia guztietan bezala, lehen urratsa diagnostiko egoki bat izatea izango da, lesioa definitu eta beste patologia batzuk baztertzeko. Ondoren, mina eragiten duen jardueraren karga egokitzea izango da, zenbait kasutan jarduera bera uzteraino. Berregokitzapenaren hurrengo pausoa fisioterapia tratamendua da, horrek ehunaren inflamazioa gutxitzen lagunduko baitigu.

Eta hemen ohiko akatsa. Mina desagertzeak ez du lesioa atzean utzi dugula esan nahi. Kirol praktikara itzultzearen gakoa berregokitzapen apropos batean egongo da. Fisioterapia prozesuarekin konbinatuta, indar eta mugimendu kontrolaren entrenamendua hasiko da. Biomekanikaren balorazio baten bidez, ondorioak atera, eta progresiboki indar entrenamenduaren programa diseinatzeko unea izango da. Aldakako giharrei garrantzia eman, mugimenduaren propiotzepzio eta gihar kontrola landu eta progresiboki kargak egokitzen joango gara. Prozesu horren azken faseetan, pliometria edo inpaktuko ariketak sartuko ditugu, eta pixkanaka, korrika egiteko teknika birbaloratuz eta zuzenduz, bolumena eta intentsitatea handituko dira.

Gorputzari entzun, entrenamenduen kargak neurtu eta bolumenari baino kalitateari garrantzia ematea aholkatuko nizueke.