GALDER PEREZ
IRITZIA

Gordina eta amaigabea

Arantzara joan egin behar da. Bertan bukatzen da errepidea. Arantzara doanak bertara joan besterik ez du. AEK-ko zenbat ikaslek igo izan dituzte harainoko kurbak barnetegian hamabost egun ahaztezin aterpean pasatzeko! Aurten, ordea, halakorik ez dago, barnetegirik ez. Mendizale eta txirrindulariak, ordea, bai, badira aterpe inguruan. Baita asteburu pasa lagunartean, neurriak neurri, konpainia onaz eta musikaz gozatzera goazenak ere. Belar artean biluzik dantzan bezala sentitu ginen, munduak ahaztuko bagintu bezala, pentsamenduak joan zitzaizkigun egunarekin batera. Duela pare bat aste Zea Mays, tira, Aiora eta Piti akustikoan, ikusten izan ginen, taldeka mahaitxoetan, osasun neurriak zainduta, garaiak eskatu bezala. Norberak bere lekuan zutitzeko aukera ere izan genuen, abesti askok hori eskatzen baitute, gorputza astindu eta dantzan hastea. Izan ere, egun horretan poztasun handi batek besarkatu gintuen, negua joan izan balitz bezala, ertzak borobildu zitzaizkigun. Baina, biharamunean, ajearekin ezin dantza egin eta negu gordin amaigabean jarraitzen dugula ohartu ginen.

Kantuen hitzek norabide berria hartu dute azken hilabete hauetan. Kuadrilla guztiak bat egin genuen horretan, enbata denoi ustekabean etorri zitzaigun. Orain, kosta egiten zaigu begiak itxi eta hau dena arin joango dela sinestea. Geure buruari behin eta berriz “beldurrik ez izan” errepikatzen badiogu ere, inora eramango ez gaituen ziurtasun ezak gure ametsak erailtzen ditu. Zaila da goizetik gauera oinak lurrean edukitzea eta ezin jakitea nola egin kontra denoi eraso egin digun enbata honi. Argiaren bila joan nahi dugu, ilunak beldurtzen du. Baina beltzez ilundutako pauso handietan galdutako erantzunak soilik aurkitzen ditugu.

Pitiren akorde jostari eta Aioraren ahots eder eta letra gordin bezain goxoekin gozatu ederra hartu genuen han izan ginen denok. Bertaratutako jende guztiak bat egin genuen, atmosfera bakarrean, ahots bakarra bagina lez. Elektrizitatearen moduko energia bakarra sortu zen. Askorentzat pandemia etorri zenetik lehenengo kontzertua zen eta azkena izan zitekeen emozioarekin bizi genuen. Kontzertu eta zuzeneko emanaldi guztiek, kantuen letrak bezala, zentzu berria hartu dute. Egoera bezala, gu ere aldakorrak gara, agian buruarinak; zuria eta beltza une berean bizi ditugu, ez baitugu gorputza kea bezala gauean dantza luze batean galtzen uzten. Denak hartu du zentzu berria, beldurrak itota sarri eta paranoiei hegoak emanda beti. Baina gertatzen ari da. Berriz ere, bertan behera, ilunetara doaz, zuzeneko emanaldiak.

Kulturak eta zuzeneko arteek momenturen batean bigarren zentzua hartu zuten. Sekulako kaltea egin du horrek; taupadaka, minduta gaudenak esnatzeko bezalako jipoia. Aisialdiarekin lotu ziren zuzenekoak, zer eta jendartearentzat funtsezko osagaitzat hartu beharrean. Horrela balitz, ulertu eta babestu izan bagenu kultura, ez luke ateratzeko beldurrik izango orain, beldur eszenikoaren ordez, segurtasun beldurrak jota. Kultura segurua da. Zenbat alditan errepikatu behar! Jarrai dezagun bitartean lantokietan, terrazetan eta garraioetan elkarri eztul egiten, belarriekin ikusteko gure begiek entzuten ez dutena, bizitzen ari garenak gordina eta amaigabea baitirudi.