Mañel Larena

Bazen behin... azeria, gure ipuin, elezahar eta ametsetako animalia

Azkarra, oportunista, klandestinoa... bizirauteko zinez animalia moldagarria da. Fruta edo haragi, ornogabe zein ornodun, haratustela, txori, sagu, untxi... dena jaten du. Bere graziak dotoreziaz bete ditu gure bazter eta narrazioak, «Azeria eta mahatsak» alegia klasikotik, adibidez, «Belea eta azeria» La Fontaineren alegiaraino.

Karamelu koloreko begi biziak, mutur zorrotza, belarri tenteak, zentzumenak erne, inguruan gertatzen den orori beha, bereziki bizirauteko tresna inportanteenari, bere usaimen zoliari esker.
Karamelu koloreko begi biziak, mutur zorrotza, belarri tenteak, zentzumenak erne, inguruan gertatzen den orori beha, bereziki bizirauteko tresna inportanteenari, bere usaimen zoliari esker. (Jose Antonio Martinez)

Literatura zaharrenetan, antzinako greziar, erromatar eta hebrearren ipuin eta alegietan, maiz aipatzen da azeria. Engainatzaile zuhur edo izaki azkar miretsia, gure emozio, jokabide eta moral lezioen errepresentazio gisa ageri da. Azeria beti izan dugu ondoan, lagun, etsai, ispilu... Baina, hori bai, animalia bizkor, independente eta bakarti hau ez da sekula etxekotua izan. Klima eta bazter orotara egokitzen da eta etologoentzat haragijale txiki hau Europako faunako animalien artean azkarrenetariko bat da. Azeriak badaki ze pertsona diren bere lagunak, badaki zeinen ondora hurrera daitekeen konfiantzaz, badaki ehiztarien eta haien txakurren jazarpena saihesten, badaki ikusezin bihurtzen eta arrastorik utzi gabe desagertzen.

(Jose Antonio Martinez)

(Jose Antonio Martinez)

(Jose Antonio Martinez)

Nonahikoa eta noranahikoa, itsas mailatik ia 5.000 metroko mendietarainokoa, Artikotik Sahararainokoa, landa eremu eta hirietakoa; moldagarritasun horri esker lortu du bere ugaritasuna, haragijaleen artean hobekien banatua eta ezagunena izatea. Nahiz eta bere larruagatik, edo barreia ditzakeen amorru eta sarnagatik, ehizatua izan den, ia sistematikoki.

Mendi gainetan, larrua sendo eta laranja kolorekoa du, eta hegoalderantz nabar grisaxkagoa. Azeriak oso ugalkorrak dira, urte batzuetan hamabi kume erditzeraino irits daitezke, nahiz eta normalean lau eta sei inguru hazten dituzten. (Jose Antonio Martinez)

Txikiek, udaberrian gordelekua utzi, udan amarekin ikasi eta udazkenean independizatu egiten dira, lur eta aukera berrien bila. (Jose Antonio Martinez)

Orojaleak izanik, dagoena eta eskuragarrien dutena jaten dute. (Jose Antonio Martinez)

Tamainaz ertaina, itxuraz eta jokabidez otsoaren oso ezberdina eta animalia orojalea da. Hor datza bere arrakasta erlatiboaren beste gako bat. Harrapari zein sarraskijalea da; txori, intsektu, lursagu, sugandila edo untxiak jan ditzake, eta halakorik ez badago, fruta; basoko baiak eta mahatsa, besteak beste. Animalia oso ugalkorra da; kume asko ateratzen ditu aurrera, eta bere populazioaren hedapena, hein handian, bere inguruan ugaria dena jan eta horretara moldatzeko gaitasunari zor dio. Harrapakinak dauden tokian, ehizatuz; eta ez badaude, menua aldatu eta begetariano bihurtuz.

(Jose Antonio Martinez)

(Jose Antonio Martinez)

(Jose Antonio Martinez)

Azeriak bereziki maite du mahatsa, eta horrek mahastizainekin gatazkan jartzen du. Behin Guardiako mahastizainari aditu nion nola azeria mahastien inguruan zebilen eta bere hamaiketakoaren hondarrak harekin partekatzen hasi zen. Azkenean azeria lanetan lagun egin zuen, konpainia egiten zion, eta gau batzuetan txabolan lo egiten zuen. Mahastira etortzen zen aldiro, gain batean zain izaten zuen azeria. Mahastizainaren eta azeriaren arteko laguntasun honek hori erakusten digu: elkar errespetatuz, azeriaren presentziarekin nola goza dezakegun.

Bakartia eta lurraldekoia, animalia izu eta zuhurra da, ezustean harrapatzeko oso gaitza. Hori du bereizgarri: bere moldagarritasuna. Hortxe datza bere arrakasta ebolutiboaren gakoa. Artiko, tundra, baso, kostalde, basamortu... denetan bizi eta hiltzen da. Baita giza dentsitate handikoak edo oso urbanizatuak diren eremuetan ere. (Jose Antonio Martinez)

(Jose Antonio Martinez)

(Jose Antonio Martinez)