Parisko monumentuen artean, domina dantza

Iruditerian luzerako geratuko diren une eta argazkiak uzten dituzte Olinpiar Jokoek. Sasoi bat markatzen dute, lau urtetik behin izate horren berezitasunarekin. Aurten Parisen lehiatu dira, itxura zaintzen tematzen den hirian, «kolore» edo «maitasunaren» hiri adiera ongi azaleratu nahian. Hiria bera izan zen txapelketaren platoa; monumentuak izan ziren dekoratua.
Sugarra piztearekin batera polemikak ere bere tokia izan zuen; haserrealdia eragin zuen irekiera ekitaldiak izandako izaera libertarioak, kontserbadoreenak sumintzeraino. Bi aste lehenago hauteskundeak irabazi zituen ezkerra garaile atera zen, nahiz eta utopia besterik izan ez; izan ere, ideia libertarioen itxurakerien atzean, Paris eder, polit, garbi erakustearekin setatu ziren antolatzaileak eta Gobernu frantsesa. Ezer berririk ez horrelakoetan. Baita transfobia apur bat ere, Imane Khelif boxeolari aljeriarrarekin.
Gogoangarriak izan zirela ezin ukatu, ordea. Sareetan zenbaitek esan zuten bezala, Evenepoelen argazkia mitiko bilakatuko da, atzean Eiffel dorrea duela bizikleta eskuan. Hurrengo Olinpiar Jokoetan, deskuidatu, atzean Burger King bat agertzen ez ote den. Jendearen iruditerian horiexek irauten baitute: momentuek, sentsazioek, sentimenduek, irudiek, pentsaerek…

Baita dominek ere, nola ez. Ehundaka banatu ziren eta, Euskal Herriari dagokionez, lau etxeratu zituzten; bakarra bakarkako kirolean, ezustekoa eman zuen Pau Echanizen eskutik. Brontzea kolkoratu zuen donostiarrak, ur bizietako K1 eslalomean. Piraguismoa berriro ere erreferente izan zen Olinpiar Joko batzuetan, Maialen Chourrauti testigua hartuta. Akaso, lasartearraren azken hitzordu olinpikoa izan da Pariskoa eta horregatik ere gogoangarria izan zen euskal zaleentzat.
Gainerakoan, zilarrezko domina eskuratu zuen Gracia Alonsok 3x3 saskibaloian eta urreak Jon Pacheco, Beñat Turrientes eta Aimar Orozek futbolean, baita brontzea Kauldi Odriozola, Imanol Garciandia eta Sergey Hernandezek eskubaloian ere.
Irabazi eta galtzearen arteko langa finak zoriontasuna eta frustrazioa ekarri zituen. Baten poza, bestearen tristura; Olinpiar Jokoak une handiak izanagatik ere, momentuan bertan uzten dutelako aho-zapore mikatza. Asier Martinez, Tessy Ebossele, Miren Lazkano, Ariane Toro, Oier Ibarretxe… gaztetasunaren anbizioak ez zuen saririk izan. Etorkizun oparoa dute, baina kolpea ez die inork kentzen. Ezta kirolari olinpikoaren titulu miresgarria ere.

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea

Fat phantom, síndrome de «grasa fantasma»

