Ione Rodriguez - Salto Training
KIROLA

Desentrenamendua: sasoia galtzen

(Getty)

Desentrenamendua edo detraining entrenamendua gutxitu edo uztearen ondorioz gertatzen den egokitzapen fisiologikoen eta errendimendu fisikoaren galera da. Kirolariek eta pertsona aktiboek horren eragina nabaritzen dute, lesio baten, denbora faltaren edo atseden luzearen erruz.

Ondorioz, zer gertatzen da gorputzean? Desentrenamenduak gorputzeko hainbat sistema kaltetzen ditu. Sistema kardiobaskularrean, bihotz-bulkada eta minutuko odol-emaria gutxitzen dira, eta horrek gaitasun aerobikoa murrizten du. VO2 max-a, errendimendu aerobikoaren adierazlea, %4 eta %20 artean jaits daiteke ariketarik gabeko aste gutxitan.

Muskulu mailan, masa eta indarra murrizten dira muskulu-zuntzak atrofiatzearen ondorioz. Gainera, energia sortzeko ahalmena ere jaisten da, erresistentzia- eta indar-ariketetan eragin negatiboa izanik. Gorputz-konposizioan ere aldaketak gerta daitezke, koipe ehunaren gehikuntza eta masa ihar edo magroa galtzea barne.

Desentrenamenduaren abiadura zehazten duten faktoreak. Aurretik izan den entrenamendu-maila, adina eta aktibitate ezaren iraupena. Trebatutako kirolariek aste gutxian jaitsiera nabarmena izan dezakete; hasiberriek, aldiz, onurak luzaroago mantendu ditzakete.

Ondorioak gutxitzeko moduak. Gomendagarria da gutxienez ariketa fisiko maila minimo bat mantentzea. Ariketa mota desberdinek, hala nola igeriketak edo txirrindularitzak, forma fisikoa mantentzen lagun dezakete. Halaber, dieta orekatua eta atseden egokia funtsezkoak dira osasun orokorra mantentzeko.

Indar-entrenamendu arin edo moderatuak, pisu libreekin lan egiteak, elastikoekin entrenatzeak edo gorputz-pisua erabiltzeak muskulu-masa eta indarra mantentzen lagun dezake. Entrenamendu-saioen maiztasuna erregulatzea eta intentsitate egokia mantentzea funtsezkoa da. Proteina kopuru egokia duen dieta orekatua eta atseden nahikoa ere ezinbestekoak dira indar-galerari aurre egiteko eta gorputzaren berreskurapena optimizatzeko.