05/07/2020

amagoia mujika
Nerabearen tribua
Pentsatzen jarrita, guk zer egiten genuen nerabe ginenean? Nahi genuenaren eta ahal genuenaren tartean geratzen zen lursail horretan, denetarik. Kontatzeko modukoak eta ez hainbeste. Baina tribu hartan, barre eta negar artean, iruditzen zitzaigun inork ez zekiela guk bezala bizitza gozatzen

Herriko festarik gabeko uda triste honetan, nola izan nerabe? Lehendabizi itxialdia, derrigor etxean eta etxekoekin egon beharra. Eskerrak logelak kobazulo pribatu bihurtzen diren, hango itzal eta usain. Gero, denak kalera ateratzen hasi eta nerabeek ezin. Total, gurasoekin ateratzeko, hobe etxean. Eta orain, festarik gabeko festetan, foko guztiak beren gainean. Boteiloia egiten dutela, seko desfasatuta dabiltzala, mendira joaten direla ezkutuan elkartzeko, inoizko mozkor latzenak biltzen dituztela, ez direla batere arduratsuak koronabirusarekin... Zenbat tertuliatan atera ote diren kontu horiek. Heldu arduratsuak terraza jendetsuetan nerabeen inguruan hizketan. Neroni ere erori naiz tentazioan.

Baina, pentsatzen jarrita, guk zer egiten genuen adin horretan? Nahi genuenaren eta ahal genuenaren tartean geratzen zen lursail horretan, denetarik. Kontatzeko modukoak eta ez hainbeste. Baina tribu hartan, barre eta negar artean, iruditzen zitzaigun inork ez zekiela guk bezala bizitza gozatzen. Eta barre egiten genien gure ibilerak kritikatzen zituzten helduei. Konturatzerako, barreraren beste aldean gaude.

Inguruan galdeketa azkar eta arin bat egin eta denetarik topatu dut; nerabezaroa sufrimenduz gogoratzen duten lagunak, ahaztea nahiago dutenak, eta irribarre pikaro batekin gogoratzen dutenak. Adin horretan ez dago erdibiderik, dena da sekulakoa, ikaragarria, kristorena, bai ona eta bai txarra. Eta egun berean, kasik arratsalde berean, bizitzaren bi ertzak lasai asko ikutu ditzake nerabeak; dena sekulakoa izatetik kaka zaharra izatera pasatu daiteke. Eta aldrebes.

Nerabezaroa duela 30-40 urte ingurutik hona hasi omen zen orokortzen. Garai batean aberatsen etxeetan bakarrik omen zeuden nerabeak. Haurraren eta helduaren tarteko kategoria hori ez zitzaien baimentzen pobreei. Hamahiru-hamalau urterako lanean hasi behar zuena derrepente bihurtzen zen heldu, epelkeriarik gabe. Hari ez zitzaion txoro haizerik baimentzen. Gerora, lan mundurako sarrera atzeratzen hasi zenean, ikasketa urteak luzatzen eta gurasoen etxetik ateratzea berandutzen, orokortu egin omen zen nerabezaroa.

Nerabeak izateko zortea izan dugu, erokeriak eta lerdokeriak egin ditugu, hanka-sartzeak, aldrebeskeriak, erabaki okerrak eta zuzenak. Eta gure inguruko helduak beti egon dira hor, pazientzia infinituarekin, alboan, gehiegi goratu garenean hanketatik eutsi eta lurrera ekartzeko eta erori garenean altxatzen laguntzeko. Orain, barreraren alde honetatik, iruditzen zaigu dena dakigula nerabeez. Baina ez, orain ez gara gu nerabeak, orain haien txanda da, ona eta txarra probatzeko txanda.

Post-data: datozen asteetan behin baino gehiagotan jango ditut nire hitzok.