Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Kaleko artea, espetxe barrura

Christian Guemy artistak bere ohiko baliabideak erabili ditu guztiz ezohiko lan bat egiteko. Izan ere, aipatu Guemy artista kale artista da, kaleko mural, horma eta mihise arkitektonikoak margotu ohi dituena. Oraingoan, baina, kaleko artea espetxe barrura eraman du.

Ezagunak dira munduan zehar etxeetako kanpo paretak grafitiz eta bestelako margolanez hornitu, apaindu eta aldarrikapenez josten dituzten artisten lanak. Artea oihu egiteko tresna bihurtu da munduan barna eta hainbat eta hainbat borroka sozialetan askapen aldarri iraunkor ere bada. Paradoxikoa da, ordea, kaleko artea, borroka desberdinen ikur bihurtu dena bai musikan, bai kulturan, bai politikagintzan, bai klimaren aldaketaren afera suharrean, askatasunik gabeko eremuetara eramatea. Egiten denean, hori bai, akorduaren argiek piztuta jarraitzen dutela agerian geratzen da. Ez dago argiok itzaltzeko interruptorerik. Beti piztuta dagoen zirkuito elektriko –edo gizatiar– itxia da memorian gordetzen den oro.

Kartzelan daudenetako asko asko ez ditugu aspaldi ikusi, noizean behin izaten dugu haien berri baten batek egindako bisitaren ondorioz, telefono dei batengatik, han-hemenka entzuten diren albisteengatik... Oraingoan, kalearen zati bat sartu zaie espetxe barrura, kaleko hormen marrazki zenbait egunero ikusten dituzten paretetara heldu zaizkie, nahiz askatasun haizerik oraindik ez den iritsi barrote arteko ziegetara.