MIREN AMURIZA
IRITZIA

Take this waltz, take this waltz…

Makina bat bider entzun zaitut aspaldion marmarrean, denera ailegatu ezinik zabiltzala eta erloju handiagoa erosi behar duzula esanez hala orduak apur bat luzatzeko esperantzan. Alabaina, beste konpromiso bat hartu ei duzu; modako erlaxazio ikastaro horietako bat, gimnasia eta arnasketak… Fin zabiltza gero! Baina kafearen ordez infusio exotikoak hartzen dituzunetik nork esan ezer zuri? Lehenengo saiora behintzat berandu iritsi zara. Gainerakoak prest dira, hamar bat emakume esterilen gainean jarrita, eta hara nortzuk tokatu zaizkizun alboan; Jaungoikoa eta Lagi Zaharraren izenean plenoetan hitza hartzen duen señora eta bere adiskideak! Irribarre erdiarekin adierazi dizute hobe zeundekeela gaztetxeko batukadan edo euskal dantzetan, aitor ezazu bihotz-bihotzez gorroto dituzula zeuk ere. Orain hobe ahaztea.

Begiak zarratu eta arnasa sakon hartzeko agindu dizue monitoreak musika ipintzen duen bitartean, Leonard Cohenen “Take this waltz” (zeinen ondo geratuko litzaizukeen aipamen hori zutabegilea bazina!). Eta han hasi zara hartu eta bota, hartu eta bota… Noiz egin duzu azkenekoz ariketa fisiko gidatua? Akorduan duzu zelako aitzakiak asmatzen zenituen eskolan Gorputz Hezkuntzatik libratzeko? Moldakaitza zer zinen ba! Frontenisean haizea astindu baino ez zenuen egiten, igerilekuan ia hamalau urtera arte flotadore arrosa higuingarri hura jantzita biziraun, boleibolean… zenbat meteoritok ez ote zintuzten jo, plasta, aurpegi-aurpegian? Eta futbolean? Gora San Fermin! Zezenagandik ihesi beti. Behin harrapatu zintuen eta han zindoazen baloiari ostiko txikiak emanez, harrituta inork kentzen ez zizulako. Zure urrezko minutua… harik eta zelaitik kanpo zenbiltzala oihukatu zizuten arte. «Ai, ai, ai, ai, take this waltz, take this waltz…».

Kanta amaitu denean, zutiarazi egin zaituzte. Orduan gomazko baloi urdin erraldoi batzuk atera ditu monitoreak, garai bateko zezentxoen aldean elefanteak diruditenak. Baloiaren gainean etzan eta zangoak airean dituzuela, eskuekin lau urrats aurrera eta beste lau atzera egiteko agindu dizue, mantso-mantso joateko. Etzan zara elefantearen gainean, luzatu dituzu besoak, kulunkatu eta… kanka, bekokiak tupust parket hotzarekin. Horrela sentitzen ote dira boxeo izarrak behea jotzen dutenean? Baina zer diozu? Lurrean beso eta hanka zabalik zapo bat dirudizu eta! Bat-batean barrez lehertu zara; barre zapoari, elefanteari, meteoritoei, zezenei, flotadoreari… Negar egiteko bezain ausarta izan ez eta barre egiteko baino koldarragoa izatearren pasatako estutasun haiei guztiei. Señorak begirada fulminante bat bota dizu. Hor konpon marianton!