Jokin Urain
IRITZIA

Zerrendak

Historiari begiratzen diogu, atzeraka, inoiz begi zeharka, ikaste aldera batzuetan, gogoeta egiteko besteetan. Zer ginateke gaur, beste batzuek han, iragan urrunean, antzina batean, gizakion garapenaren historia hasten ari zirela jakitun izan ez arren barne bulkada eta aurrera-nahi bati jarraitu izan ez baliote! Baina jarraitu egin zioten, bizi nahiaren eta beharraren uztarrian, eta sasi-filosofatzen aritzeko ere ematen digu gaur gaiak, edo hipotesi serioetan murgiltzeko.

Garapenaren bide horretan, aurreikuspenak eta egun batetik besterako plangintzak egingo zituzten Ekaingo kobako harkaitzetan abereak margotzen zituztenek, duela dozena bat mila urte inguru. Eta margoketan aritzen zirenekin bizi zirenek ez gutxiago; elikagaiak non bilatu, non hurrak, ezkurra edo bestelakoak, nola abiatu hormetan margotutako ahuntz edo behorren bila (Behor: gaur denak dira zaldiak, baina espezie hau ez da zaldietatik soilik ugaltzen; behorra da espezie honetan umeaz erditzen dena, eta apustu egingo nuke Ekaingo kobako margoetan agertzen diren guztiak behorrak direla, eta zaldirik ez dagoela han bat bera ere. Autoreei galdetzeko aukerarik ez dugunez, jakitunena bezain aditu sentitzen naiz gaur iritzi hau emateko).

Planak eta egitasmoak ugari izango zituzten, burutuak baino gehiago bertan behera utziak edo atzeratuak, eta iruditzen zait horretan jarraituz iritsi garela ordutik gaur arte, plan eta egitasmoen zerrenda osatuz, betetako egitasmoen zerrenda baino dezente luzeagoa bilakatuz bete gabe edo geroko gerotan atzeratuta galdutakoena. Udaberria aurrera, zuhaiztiak hostoz janzten ikusteak ekarri dit gogora ametsen zerrendarena. Nerabe nintzela landatu gabe utzi nuen pagoaren gerizan ezin dut egin bazkalondoan kuluxkarik, baina aurreikuspen eta plan berrien zerrendari begira atsegin zait pentsatzea iaz landatu genituen pagadi eta hariztian gozatuko direla egunen batean gure bilobak.

Gure aitona-amonen eta aurreko egileen egitasmo eta ametsen batzuk jaso genituen oinordetzan, eta haietako batzuk bete ditugu, beste batzuk atzera utzi, eta geure berriak gehitu, eta bidea egin ahala nolabait taxutu dugun zerrenda propioa pasako diegu ondorengoei. Horixe izan liteke historiaren eta giza izaeraren gurpilari bultzaka jarraitzea, eta gehiago izan beharrik ez du agian.