GALDER PEREZ
IRITZIA

Bekatu(ez)

Jaunartzea egin zuen horietakoa naiz. “Jauna hartzea”, hori ere esan egin behar da gero! Antzezlan batean gure popa eskaintzeko, «o, bai, har gaitzazu, Jauna, zureak gara eta!» esaten genuen. Txikitan, zorionez, Freudentzat beharbada “uzki garaia” izango zen horretan, katekesi gutxi ikasi nuen, gure amak asteazken euritsu grisetan piper egiten uzten baitzidan. Elkarrekin sekulako paseoak egiten genituen orduko Bilbo marroi hartako kaleetan barrena. Kristau dotrinaz ezer gutxi ikasi nuen, hortaz. Dena dela, baziren denon ahotan zebiltzan terminoak: larrienak, bekatuak, noski. Jatorrizko bekatua edota zazpi bekatu nagusiak zer ziren oso berandu ikasi nuen. Ordura arte, gauza ederrekin lotzen nuen kontzeptua zen bekatua. Gure izeko batek jaki onak jan edota ardoa edatean beti esaten baitzigun «esto es un pecao». Niretzat “pekao” eta “mantekao” pareko ziren. Egunotan ere, euskaldun fededun askok bekatutzat hartu dute Korrikaren kanta berria, fedea eta tradizioa beti baitoaz beren erritmora, sekula klika egin gabe.

Garai zahar autobiografikoetara buelta eginez, bekatuak zer diren ikasitakoan ezer gutxi erabili izan dudan kontzeptua da. Niretzat existitzen ez dena ezin baita ohikotasunez erabili. Horregatik, atentzioa ematen dit zenbait sortzailek kontzeptu hau beren lanetarako hainbeste erabiltzeak. Esate baterako, oraindik ikusi ez dudan Atx Teatroaren “Zazpiak bat” antzezlana zazpi bekatu nagusi horien gaineko satira omen da. Nizuri Tazuneri bikotearen disko berriak ere kontzeptu horri kantatzen omen dio. Izena ematen diogun horri izana ematen diogu eta, erabiltzeko ohitura hartuta, existitu behar ez litzatekeen ideiari zilegitasuna ematen diogu. Zaku berean sar genitzakeela bekatuak, justizia eta demokrazia, esate baterako. Azken biak, berriz, utopia dira eta bekatuena sekula aipatu beharko ez litzatekeen kontzeptua.

Bekatu egiten duenak trukean zigorra jaso behar omen du. Gaur egun sormen lan apurtzaile eta aldarrikatzailea egiten duten horiek penitentzia horri barre egin nahi diotela imajinatzen dut. Baina bekatu horietan Jainkoarengan bezala sinesten dutenek, ordea, ez dute barneratuta, antza, guk irentsita dugun kontzeptua. Aurreko astean Gazteluetako zuzendariak argi eta garbi defendatu zuen, behin eta berriz, umearen bortxatzailea. Lotsa izpirik gabe, berriz ere biktima zigortu du eta, gainera, gazte horri deitu dio bekatari. Lotsabako honek, guk bezala, justizia bidezkoa ez dela uste du. Guk ere horrela pentsatzen dugu. Guk ere identifikatzen dugu non dagoen zigorra, nork duen errua eta nork pairatu duen boteredunen indarraren bortxa. Berak ere bai, baina buruz behera. Zein erraz eskualdatzen diren kontzeptuak, Bibliako orri finak balira bezala. Bekatuetan sinesten omen dutenek ez dituzte aipatu ere egiten. Ez diote bekatuaren ideiari zilegitasunik ematen. Guk berriz, barneratuegi omen ditugu. Eta nik orain, orriotara ekarri ditut, haserre eta suminez, kontzeptu absurdo hauei zilegitasuna emanez. Sekula ez dudala egingo zin dagit, Jainkoak hala nahi badu, amen, kaka han eta kaka hemen.