Kapritxosoak
Euskaldunak kapritxosoak omen gara. Euskaraz bizi nahi izatea kapritxo hutsa omen. Erdal hiztunen eskubideak zapaltzen omen ditugu euskaraz bizitzen tematzen garen bakoitzean. “Erdaraz baldin badakizu, zergatik hainbeste tontakeria? Egin erdaraz eta kito”. Edukazio eskasekoa omen da euskaraz bizitzen saiatzea.
Euskararen aldeko bidean pauso garrantzitsuak eman dira. Baina oraindik ezin dugu erantzi hizkuntza zapalduaren jantzia. Eta azken hilabeteotan eman diren sententziek horixe gogorarazi digute, ahaztua ez bagenuen ere: hizkuntza txikia ez ezik, hizkuntza zapaldua da euskara. Eta euskaraz bizi nahi duten herritarrak, berdin zapalduak.
Beti dira mingarriak epai horiek. Oraintsu berretsi du sententzia bat EAEko Auzitegi Nagusiak. Horren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiko zaintzaileek lanerako ez dute ezinbestekoa euskara. «Egoera zaurgarrian dauden herritarrak euskaraz eta duintasunez artatzeko ezinbestekoa den euskararen ezagutza eskatzea ‘diskriminatzailea’ dela jaso du epaiak», salatu dute euskalgintzatik. Alegia, adinekoen egoitzetan lan egiteko ez da ezinbestekoa euskaraz jakitea eta, gainera, hori eskatzea diskriminatzailea da.
Eta zer garen kapritxosoak euskaldunak, zahartu ere euskaraz zahartzen garela. Burua euskaraz lanbrotzen zaigu eta belauneko mina ere euskaraz etortzen zaigu. Bakardadeak euskaraz ematen digu mina eta euskaraz jotzen digu flakiak. Irudikatzen dut adinekoen egoitza batean emakume bat kezkatuta, buruan hutsuneak sortzen ari zaizkiola konturatzen ari delako. Eta zaintzailea, erdaraz. Gozo eta samur zainduko du akaso, baina ez euskaraz. Eta larria euskaraz izaten du euskaldunak, berdin haurrak edo helduak.
Medikuarenera joaten garenean ere euskaraz gara. Osasunak huts egiten digunean, euskaraz ahoratzen zaizkigu kezkak eta zalantzak. Administraziora ere joaten gara izapideak egitera. Hor ere buruko minak, batera eta bestera bueltak, ulertu ezinak... bere hizkuntzan sortu euskaldunari. Badirudi erdal hiztunenak herritarren eskubideak direla beti, eta euskaldunenak, kapritxoak.
Amestu ere euskaraz egiten dugu. Ez da kapritxoa euskaraz bizitzea, gu euskaraz gara. Beste hizkuntza batzuetan ere badakigu izaten, baina berez euskaraz gara. Ruper Ordorikak abesten duenez, «inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea». Munduko hiritar bagara, baina ezin dugu hautatu euskaraz ez izatea. Eta ez da kapritxoa, eskubidea eta beharra baizik.
No mirar arriba

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

