GAIZKA IZAGIRRE

Generoen arteko talka

Na Hong-jin zinema zuzendariak Sitgeseko jaialdian aurkeztu zuen bere azken lana joan den urriaren 12an.
Na Hong-jin zinema zuzendariak Sitgeseko jaialdian aurkeztu zuen bere azken lana joan den urriaren 12an. (Borja B. Hojas | Getty Images)

Maite ditut thriller korearrak; “Memories of Murder”, “A Bittersweet Life”, “The Chaser”, “I Saw the Devil”, “The Vengeance Trilogy”, “The Yellow Sea”, “The Man from Nowhere” edota “Mother”, esaterako, ezinbestekoak iruditzen zaizkit.

Baina gaur pixka bat atera nahi dut esparru horretatik, ez gehiegi. Izan ere, thrillerra, beldurra eta misterioa uztartzen dituen eta erabat harrapatu ninduen film bat iritsi zen 2016an: “Goksung”, Na Hong-jinek zuzendua. Film kezkagarria, arraroa eta sailkaezina da; ikerketa polizial baten moduan hasi eta, pixkanaka, lurralde askoz ilunago, anbiguo eta asaldagarriago batean barneratzen den horietakoa.

Bada, Na Hong-jin zuzendariak film berria dakar urriaren 30ean: “Hope”, Donostia Zinemaldiko Perlak sailetik igaro zena. Lehen minututik bertatik, zientzia-fikziozko thriller batek ustez izan beharko lukeenari belarrondoko galanta ematen dion filma da. Arauak apurtzea da film horren arau bakarra.

Hego Koreako landa komunitate txiki batean girotuta, izaki ezezagun baten agerpena kontatzen du filmak. Hortik aurrera, indarkeriaz, jazarpenez eta biziraupenez betetako espiral batean sartuko dira pertsonaiak. Baina “Hope” munstroen film gisa deskribatzea ez da guztiz zuzena.

Munstroen zinemak, tradizioz, iluntasunean aurkitu izan du bere aliatu nagusia: ikusi nahi ez duguna ezkutatu, eta gainerakoa ikuslearen irudimenaren esku utzi. Na Hong-jinek, ordea, kontrako norabidea hautatu du. Paisaiak, ibilgailuak, gorputzak eta izakiak argi bortitz, ia erasokor baten pean erakusten ditu. Filmean apenas dago iluntasunik.

Hasieran, misterioari eusten dio, izakiaren presentzia iradokiz baina hura erakusteari uko eginez. Baina behin munstroa agertzen denean, filma bera ere kontrola galtzen hasten da. Eta hori filmaren indargune eta ahulgune nagusietako bat da, ez daki balazta ongi erabiltzen.

Na Hong-jinek hibrido bitxi, basati eta neurri batean zoroa eraiki du. Estralurtarren inbasioen zinema, thrillerra, landa-westerna, komedia beltza, akzioa eta body horror-a nahasten dira.

Pertsonaia arketipikoak, munstroak, armak, autoak, zaldiak, umore absurdoa eta muturreko indarkeria koktel-ontzi berean sartzea ez da, berez, ideia txarra; baina nahasketa horrek bere pisuari eutsi behar dionean gehiegikerian hasten da. Eta “Hope” ez da beti gai horretarako.

Tarteka, sekuentziak gehiegi luzatzen dira eta akziozko eszenak errepikakorrak dira. Filmaren iraupenak ez dio beti mesederik egiten, eta badira erritmoa arrastaka eramaten duten pasarteak.

Batzuetan, Hollywoodeko superprodukzio baten itxura du; beste batzuetan, B serieko film zoro eta lotsagabe batena; eta, tarteka, akziozko zinemaren satira dirudi.

Emaitza neurrigabea eta irregularra da, baina, aldi berean, arraroa bezain liluragarria. Ez da aurreko lana bezain gogoangarria, baina beti da pozgarria Na Hong-jin-en film berri bat estreinatzea.