27/09/2020

Reportage
MILITANtZIA ETA FEMINISMOA joan DEN MENDEAN
Kasilda Hernaez: Antipolitikaren sentimendu anarkista

Kasilda Hernaez sindikalista eta miliziano anarkista sentimenduek mugitzen zuten faxismoaren kontra borroka egitera. Eta mugitu zuten, hara-hona, asko. Euskal Herrian, Katalunian, Estatu frantsesean ibili zen, paskinak eta bonbak saskian gordeta, fusila sorbaldan, sukaldean lanean edo galtzontzilloak josten. «Gutarren» defentsak kolore eta forma askotako lubakiak zituen Kasildarentzat.

Maddi Txintxurreta
Miliciana

Mundu honetan beste hainbat pertsona bezala, aita ezezagunetik jaio nintzen. Nire ama leku ofizial horietako batean erditu zen nitaz, leku tekniko horietako batean, ahizpak esan didanez. Agintarien baimenik gabe seme-alabak egiten zituzten ama pobre guztiak deskonposatzen zituen etxe hotz bat zen. Gainera, nik uste dut bizitza ez dugula guk geuk egiten, gure nahigabera sortzen dela. Uste dugu inportanteak garela eta dena erabakitzen dugula. Nik ez dut hori uste. Jaio berritan Fraisorotik atera ei ninduten. Nire etxean ez zegoen ideia politikorik. Nire bizitzan ezagutu dudan guztia antipolitikoa edo apolitikoa izan da. (...) Gure errebeldia edo familiaren erresistentzia ez zetorren Errepublikarekin atera zitzaigun edozein kimutatik. Ez. Gure matxinada aspalditik zetorren. Izaera espezifiko hori duen leinutik gatoz».

Hitzok Kasilda Hernaezenak dira, Luis Jimenez de Aberasturi idazleak “Casilda miliciana. Historia de un sentimiento” (Txertoa, 2012) liburuan jasotakoak. 1914ko apirilaren 9an jaio zen Maria de la Soledad Casilda Hernaez Vargas, militante anarkofeminista eta antifaxista, Zizurkilgo Fraisoro umezurztegian, ama ezkongabeak eta umezurtzak jasotzen zituen Zizurkilgo etxean. Casilda, Kasilda, edo Kasi, miliziano izenez ezaguna. Baina Kasilda Hernaezek nahiago zuen bere burua iraultzaile edo “konbatiente” gisa deskribatu.

Ijitoa zen bere amona, «karromatoetan ibiltzen diren horietakoa». Karabinero batekin elkartu eta bost seme-alabarekin utzi zuen Kasildaren ama. «Horregatik, nire amak gazte joan behar izan zuen Donostiara zerbitzatzera», esaten zuen berak.

Bere ama miresten zuen Kasildak. «Handia zen», zioen. «Lan egin behar zuen gu [seme-alabok] aurrera ateratzeko eta, gainera, nortasun bat izateko, zeina gizarteak ukatzen baitzion ama bakarra izateagatik». Kasildaren amaren familian beti gailentzen zen sentimendua, burua bainoago. «Instintiboa zen, pasionala, sentimentala», zioen. Sentimenduek mugitzen zuten Kasilda edo, berak esan bezala, «sentimenduak dira mundua mugitzen dutenak». Sentimenduak pribilegioak direla esaten zuen.

Donostian ikasi zuen, Atotxako eskola publikoan, baina han, bere esanetan, «minimoa» ikasi zuen, edo «ezer ez». Hori bai, nahiz eta eskola ustez laikoa zen, ikasleek aise ikasten zuten errezatzen, errezoaren zentzua ulertzen ez bazuten ere.

Kasilda Hernaezen familia ez zen erlijiosoa. Indiferentea zen. «Lehenik, erlijioan sakontzeko aukera emango zigun kulturarik ez geneukalako eta, bigarrenik, gure ardura ogia nola irabazi besterik ez zelako».

