GALDER PEREZ
IRITZIA

Katedral bat

San Mames futbol zelaiari «katedrala» esaten zaio. Umeago ginela joan ginen lehenengo aldiz katedralera, “Bai euskarari” jaialdian. 1978ko ekainean izan zen eta orduan kantatu genuen ozen «Eta bai! Eta bai! nik euskarari bai ta bai...». Jaialdia izan zen hura, hizkuntza baten eta herri baten aldarria katedral batean. Luxuzko eraikina, salbuespenak money salbuespen, futbola jokatzeko lekua baino ez da. «Berria» esaten diote, oraingoari, tabernekin bezala. Txiripaz libratu ginen «New San Mames» izateaz. Duela aste gutxi, nire kontraesanekin jolasean, futbola ikustera joan nintzen aurrenekoz katedral berrira. Bekatari honek ondo pasatu, gainera.

Zenbat foku eta atentzio eramaten duen Bilbon futbol zelai erraldoiak eta bere inguruan gertatzen den orok. Denon dirutza gastatuta, orain ere elitearentzat soilik daude fokuak jarrita, katedraleko mezetarako; futbola, futbola, futbola, eta ui, tarteka makroebentoa. Eta denak horri arreta, horri soilik arreta. Foku bakarra berriz ere, dena gertatzen baita katedralaren argiaren itzalean. Itzalak eta fokuak baino, argi-ilunak aipatu beharra; kontraesanek zuri-beltzetik harago kolorez betetzen baitute pentsamendua. Kolore bakarreko jolasekin sortzea eta pentsamendua aberasteak zaila dirudi. Horrela, inkoherentzian nabigatzen dugu etengabe, nork bere kontraesanekin, bizipen luzeek osatzen baitute gero desoreken zerrenda ahula. Baina foku bakar bati argitzen uzten diogunean, katedral erraldoiari begira soilik, ez ote da gure ikuspegia iluntzen?

Katedraleko partidari begiratu bitartean, bestelako sorkuntzen gaineko zalantzak difuminatzen dira. Adibidez, egunotan “Obabakoak” antzezlana Madrilen taularatu da, egun batean euskaraz, gainera. Ez da hori galdera, ordea, zer eta nola sortu den baizik. Datozen egunetan Euskadi Literatura sariak eta Gure Artea sariak banatuko dira, “euskal” etiketarekin baina erkidegoari begirakoak. Aipaturiko katedrala kokaturiko Bilbon, BAD jaialdia bukatu berri da, arte eszeniko garaikideen erakusleihoa, eta ez, ordea, euskarazko lanen katedrala. Zine aretoetan euskarazko eta Euskal Herrian sortutako film batzuk estreinatu dira azken asteotan, baina zenbat lagun fededun joan da filmok ikustera? ETBren azken fikzio lana espainiar telebista batekin elkarlanean ekoiztutakoa da, espainol batuaz, jakina. Eta bitartean, katedral bakarrari so jarraitzen dugu. Beharbada ermitak txikiegi geratzen zaizkigula pentsatzen dugulako, kontraesan eta konplexuekin dantzan.

Kristautasunarekin jarraituz, eta amen esateko, harria bota eta eskua gordetzen duenak bezala jokatuko dut: koldar jokatu eta ez naiz datorren astean Bilbon izango. Gero eta ez-nireago sentitzen dudan hiritik kilometro batzuetara joatea erabaki dugu, foku bakarrari ez begiratu eta meza berrien bila abiatzeko. Ez gara Halloween ospakizun batera joango, ez. Ez gara arimen gaua ospatzera joango ere. Katedral bat ikustera joango gara, Euskal Herritik kilometro batzuetara dagoen beste hiriren batera. Bertan ere beren katedrala miresten duten herritarrak izango dira eta guk haien espazioa inbadituko duten elizante kasualak izango gara. Kausala, biharko uztea nahiago, kandelen argiek pizten gaituztenerako edo, bestela, ea gitarra astinduz koruak kantatutako melodia argitzen zaigun.