Amaia Ereñaga, argazkiak: Marisol Ramirez/Foku
«Sketcher» bat Zallako kaleetan

Konfinamenduko nabigazio koadernoak

Bakoitzak ahal bezala eraman du konfinamendua. Batzuek, barnera begira, beraien baitan bilduta; beste batzuek, itoaldiari agur esan eta kaleak berenganatzeko ametsetan. Balkoietan aperitifak egin ditugu, dendetan pazientziaz beteriko ilarak, sukaldeak berraurkitu ditugu... Gorka Belasko marrazkilari eta «sketcher»-aren koadernoek egunerokotasun geldo eta arraro horren lekukotasuna jaso dute.

Urban Sketching” izeneko marrazkigintza modalitatearen berri izango duzue seguruenik. Sareetan “urban sketch” tekleatzea besterik ez dago hartu duen indarraz jabetzeko. Baina zer ezberdintasun dute mugimendu planetario horretako lanek betidanik margolariek, arkitektoek, komikilariek... ideiekin eta zirriborroekin betetako marrazki koadernoekin? Funtsean, askorik ez, baina, era berean, bada ezberdintasun aipagarri bat, bakarrik egin beharrean, taldean egiten den jarduera baita; hau da, toki bateko egile, artista edo zaleek hitzordua jarri eta hiri edo paisaia desberdinen marrazkiak egiten dituzte elkarrekin, egun berean, bakoitzak bere begi eta barne mundu propiotik begirada jaurtita, noski. Sare sozialei esker, “urban sketcher”-en topaketak ugaldu egin dira. Baita gure artean ere.

Berrogeialdian zehar, kaleko jardunak sareetako “kale birtualera” salto egin zuen ezinbestean, baina, behin itxialdia gaindituta, kaleetara itzuli da berriz, tartean Zallako kaleetara. Hain justu, Bizkaiko mendebaldeko herriko lau dendetako erakustokietan zintzilikatu ditu Gorka Belasko marrazkilari, irakasle eta “sketcher”-ak berrogeialdian egindako hainbat marrazki. Ulanga arrandegian, Juantxu harategian, Enkarfrutan eta Josuren despentsan egin ohi zituen Belaskok erosketak itxialdian; eta, orain, musukoak nagusitu diren garaiotan, egiten zuen ohiko ibilbidea arte galeria bizi eta xume bihurtu du. Zehazki, koadernotik kendutako 68 marrazki dira irailera arte ikusgai jarritakoak: arrainak, barazkiak, jende ilarak, konfinamendu osteko lehen kafeak, trafikoaren itzulera...

Konfinamenduan zehar, hiru koaderno bete zituen Belaskok marrazkiz, irudi fresko eta gordinez. Garai emankorra izan zen berarentzat. «Marrazkiak ez nituen argitaratzeko asmoz egin, ezta erakusketa bat egiteko ere. Ekimen pertsonal soila izan zen», argitu nahi izan du lehenik eta behin. Unean une, azkar batean egindako lanak dira, baina atzean badute helburu pedagogiko ezkutu bat; Beurko Institutuko ikasleei marrazteko grina pizteko akuilu bezala erabili zituen. Izan ere, marrazketa artistikoa irakasten du Belaskok.

Selektibitateko azterketaren egunean harrapatu genuen Gorka Belasko, ikasleekin ia-ia «terapia egiten», aitortu zigun legez. Berrogeialditik gaztetxoak nola atera diren galdetuta, konfinamenduan zehar ikasle bakoitzaren izaera indartu zela erantzun zigun. «Gelan izan ohi duten izaera agertu dute konfinamenduan zehar ere. Esaterako, 2. mailakoak oso autonomoak dira normalean eta, konfinamenduan zehar, are autonomoagoak izaten ikasi zuten». Irakaskuntzaren esparruan lan egun gogorrak bizi izan dituzte azkenaldian, «lurralde ezezagunean nabigatzen» ibili baitira geletatik kanpo irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Horregatik, marrazki koadernoa bitakora koaderno bezala baliatu zuen Belaskok: «Konturatu nintzen eguna antolatzeko modu bat zela. Gainera, bizitzen ari ginen errealitateak berak ere marrazteko aukera ematen zidan».

Egunerokotasunaren isla. Komikiaren mundutik dator Belasko eta hori bere marrazteko maneran islatzen da. Zuzena da, trazu finkokoa. Errotuladoreak erabiltzen ditu. Azkar marrazten du: begiratu eta paperera. «Marrazten duen ‘marrazketako’ irakaslea naiz ni», dio umorez. Ez omen da ohikoa. «Koadernoa euskarri bezala erabiltzen nuen lehen, nire ideiak islatzeko. Baina Sketching mugimenduak beste bizitza bat eman dio», aitortu du. Ez da berria, aipatu bezala, margolaritzan koadernoak baliatzearena. Horra hor adibide bezala Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai egon diren Sorollak betetzen zituen olio koadernoak. Malagan egindako elkargune batean, Picassoren Museora joan zen gure irakaslea eta “Gernika” ezagunaren egileak bere ibilbide osoan betetako ehunka koadernorekin topo egitean zur eta lur gelditu zen. «Eta gero esango dute Picassok ez zekiela marrazten!».

Ikasleak xaxatzeko asmoarekin, egunerokotasuna islatzeko hautua egin eta beraiek ere berdina egitea proposatu zien. «‘Erosketak nork egiten ditu?’, galdetzen nien. ‘Zuk? Etxera heltzean marraztu al dezakezu erositakoa?’. Horrekin dinamika bat sortzea nuen helburu». Gaztetxoek adarra jotzen zioten: «Gorka, zuk egiten duzun bakarra balkoian egon eta edatea da!». Sareetan #bermutabalkoian traola jarraitu zutenak jabetuko dira zertaz ari ziren ikasleak, asteburuetan argazkiak eta marrazkiak zintzilikatu ohi genituelako Belaskok sortutako traolarekin.

Gauza txikien lekukotasuna jasotzen dute irudiok. Kolore bizi-biziko arrainak –«ez nintzen janari bila ateratzen, modelo bila baizik»–, amaren errezetak –gastronomia bereziki maite du Belaskok–, dendari txikien lan eskerga –«aldarrikapen bat dago erakusketa prestatzearen atzean, kaleak biziarazten dituzten denda txikien alde egitea, gertuko elikagaiak saltzen dituztenen alde egitea une latz batean»–... Dena hor dago, urte batzuk barru amesgaizto gisa gogoratuko ditugun egunak. Belaskoren koadernoan, ordea, kolorez bustitako une biziak izaten jarraituko dute. Eta zu, irakurle, ausartuko zinateke zure bitakora koadernoa egiten? «Marrazten hasi nahi baduzu, lehenik margotu ezazu zure gosaria». Horra Belaskoren aholkua.