 

Antipolitikaren eta indiferentziaren leinu horretatik sortu zen Kasilda anarkista. Etxean ez zuten ezein aukera politikorekin baldintzatu baina, kontrakoa badirudi ere, familiatik ere jaso zuen errebeldia. Gazte ausarta zen. 1935ean Groseko hondartzan nudismoa egiten zuen, bere garaiari aurre eginez.

«1931n, familiarekiko obedientzia besterik ez zegoen nigan. Horregatik nengoen hor, senez. Ez zen aurrez pentsatutako kontua izan». Hala, «pentsatu gabe», zergatia jakin gabe eta «instintiboki», Kasilda Hernaez CNT sindikatu anarkistan afiliatu zen. Konbentzimendu politikoak bainoago, sentimendu internazionalistak bultzatu zuen sindikatura, Espainiako Errepublikaren garaian.

Bertatik feminismoa bultzatu zuen. «Emakume anarkistak gutxi ginen, baina dena ematen genuen. Bilakatu zen, gainera, sufragismoaren borrokarekin zerikusirik ez zuen borroka bat. Tailer batean greba zegoen bakoitzean, han ginen gu», kontatu zuen.

Urte batzuk geroago, Kasildak miliziano gisa jardun zuenean, Clara Campoamor sufragistari buruz ondorengoa esango zuen, azken honek baieztatu zuenean emakume milizianoak «prostitutak» zirela: «Claritak esentzia handikoagotzat omen du bere burua, diputatua izateagatik eta hizlaria izateagatik. Hitz prostituituarena esaten genion, gai pertsonaletan sartu gabe, nahiz eta emakume honen ahultasunen jakitun izan».

Garai hartan, enpresetako nagusiek ez zieten uzten emakumeei CNTn sindikalizatzen, ez zutelako soilik borroka sozialean jarduten, emakumearen liberaziorako borroka «humanoa» ere bultzatzen zuten. Hori dela eta, emakume ugari ezkutuan joaten ziren sindikatuaren bileretara, eta Mujeres Libres sortu zuten, CNTren baitan emakumeek sortutako talde independentea. Bertan, besteak beste, abortuaren eta dibortzioaren alde egin zuen. Garairako, aurrerakoiak ziren.

Bere militantzia sindikalistaren baitan, birritan atxilotu zuten Kasilda. Lehenengo, kortxo fabrika bateko emakumeen greban. Ez zuten garrantzizko zigorrik jaso, harik eta 1934ko greban, Donostian, lehergailuekin atzeman zuten arte. Saski batean eramaten zituen, eta grebalariei banatu. Artean nerabea zela, “saskiaren neska” izenez ezagutzen zuten Kasilda Donostiako Gros auzoan, paskinak banatu eta saskian armak edo lehergailuak garraiatzen zituelako. 34ko greban, paskinak banatzeagatik 9 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta lehergailuengatik, 20 urtekoa.

Guadalupeko gotorlekura eraman zutenean, orduan espetxe zenera, komandantea harritu egin zen Kasilda ikustean. Gizonak soilik ziren gatibu ordura arte. Hiru guardiarekin egin behar zuen lo Hernaezek, eta «hankak estututa» pasatu behar izan zituen gauak. Hala ere, «soldaduen eta atxilotuen jarrerari esker, egonaldia ez zen hain desatsegina izan», zioen Kasildak.

Alcala de Henareseko espetxera bidali zuten hortik, Madrileko emakumeen espetxera. Trena Donostiatik igaro zenean, hainbat herritar agertu ziren sindikalista agurtu eta txalo egitera.

Kalean eta lantegietan nola, greba eta protestaren dinamikarekin segitu zuen Kasildak kartzelan ere. Behin, sei eguneko greba egin zuen preso batzuekin batera espetxeko elikadura txarragatik, eta, helburua lortu ostean, patioan festa bat antolatu zuten ospatzeko.

«Nire kartzelako bizitzak gorabehera handirik gabe jarraitzen zuen. Elkarrizketak, irakurketak eta esperantza».

