JOKIN URAIN
IRITZIA

Uraren dohainez

Helin Bolek, 28 urteko aktibista eta abeslari turkiarra, 288 eguneko gose grebaren ondoren hil zen aurreko apirilaren 3an. Turkian jasaten zuen jazarpen politikoaren eta turkiar Gobernuak bere taldearen kontzertuei ezartzen zizkien debekuen aurka egin zuen heriotza arteko gose greba. Preso politikoen askatasuna eta kultur zentroen aurkako poliziaren jazarpena salatzea ere helburu izan zituen.

Preso politiko maputxeek gose grebak egin behar izan dituzte behin baino gehiagotan. Herri indigenekin egindako akordioak aise ahaztu izan dituzte Txileko gobernuek. Herri horiekiko diskriminaziorik eza, parte hartze politikoa, lurralde, hizkuntza eta kultur eskubideak pikutara bidali izan dituzte eta, maputxeak, beren eskubideen defentsan, behin eta berriz borrokatzera behartuak izan dira.

Munduko bazter bakoitzean bada espetxeren bat, eta espetxe bakoitzean mila arrazoi gizabidezko tratua eskatzeko, eta, eskatzea bezain libre denean ez ematea, gizabidezko tratu hori eskuratzeko borrokatu egin behar duzu espetxe bakoitzean. Eta gose greba izaten da askotan espetxean egiten den borroka; norbere buruari kaltea eraginez egiten diozu presio espetxe-instituzioari. Euskal preso politikoek horretan badute esperientzia.

Gose greban lehen eguna izaten da txarrena; baina hurrengo egunean ohartzen zara ezetz, txarrena bigarrena dela. Dena dela, hogeigarren egunera iristen zara eta konturatzen zara ezetz, denetan okerrena hogeigarren egun horixe dela. Baina gero, hogeita bosgarrenean, orduantxe ohartzen zara zure akatsaz, eta sentitzen duzu egunik denetan txarrena horixe dela, hogeita bosgarren horixe. Hala ere, hogeita hamargarren eguna heltzean...

Espetxeetan eta kalean, nonahi izaten dira motiboak gose grebak egiteko, eta ez dira norbere gustuz egiten. Eta egiten direnean, modu ezberdinean egin daitezke: ur soila edanez, ur gozatua edanez, auskalo-zer edanez... nahiz eta, gose greba esaten denean, ezer ez jatea ulertzen den, ur zaporeko ur soila ez den elikadurarik ez hartzea, alegia. Beste moduren batera ulertzen eta egiten duenak argitu egin beharko liguke, gose greba egiteko asmoa publikoki adierazten denean bederen.

Gose grebez eta uraren elikadura-dohainez zerbait badakizu zuk, Josetxo; ur-egunek koipe eta haragiak ahituta hezurretan utzi gaituenean argazkian geure burua erakustea zein desatsegin zaigun ere bai.