Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Zintzilik

Burua galtzea. Zer litzateke norberak benetan burua galtzea? Beharrizan metafisikoak jota-edo, maiz izaten da burua apal gainean uzteko gogoa. Etxeko giltzak hartu eta kalera halaxe ateratzeko nahia, mendira joatekoa, nonbait galtzekoa, buruarekin lortu dena gorputzarekin ere era berean egitekoa. Airean leudekeen bina begi eta belarri orientazioa ez galtzeko; horixe, ez besterik, galera horretan erabat ez galtzeko.

Burua galtzea. Huraxe askoren nahia, garuneko bonbilla gori-gori egoten den uneetan off-eko botoia ezin topatu ibiltzen direnekoa eta garenekoa. Hura noiz itzaliko, noiz atseden hartuko, buruak bere bidea egiteari noiz utziko. Eta galtzearena, huraxe ere besteen desgrazia, atsekabea, lepo gainekoa joaten denean egiten den herioaren pareko bilaketa antzua. Joandakoa joan da, eta ez da gehiago itzuliko. Bitartean, buruari bueltaka ibiltzen garenontzat, zaretenontzat, botilari kortxoa nola, halaxe kentzeko moduko teknika. Erroskarik izango ote du, ordea, gero berriro bere lekuan jartzeko? Probatzen duenak esan dezala.