Erlijioaz
Ama, zer egiten du Aita Santuak?” “Zergatik doaz gizon horiek horrela jantzita?” “Zergatik gu ez gara joaten elizara?” Frantzisko aita santuaren heriotzak galdera asko ekarri ditu gure etxera, zeharo ezberdina baita nik eta nire senarrak jaso genuen hezkuntza eta gure semeari eman dioguna. Gu biok bataiatuta gaude eta jaunartzea egin dugu. Senarrak moja eskolan ikasi zuen eta nik, irakurri ez ezik, abestu ere egiten nuen mezatan. Eta ez da hainbeste denbora igaro.
Gure semea bataiatu gabe dago eta turismoa egiten ibili denean bakarrik sartu da elizetan. Nire kuadrillan, bat kenduta, besteok ez ditugu umeak bataiatu. Eta Elizarekiko deskonexio hori gero eta agerikoagoa da gizartean. Urtero 300.000 fededun gutxiago eta 1.000 abade gutxiago zenbatzen dira espainiar Estatuan. Horren aurrean gogoeta egin behar luke Vatikanoak. Alferrikako ponpak albo batera utzita, benetako konklabe bat egin behar luke Elizaren norabidea zehazteko. Emakumeak baztertzen dituen eliza batek ez dauka etorkizunik. Homosexualak onartzen ez dituen eliza batek ere ez. Emakumeen ordenazioari eta zelibatuari buelta bat eman beharko liokete. Izan ere, garaiak aldatu egin dira, baina Elizak antzinako jarreretan iltzatuta jarraitzen du. Eta ez da erlijio bakarra.
Fundamentalismoak ez du tokirik etengabe aldatzen ari den gizartean. Eta honi buruz ari naizela, gauza bat etorri zait gogora. Behin, New Yorkeko metroan egoera desatsegin bat gertatu zitzaidan. Eskailerak jaisten ari nintzela, ondoko gizonak estropezu egin zuen. Besotik heldu nion jausi ez zedin eta oihuka hasi zitzaidan. Gizona musulmana zen eta nahiago izan zuen eskaileretatik erori, emakume batek ukitzea baino.
Jainkoan sinisten dutenak erabat errespetatzen ditut. Fededun asko dauzkat familian. Baina uste dut gizartea, hezkuntza, komunikazioa, medikuntza eta beste hainbat alor aldatu diren moduan, erlijioa ere mundu berri honetara egokitu beharko litzatekeela. Orain arteko Aita Santu erreformistena izan da Frantzisko, baina erreformetan labur geratu zen. Eta, tamalez, aita santu berriarekin ere ez dugu ikusiko gurako genukeen moduko aldaketarik!