Iraia Oiarzabal
Edukien erredakzio burua / jefa de redacción de contenidos
EZINBESTEKOA DEN ZAINTZA HORI

Zaintzaren harilkoa, plaza publikora

Azaroaren 30eko greba feministak zaintza erdigunera ekartzeko beharraz ohartarazteko balio izan zuen.
Azaroaren 30eko greba feministak zaintza erdigunera ekartzeko beharraz ohartarazteko balio izan zuen. (Gorka Rubio | FOKU)

Izan haur, izan nerabe, izan gazte, heldu edo agure. Ahularen eta indartsuaren arteko dikotomia faltsu baten izenean kontrakoa erakutsi zaigu maiz, baina guztiok behar dugu zainduak izan gure bizitzan zehar. Zaintzea egunero egiten dugun zerbait da eta gutako bakoitzak egunero dugu zaintzen gaituen norbait. Batzuetan modu agerienean, zaurgarriagoak garenean. Baina ez dago zaintzarik gabeko unerik bizitzan, ekintzarik ñimiño eta ohikoenetan dago. Zaintzaren errealitatea eta zaintza lanen inguruan luzaroan sostengatutako desorekak ikusaraztea lortu du feminismoak. Ikusezina zena guztion bistara atera du, mozorrorik gabe. Desoreka horretan injustiziaren alde balantza egiten dituenak interpelatu ditu eta aldaketak eskatu ditu, mugimendu feministaren eskutik egin beharreko aldaketak direla argi utzita. Aldarrikapen horri bozgorailua jartzeko eguna izan zen 2023ko azaroaren 30eko greba orokor feminista. Horretarako egun seinalatua, kontzientziazio inurri lan hori egunero egiten baitute milaka emakumek.

Mugarri berri bat ezarri zuen mugimendu feministak A30ean. Erakunde publikoei eskakizun zuzena egin zieten milaka lagunek, zaintzaren inguruko hausnarketara batu eta sistema publiko eta komunitario bat eraikitzeko bidea abiatzeko. Oinarri antirrazista eta antikapitalistak izango dituen sistema bat, emakume migratuen esplotazioan zein interes pribatizatzaileen gainean eraikiko ez dena. Hori da mahai gainean jarri dena. Erakunde politikoak interpelatzen dituen bezalaxe interpelatzen ditu oraindik ere zaintzaren ardura modu parekidean hartzen ez duten gizonak; patriarkatuaren pribilegioei heldurik jarraitzen dutenak. Zaintzaren harilkoa plaza publikora atera du feminismoak eta guztiok deitu gaitu hura askatu eta sare amankomun bat jostera. Pertsonala politikoa dela, hori ere erakutsi digu feminismoak. Zaintza da horren adibiderik gordinena. Gure bizitzaren kartografia osatzeko lema.