Jokin Urain
IRITZIA

Optimistak

Munduaren ertz edo zoko batean edo bestean norbaitek esan duenak arreta pizten digu batzuetan, eta historian zehar zenbait momentutan halakok edo holakok esan zuenak. «Porrotez porrot gogoberotasuna galdu gabe joateko ahalmena da arrakasta». Hori eta beste hainbat esaldi eta gogoeta eder utzi zituen historiarako Winston Churchillek: «Optimista naiz. Beste ezer izateak ez dirudi oso onuragarria» da bere beste esaldietako bat.

Hego Amerikan, Ekuador eta Peru arteko oihanetan bizi dira shuarrak, XVI. mendean konkistatzaile espainiarrek –euskaldunak ere baziren tartean, espainiar inperioan “indiak” egin zituen Antonio Zabala deituriko kapitain mendaroar bat-eta– jibaroak deitu zituztenak. Konkistatzaileek egundoko gerrak prestatu eta egin zituzten suharren komunitatearen aurka, baina inoiz ez zuten lortu haiek suntsitu edo asimilatzea. Konkistatzaileen erasoaren aurrean erakusten zuten grina eta ausardiak eman zien ospea, etsaiarengan izua eragiteraino.

Tribu murritza zen, ordea; tribu txikia zen shuarrena suzko armaz eta gerra egiteko tresnez hornituta erasotzen zieten konkistatzaileei aurre egiteaz gain beren lurraldearen mugak defendatzeko, eta sarraskiak egin zizkieten, behin eta berriz. Baina behin eta berriz jaikitzen ziren shuarrak, ekaitzaren aurrean lur jotzeraino makurtu eta ekaitza igarotzean atzera zutitzen den zumearen gisa.

Gurea ere herri txikia da, baina gure txikitasun hori ere ikusi nahi ez dutenek zirtzildu nahi izan dute historiako hainbat momentutan. Sentipen horrekin bizitzera behartzen gaituztela esango nuke, eta aldian aldian “nahasmen aroan” igeri egin behar izatera. Bai baitira historiak mendez mende errepikatzen dituen zirimolak, munduko edozein zoko eta bazterretan eta gure honetan, ihesbiderik gabeko patua horixe dela sinetsarazteraino ia. Baina amesten dugun huraxe izan daiteke patua, eta utopia bat izan daiteke. «Zuek, utopikoak...» zuzendu zitzaien Telesforo Monzon askatasunaren alde borrokatzen zutenei. Ez zitzaien ari garaipenez garaipen ospakizunetan zebiltzanei, porrotetik eta neketik behin eta berriz zutitu eta aurrera jarraitzen zuen jende suharrari baizik.

Izaera optimista zainetan ekarri dugu agian, Irantzu, porrot bakoitzetik jaiki beharrak erakutsi zielako gure aurrekoei ere beste ezer izatea ez zela batere onuragarri.