Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Pilotako izen handi bat

Jokin Altuna, perspektibarako txapel bat

(Gorka Rubio | FOKU)

Dagoen gauzarik erlatiboenetako bat omen da denbora. Urte eta erdi, lau lehiaketa, ez dira apenas deus pilotari baten kirol ibilbidean. Denbora tarte hori igaro zen Jokin Altunaren azken bi txapelen artean -Martijarekin irabazitako 2022ko Binakakoa eta Peio Etxeberriaren aurka irabazitako kaiolakoaren artean-, eta askori luzetxo itaundu zitzaion. Perspektiba kontua, ziurrenik, bigarrengoez inor gutxi akordatzen den garaiotan. Eta zer den perspektiba, biderik zailenetik heldutako txapel honek duela ez hainbeste ezinezkoa zirudien marka baten peskizan jarri gaitu; hau da, Aimar Olaizolak kaiolan ezarritako marka estralurtarrak, zazpi txapel janzteak, betebehar bat dirudi dagoeneko amezketarrarentzat.

Gauza da, ezohikoa horren arrunt bilakatuta, Altuna III.arekin perspektiba galdu dugula. 27 urte ditu, eta palmaresari begiratzen dioten pragmatikoenek ikusi dute kirol honen historia luzean hiru pilotarik baino ez dituztela txapel gehiago: Julian Retegik (20), Aimar Olaizolak (14) eta Juan Martinez de Irujok (13) -10 ditu gipuzkoarrak-. Txapelen diktadurari ihes eginda ere, badira txunditzeko arrazoiak, esaterako, buruz buru jokatu diren azken 12 finaletatik 2tan baino ez duela hutsik egin -2019an Irribarriak kanporatu zuen Buruz Burukoaren final laurdenetan eta Unai Lasok 2022ko finalerdian-, Lau eta Erdikoan azken zortzi finaletarako sailkatu dela -Aimar Olaizolak, esaterako, lautan bakarrik egin zuen jarraian-, edo marka hauek guztiak horren gazterik lortu izana. Edozein ertzetatik begiratuta, txapela kentzeko modukoa da.

Perspektiba kontua izango da, baina astez aste bere jokoaz gozatzeko aukera izaten dugunontzat, Altunarik gabeko azken hiru aste hauek benetan luzeak izan dira, lesio kontuetan ere beste pasta batekoa da eta amezketarra. Baina perspektibarekin, onuragarriak baino areago, beharrezkoak zirela jakinda, ontzat eman beharrekoak, gozatzen jarraitu ahal izateko.