Ariketa zuzentzailea, zer da?

Ariketa zuzentzaile” kontzeptua Googlen bilatzean agertzen zaigun esanahia ondorengoa da: «Desoreka muskuloeskeletikoak ebaluatu, identifikatu eta zuzentzeko helburua duten ariketa espezifikoak dira». Beraz, jarduera fisikoa osasuntsu mantentzeko eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin aplikatzen dugunok ariketa zuzentzaileak erabili beharko genituzke erreminta gisa gure entrenamendu programetan.
Gure kasuan, edozein indarreko ariketa ikusten dugu ariketa zuzentzaile gisa, betiere helburu zehatz batekin egiten dena eta pertsona baten berezitasunei egokituta dagoena. Hau da, ariketa zuzentzailetzat jotzen dira, besteak beste, sentadilla bati albotik goma bat sartzea kargen desoreka zuzentzeko, orpo azpian disko bat jartzea dorsiflexioaren limitazioa konpentsatzeko edo eskumuturretan goma bat sartzea press bertikal bat egiten den bitartean; baina, gure iritziz, ez da hori bakarrik. Eta egia da ariketa mota horiek garrantzi handia hartu dutela azken urteetan lan prebentiborako programetan edota lesioak berregokitzeko helburuarekin egiten diren jardueretan, baina, berriro diot: gure ustez, ariketa zuzentzailea ez da hori bakarrik.
Ariketa zuzentzaileak esanahi sakonago bat du, eta, gure iritziz, hor sartzen dira aurretiko ebaluazio egoki baten ostean egiten den edozein indar entrenamendu egokitu eta era espezifikoan egin daitekeen ariketa oro. Horrek esan nahi du zaku berean sartu beharko genituzkeela ariketa unipodalak, asimetrikoak, unilateralak, desoreka egoeran daudenak, core-aren egonkortasuna behartzen dutenak… Izan ere, deskonpentsazioak zuzentzeko balio dute eta oso erabilgarriak dira bai osasun, bai kirol, bai lesio baten berregokitzapenerako helburu ezberdinak betetzeko.
Laburbilduz, gomekin egindako edota karga baxuko ariketei noski ariketa zuzentzaile deitu behar diegula, baina ariketa mota horiek ez dira soilik materialen arabera ezberdintzen. Ariketa mota hori definitzen duena ariketaren helburua bera da, eta, indar programa espezifiko baten testuinguruan pertsona bati bideratutako ariketa behar bezala egokitu baldin bazaio, haren saioa ariketa zuzentzaileez beteta egongo dela esan genezake.




