Alaia Martin
IRITZIA

Anbulantzia

Behin aipatu nuela uste dut, heztea ezetzera ohitzeko bide bat bezala irudika litekeela. Hezkuntza ezezkoetan trebatzea dela, zer ez bereizten jakiteko bide sigi-sagatsua. Zalantzarik ez dut, zer ez bezala, garrantzitsua dela zer bai jakitea, baina aukeratu behar banu zer ez-ak finkatuko nituzke, eta zertzuk bai, hezi beharreko pertsonaren eskuetan utzi.

Haurrak tuntuntzat edo tontotzat hartzen ditugu askotan, plastilinazko eta kotoizko azalpen ertzik gabeak eskainiz, baina uste dut jarrera hori, haurrak bezala, hazten ari dela, eta ahazten ari zaigula gauzak ez esaten, ikuspegi ez-manikeista erabiltzen eta azalpenak zabalik uzten.

Elkar laguntzea, edozein komunitateren komuneko papera izan behar litzatekeen arren, laguntzeagatik laguntzearen zurrunbiloan zorabia gintezke. Laguntzea norberak norberarentzat nahi lukeen laguntza ematea balitz bezala, eta laguntzen saiatzen garen guztietan, lagunduko bagenu bezala. Laguntzeko gogoa nondik datorkigun aztertzea ere izan liteke gakoa. Nori laguntzeko asmoa dugu benetan? Parekoari? Geure buruari? Geure buruari eta parekoari? Azken galderaren baiezko erantzunaren bilaketa bidean, askotan galtzen gara erabilitako tiritetan.

Laguntzea agian ez baita, kasu guztietan behintzat, ustez pattal dabilen lagunari, aldiro, pattal dabilela gogoraraztea eta emotikonorik transzendentalenak bidaltzea, funeral-aurreko errukiz. Laguntzea agian ez baita minari ihes egiten dion lagunari minari ihes egiten jarraitzera bultzatzea, bere argudioei buruarekin baietz-baietz eginez. Laguntzea agian ez baita pisua hartu nahi eta hartu duenari zorionak ematea, edo galdu nahi eta galdu duenari bere aldaketa lorez aipatzea. Laguntzea joatea ere bada, ez egotea eta ez izatea, eta ez aholkatzea.

Negar eginarazten gaituenak maite gaituela gehien irakurri izan dut, zuek bezala ziurrenik, hainbat aldiz. Beldurgarria da esaldi hori oinarritzat hartuz bizitzea, eta ez zait hedagarria iruditzen, ez ordea, aurkakoa ere, ongi sentiarazten zaituenak eta bakea ematen dizunak lagunduko dizula gehien. Ez dagoelako inor bere bizi ibilbide osoan zehar parean jarrera bera behar duenik, gordintasun edo goxotasun bera behar duenik. Batzuetan haserretu egiten gara lagundu nahi eta laguntzen gaituzten horiekin. Erredura moduko bat sortzen digute eztarrian. Eta hala ere, askotan, ez dira gure haserrearekin haserretzen, eta denbora batera laguntza itxurarik ez zeukan laguntza hura eskertzeko gai izaten gara. Laguntza hori ematen duten lagun horiek estimu berezitan dauzkagu askotan. Baita hori egiten duten sortzaileak ere.

Alderdi politikoek ere, nire iritziz, gehiagotan jokatu behar lukete lagun horien papera. Erresistentziak izango direla jakinik; aldi batez, hautesleak gal ditzaketela jakinik, erabat ulertu edo onartu ez eta erredura eragin lezaketela asimilatuz, aurrera egiteko. Askotan laguntzen ariko direlako, jendarte oso bati, gerora eskertu egin diezaiekeen jendarte oso bati. Laguntza ez baita hemen eta orain, askotan hemen eta gero da. Anbulantzia ere alderantziz idazten da, ispilu aurrean irakurri arte.