Presio estetikoa
Metroan noala, pareko bi neska berbetan entzun ditut. Oso gazteak dira. «Azido hialuronikoa jarri nahi dut ezpainetan». «Nik ere bai, baina ez dut dirurik». «Martari nahiko merke atera zitzaion Grouponeko bonu batekin». «Bai? Begiratuko dut. Sudurreko ebakuntzetarako ez dago bonurik, ezta? Hori ere egin nahi nuke, baina dirutza da». «Ez dut uste. Nik, aldiz, bularrak handitu nahi ditut, baina gurasoek ez didate ordainduko». Elkarrizketa eteteko zorian nengoenean, nire geltokira iritsi naiz. Metrotik irten orduko damutu naiz, ordea. Esan egin behar nien ez dutela ebakuntza estetikorik behar eta ondo daudela dauden moduan.
Azkenaldian aurpegi gero eta antzekoagoak ikusten dira sare sozialetan. Ezpain handiak, sudur txikiak, masailalbo markatuak. Eta biralizazio horren ondorioz, gero eta lehenago hasten da presio estetikoa. Mugikorrekin dabiltzan nerabeek aurpegiak desitxuratzen dizkieten filtroak erabiltzen dituzte. Zimurrik gabeko haurrak behar ez dituzten aurpegiko kremak erabiltzen ari dira. Eta ebakuntza estetikoak egiten dituztenen artean, bostetik batek 16 eta 25 urte bitartean dituzte.
Ulertzen dut ebakuntza estetikoak egitea, konplexu bati aurre egiteko baldin bada edota osasuna hobetzeko bada. Gizarteak inposatu digun kanon estetiko bat betetzeko baldin bada, ordea, ez. Beldurra ematen dit zabaltzen ari den moda honek, jendeak edonon eta edozein preziotan egiten dituelako ebakuntzak. Horren erakusle, duela gutxi legez kanpoko klinika bat atzeman dute Bilbon eta jabea atxilotu dute kontrol barik botox ziztadak egitearren. Donostian ere bi emakume atxilotu dituzte, medikuak izan gabe, tratamendu estetikoak egitearren. Aipagarria da, gainera, horretarako pisu turistiko bat erabiltzen zutela. Eta seguru, antzeko beste hainbat daudela martxan.
Diktadura estetikoarena ez da berria. Harrigarria egiten zaidana da, informazio gero eta gehiago izan arren, diktadura horren zuloan erortzen jarraitzen dugula. Eta, tamalez, batzuk prest daude euren bizitza arriskuan jartzeko irudi jakin hori betetzeko asmoz. Aniztasunaz hitz egiten digute gero! Baina aniztasunaren gizartean, aniztasun estetiko gutxi.