1936ko otsaileko amnistia iritsi zen. «Urte horretako otsaileko hauteskundeak hil ala biziko borrokak ezaugarritzen zituen, eskuin eta ezkerren artean. Eskuinak irabazten bazuen, ez ginen aterako, ezkerrak irabazten bazuen, atera egingo ginen», esan zuen Hernaezek. Ezkerrak irabazi zuen, eta amnistia aplikatu.

Bi urte preso egon ostean, kartzelatik atera zen Kasilda Hernaez, eta Madrildik Donostiarako trenean Felix Likiniano militante anarkistarekin egin zuen topo. Ez ziren gehiago bananduko. «Ni Felixengana batu nintzen. Batura libre honek beste dimentsio bat eman zion nire izaerari», esango zuen urte batzuen buruan emakume anarkistak.

Kasilda Hernaezi ez zioten harrerarik egin Donostian; ez zegoen ospakizunetarako girorik. CNTn afiliatu zen berriro, Juventudes Libertarias-en. Sindikatu anarkistak infiltratuak zituen falangista espainolen artean, eta altxamendu nazionala gertatuko zen susmoak zituzten. Anarkistak eta sozialistak batu egin ziren, etorriko zenari aurre egiteko. Fusilak hartu behar ziren.

Uztailean, Donostiako Loiolako kuarteleko setioan parte hartu zuen. Bertan, frankotiratzaile batek ia hil egin zuen. Kasildaren isla zuen ispiluari tiro egin zion, eta orduan konturatu zen Kasilda zeinen gertu zuen heriotza, une oro.

Nahiz eta jeltzaleen esku zegoen gobernu zibila kuarteleko armak bereganatzen saiatu, anarkistak aurreratu egin zitzaizkien eta arma gehienak bereganatu zituzten.

Piztuta ziren batailak Gipuzkoa osoan, baina Nafarroako faxistek aurrera egin zuten eta CNT Eusko Alderdi Jeltzalearekin batera borrokatu zen, azkenean Aiako Harrietara joateko. Bertako batailetan parte hartu zuen Hernaezek, lubakietan, sukaldean, behar zen lanean.

Han ezagutu zituen, lehenengoz, emakume milizianoak. «Gutxi» ziren, ordea. Erreketeek denetik egin zieten, haietako asko preso hartu baitzituzten kokapen estrategiko hori galdu zutenean.

San Martzialeko gotorlekutik egin zieten aurre faxistei. «Goitik egin ziguten tiro, menditik, errekete tropek, italiarrek eta legionarioek, San Martzial hartu zutenean», azaldu zuen milizianoak.

Aiako Harrietan galdu ondoren, Irunerantz joan ziren, sute ospetsua gertatu zenean. Errekete, italiar eta legionarioen tropek hartu zuten hiria, eta edozein pertsona fusilatzen zuten, sozialistak izan ala ez.

Hondarribira ihes egin behar izan zuten, barku txiki batean. Hondartzatik Hendaiara iristeko modu bakarra zen. Frantziara iristea gogorra izan zen; muga zeharkatu zuten pertsonei laguntzea zuen helburu. «Hendaia katastrofe bat zen. Mantak eta koltxoiak lurrean botata, haurrak negarrez, amak oihuka».

Katastrofe hori atzean utzi eta Kataluniako Puigcerda-ra alde egitea erabaki zuten zenbait milizianok, eta handik Bartzelonara. Bertako sindikatuen funtzionamendua eta «egitura sozial berrietatik» ikasteko aukera izan zuen bertan Hernaezek.

Egun batzuk igaro zituen Bartzelonan baina, azkenean, Aragoiko frontera joan zen Kasilda. Han, emakumeak bigarren edo hirugarren kategoriakoak ziren gizonezko milizianoen aldean. «Batzuetan sukaldeko lanetan laguntzeko baimena ematen ziguten, besteetan, borrokaldietan parte hartzekoa», esan zuen Hernaezek.

Baina emakumeak izaera bereganatzen hasi ziren, egun «emakume objektu» gisa ezagutzen dena izateari uko egin zioten. Kasildak, gainera, balio handia ematen zien emakumeek fronteetan egiten zituzten lanei, ez bakarrik fusilak hartzea zegokienean, baita sukaldeko lanei edo haurren zaintzari ere.

