Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Handien arteko txikitasuna

Txiki izatearen edertasuna beti da zeozer preziatua. Askoren ahotik entzun izan da perfumerik onenak beti datozela pote txikietan, lurrin tanta baten fragantziak asetzen ei baititu usaimen beharrizan guztiak.

Txikia normalean beti izaten da eri, zaurgarri, eta babesguneetarako joeran bizi ohi da. Handia atezuan deneko iheskara arin batean, zauririk ez izateko ahalegin sutsuan, bestelako garaiera batean den horren ustezko indarraren erabileraren beldur.

Izan ere, halakoxeak dira botere harremanak gure inguruotan. Halakoxeak talaia desberdinetatik, solairu desberdinetako etxeetatik bezala, begiratzen duten gizabanakoak. Izan botere harremanak generoen artean, izan botere harremanak sexuen artean, izan botere harreman ekonomikoak, politikoak. Botere mota adina talaia ikus daitezke gizarte bakarrean, gorantz begiratzen bada. Beti egongo da norbait gorago, beti izanen dira atikoak, beti ganbara luxuzkoak, beti zerua hatzekin ukitzen duten botere faktikoak, taktikoak.

Zenbat eta gorago egon, ordea, txikiagoa, traketsagoa da behean gertatzen den hori ikusteko gaitasuna. Eta ikusten dena baino –gehienetan ez ikusiarena egitea baita ohikoena– behe horretan mugitzen, gertatzen denaz kanpo han goian bizitzeak ere baditu zenbait arrisku. Indar metaketak bada botere bat, txikitasunaren handitasunak ematen duen lezioetako bat.