JOKIN URAIN
IRITZIA

Aintza txerriari

Txerriaren urtea hasiko omen dute datorren hilabetean Txinan eta Asiako herrialde batzuetan; egutegi horren arabera, 4717. urtea izango da zehazki. Txerria animalia indartsu, gogor eta alaia da haientzat, izaera ondradua eta ausarta duena. Horoskopoan zeinu horretakoak direnek ez ei dute erresuminik gordetzen eta gainerakoekin harreman onak mantentzen saiatzen dira.

Amaitzera doan urtea, berriz, txakurrarena da, eta aurrekoa oilarrarena. Horoskopo txinatarreko txakurraren defentsarik ez daukat egin beharrik, horoskopotik kanpo egunerokoan gurekin bizi den eta gure artean dabilen txakurrak hemen berez duelako lagunkoi ospea, tartekako salbuespenak salbu. Hemengo horoskopoan ere badirela uste dut animaliak, txakur edo txerririk ez baina bai zezena edo lehoia bezain indartsuak batzuk, arraina edo karramarro itxuraz ez hain indartsuak beste batzuk.

Txerriak izen txarra du gure artean; zikina dela uste da, jaten ari denean zikina, lohi artean egotea gustuko duena... Eta, bestetarako inork behar edo nahi ez balu bezala, etxekoa denean txerri korta zikinean gizendu eta mendikoa bada gupida handirik gabe ehizatu egiten da. Gure artean garbitzen ez denari edo izaeran zikina denari bizkor egozten zaio haren izena. Leku zikinari ere txerritokia edo txerritegia esatea ohikoa da, usain txarrari txerri usaina esatea ez da arraroa, edo izerdi patsetan dagoenari txerria bezala izerditan dagoela, gaztelaniaz batez ere... Eta hori guztia eta gehiago txerria, urdea, berez animalia oso garbia dela, izerdirik batere ez duela botatzen, jaten duen edo lo egiten duen lekuan gorotzik ez duela egiten eta beste hainbat zehaztasun kontuan batere hartu gabe.

Amaitzera doa, bada, horoskopo txinatarreko txakurraren urtea. Hemen ere txakurrarena izan da zentzu askotan pasa den urtea; txakurrarenak pasarazi dizkigute eta txakurkeriak egin. Aurrerantzean ere horixe nahiko dute hemen egutegiak ezartzen dizkigutenek.

Datorren urte honetarako txerriaren defentsa egin nahi dut, Arkaitz, txerriak, gure esaerak eta izaerak gorabehera, txerrikeriarik ez duelako egiten, eta horoskopo txinatarrean ematen dioten izaera alaia geuretzat hartu behar genukeelakoan nago, gainerakoekin harreman onak mantentzeko eta ondradu eta ausart izateko gure bidean. Aintza txerriari!