GALDER PEREZ
IRITZIA

Atea nori ireki

Ateak gure etxeetako sarrera dira. Babesteko omen da atea, harresi modukoa dira gurean. Umeago ginenean, ipuinek atea nori zabaltzearen arriskuaz ohartarazi nahi ziguten. Amamak otsoari ireki zion atea, Txanogorritxo zelakoan. Agur, amama, otsoak jan zintuen! Otsoa ere, zazpi ahuntzei ederra sartuta, etxe barrura sartu zen. Bestelako ateak ezagutu genituen ondoren. Nork ez du Alicek bezala Lurralde Miresgarrira joateko atea gurutzatu nahi izan? Ahaztezina ere The Shining, “El Resplandor”, filmean Jack Nicholsonen ero aurpegiak puskatutako ate zuria. Eta ate zuriez ari garela “The Truman Show” filmaren bukaerakoa, kaiolatik ateratzen denekoa, ustezko askatasunera jauzi egiteko gertu. Gu, ordea, bilbotarrak, gero eta gehiago atearen beste aldean sentitzen, gure hiria bilakatzen ari den show erraldoi horren parte, alegia. Truman mordoa omen gara.

Bilboko agintariek atsegin dute esatea «uriko ateak» ebento handiei irekitzen zaizkiela, zer eta gu denon onerako delakoan. Gure hiriko giltzen jabe sentitzen dira eta, tamalez, zentzu askotan, izan, badira. Ez jagole, ordea. Izan ere aldi baterako gertakariek ezin dute hiri batek behar duen egunerokotasuna eta egonkortasuna sendotu. Marketin potoloen izenean egindako behin-behinekotasun honek, gainera, otsoaren moduko asmakeriak eta gezurrak esatera bultzatzen ditu giltzaren jabeak. Errugbiaren finalarekin gertatu bezala, bai horixe. Jarduera gertatu aurretik lotsatzeko moduko harrokeriaz jardun ziren, propagandarako komunikabideak lagun, hotelak zein garesti zeuden kontatzeko. Ondoren, eskandalua gertatu eta gero, amonaz mozorrotutako otsoak bezala, inspekzio hipokritak egiten hasi ziren.

Baina okerrena da, benetan, hiriko atea nori eta zergatik irekitzen zaion. Hiri bateko ateak pertsona guztientzat irekita egon beharko lirateke, zalantza barik. Baina etorkin zein errefuxiatuei ateak itxi bitartean, ekitaldi arranditsuei zabaltzen zaizkie ateak. Auzoetako jaiak normaltasunez ezin ospatu bitartean, garagardo marka ospetsuek erraztasun pila dute hiri erdian haien txosnak jartzeko. Berdintasun eta integraziorako politika sozialak bultzatu beharrean, kultur edo kirol jardueraz mozorrotutako politika komertzialak baino ez dira bultzatzen. Adibide sinpleetara joanda, gau normal batez, etxera bueltatzeko garraiobiderik ez dugun bitartean, kanpotik gurera datozenek gau osoan irekita dituzte metro geltokietako ateak.

Zarata komertzial handiari eraginda, udazkenerako berriz ere hipnotizatu nahi gaituzte. Oraingoan MTV sarietarako. Eta urrezko giltza emango diote telebista kate komertzialari, nola ez. Ikusiko dugu, ordea, nork zabalduko dien beste batzuei atea, edota nola irekiko zaien. Udazkenean Bilbon ere ospatu behar den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketak izango al du hiria okupatzeko baimena eta babesa? Otsoak hiriko giltza irentsi zuen, antza.