«Aragoiko frontean giro libertarioa zegoen. Mugimendu libertarioa edonon zegoen eta, gainera, aktiboan, fantastikoki aktibo (...). Ekintza honen helburua komunitate berri bat eraikitzea zen, aurrekoa baino justuagoa», adierazi zuen Kasilda Hernaezek.

Baina aurrerago egoera aldatu zen. Zauritu asko zeuden errepublikanoen bandoan, eta erizain falta izugarria zegoen. Eta emakumeekiko zegoen arbuioa «hain handia zen», Kasildak esanda, ezen «erizain lanetarako boluntario aurkezten ziren emakume ugari ez baitzituzten onartzen».

Zaragozara iristen saiatu ziren, baina ez zuten sartzea lortu. Hernaezek lehen aldiz sentitu zuen indarrak galtzen ari zirela, iraultza maizten hasi zela, nahiz eta sinesten zuen sentimenduek gidatzen zutela borroka libertarioa. «Niretzat –esan zuen–, Zaragozara sartzeak garaipen handi bat suposatuko zukeen, eta ezin sartu izanak gure indarrak galtzen ari ginela esan nahi zuen».

Burkideak galdu zituen, lagunak. Eta Bartzelonara itzuli zen, CNT-FAIren Casa Grandera. Tailer bat antolatzeko ardura hartu zuen, eta erakusten zuen nola josi milizianoentzako kamisetak, galtzontzilloak, eta abar. Baina «han dena gaizki zegoen». Hala ere, harreran zeuden mutilek beti esaten zioten, irribarre batekin: «Ondo dago, neska, ondo dago».

Casa Granden zegoela, leku guztietatik zetozen tiroak. Faxisten indarrak miliziano anarkistenen gainetik zeuden. Material ugari, diziplina zurruna, antolaketa militar handia eta biztanleria beldurrarazteko ahalmena, formazio parapolizialen laguntzarekin. Errepublikanoek Estatuko langile-masa guztiekiko sinpatia aktiboa erakusten zuten, greba iraultzailea zeukaten arma gisa eta sabotaje klandestinoa faxismoak okupatutako eremuetan. Baina ez zen nahikoa.

Gironara ihes egin behar izan zuen Kasilda milizianoak. La Junquerako mugatik erbesteratu zen Estatu frantsesera. «Jendarmeengandik ihes egin behar genuen. Emakumeen bila ibiltzen ziren, gizonengandik banantzeko».

Kontzentrazio esparruetan egon zen, gizonekin batera. Felix Likiniano, bere kidea, Gursetik atera zen, Alemaniako naziak Estatu frantsesera aurreratzen ari zirela jakin ondotik. «Ni ere, libre. Egin genuen lehenbiziko gauza Baionara joatea izan zen, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeko esperantzarekin», esan zuen Kasildak, baina Baionara iristerako Eusko Jaurlaritza erbesteratuta zegoen jada, Alemaniako tropak Baiona hartzeko zorian zeudelako.

Bordelera joan ziren orduan, eta Donostiako talde batek Lorientera joan behar zuela jakin zutenean, haiengana batu ziren Likiniano eta Hernaez. Han bizitzen geratu ziren, pisu batean. Baina Lorient ere bonbardatu zuten. Felixek eta Kasildak ez zuten aktiboki parte hartu erresistentzia frantsesean, baina etxean aterpe ematen zioten tropa nazien aurka borroka egin zuen orori.

Ez ziren Euskal Herrira itzuli 1943ra arte. «Zer emozio, haurtzaroan lagun izan ziren kosta eta mendiak ikustea!».

1992an hil zen Kasilda Hernaez. Horren aurretik, burua erdi-galduta zeukala, Aiako Harrietara eraman zuten bizitzera. Arditurrin, borrokan jardun zen paisaia ezagutu zuen, eta galdetu: «Non daude nitarrak?»